538 Zenbakia 2010-06-25 / 2010-07-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: EI Gazte! Saria, beste behin

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Dagoeneko Eusko Ikaskuntzako Gazteria sailak ipini ditu sarean 2010erako deitu duen sariketaren oinarriak. Hirugarren edizioa izango den honetan, erakundearen beste ekimen batetan oinarrituko da lehiaketa, hain zuzen ere Euskararen Nazioarteko Egunean.

Hala, EI Gazte!k, bai Euskal Herriko zein Diasporako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei dei egiten die lehiaketan parte hartu dezaten. Eta saritua suertatuz gero? Gazteria Sailak jakinarazi du, “irabazleak, errekonozimendu publikoaz gain, aurkezten duen ekimena aurrera ateratzeko aukera izango du elkartearen baitan, horretarako behar duen laguntza jasoko duelarik”. ENE, 1949tik

Eusko Ikaskuntzak 1949ko abenduaren 3an ospatu zuen Euskararen Nazioarteko Egunaren lehenengo edizioa. Orduko kideek buruan bueltaka zeukaten euskarari aparteko bultzada ematea funtsezkoa zela eta 1948an Euskararen Nazioarteko Egunaren aldarrikapena egin ostean hurrengo urtean hasi ziren ofizialki eguna ospatzen.

EI Gazte! sariak Internet erabilita, gaur egun munduko euskaldunentzako aldarri eguna bilakatu den Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, berritzailea eta originala izango den ideia bilatzen du. Horixe izango da lehiaketaren edizio berri honetako parte hartzaileek burutu beharrekoa.

Orain arte ekimen ezberdinak eraman dira aurrera ENE dela eta; adierazpen testu bat sortu zuen Eusko Ikaskuntzak 2005ean eta atxikimenduak jaso zituzten etxetik zein nazioartetik; Benito Lertxundik kanta bat konposatu zuen 2006ko ediziorako; 2007an, Uxue Alberdi, Sustrai Kolina, Joxe Juan Zubieta, Oihane Perea eta Xabier Payak bertso batzuk sortu zituzten hizkuntza aitzakia moduan hartuz; 2008an komiki partizipatibo bat sortu eta testu alternatibo bat bilatzea izan zen xedea; 2009an webgune bat sortu eta euskararen aldeko mezu bat uzteko aukera eman zitzaien munduko biztanleei, eta jasotako 1721 mezuen artetik 200 pertsonei kamiseta bana eman zitzaien.

Parte hartzeko asmoa edukiz gero, 2010eko irailaren 10era arte daukazu epea zure ideia helarazteko. Ondoren, azaroaren 30ra arte egikaritzeko unea iritsiko da. Ez galdu aukera!

‹‹Sartu hemen sariketaren oinarriak ikusteko››