Euskonews Gaztea
Gaiak: Jose Marcos Sagasti
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Irakasleak gutxitan hartzen ditugu lerro hauetan protagonista moduan, eta oraingo honetan, Jose Marcos Sagastiren gainean arituko gara, jaiotzez aguraindarra ez izan arren, herriko pertsonaia ospetsua izan zena.
Sortzez, Uribarri Haranekoa zen Jose Marcos Sagasti Perez de Mendiola; bertan jaio zen 1839ko urriaren 7an. Sei anai–arrebetatik zaharrena, txikitatik jakin–mina eta ikasketetarako zaletasuna erakutsi zuen. Eskolara joateko aukera eduki zuen Uribarrin bertan, baina gurasoen egoera ekonomikoa zela eta maiz huts egin behar izaten zuen soroan laguntzeko. Halere, osaba Jose Perez de Mendiola apaizak, mutiko hark ikasteko zeukan gogoa ikusi zuen; gramatika latindarra ikasteak lagunduko ziolakoan iritzi eta eskolak ematen hasi zitzaion iloba gazteari.
Irakasle plaza bat hutsik geratu zen herriko eskolan eta nork, eta Jose Marcos gazteak eskuratu zuen lanpostua –hamalau urte besterik eduki ez arren– eta sei hilabetez aritu zen egiteko horretan. Ondoren, Atauriko eskolara joan eta bi urtez egon zen bertan, gramatika ikasten zuen bitartean gaztetxoenei irakasten; 1855ean berriz, Erroetan eman zuen denboraldi bat.
Egun batean, Bilboko ikastetxe batetan irakasle–laguntzaile gisa aritzeko lanpostu baten berri eduki zuen, aurkeztu eta hautatu egin zuten; 1858ko maiatzaren 1ean hasita, 1860ko abuztuaren 31ra arte kargu horretan aritu zen. Baina Sagastik ikasten jarraitu nahi zuen, ez zuen nahikoa horrekin, eta nahiz eta Bilboko ikastetxeko zuzendariak ordura arteko baldintzak hobetuko zizkiola esan, ezetza eman eta Gasteizera joan zen Goi Mailako Irakasle Eskola Normalera. Eta ez zen oker ibili bide hori hautatzerako orduan, ezen bertan egin zituen urteak oparoak izan baitziren oso arabarrarentzako; hiru kurtsoetan zehar ia ikasgai guztietan atera zuen Bikain nota.
Lanerako gogoz, oposaketak prestatu zituen, Agurain, Laudio zein Eltziegoko ikastetxeetarako. Agurainekoan bigarren geratu zen arren, bere aurretik zegoenak uko egin zion lanari, eta Jose Marcos hasi zen eskolak ematen. Bertara iristerakoan, ez zuen panorama ederra aurkitu; eraikina egoera prekarioan zegoen, eta oso ikasle gutxi joaten ziren eskolara. Gustuko zuen bere lana, eta gizon nekaezina izanik, ikasteko gogoa kutsatu zien haurrei, eta ahoz aho zabaldu zen auzokideen artean irakasle berriaren balio handia. Ondorioz, azkar ugaritu ziren matrikulak Aguraingo ikastetxean eta hasierako instalazioak egokitzen eta handitzen joan ziren guztien beharrei erantzuteko.
Bere bizitzako berrogeita bi urte eta hiru hilabete eskaini zizkion Sagastik pedagogiari eta urte guzti horietan bi mila ikasletik gora eduki zituen, Agurainekoak bertakoak, baina baita Araba, Gipuzkoa, Nafarroa zein Bizkaiko beste udalerrietakoak, eta Logro?o eta Burgos aldekoak ere. Azkenean, 1906ko martxoaren 31an hartu zuen erretiroa.
Hezkuntza Batzordeak 1864an Zilarrezko Domina eman zion irakaskuntzaren alde eginiko lan eskergagatik. Jose Marcos Sagasti 1916an hil zen eta Agurainen utzi zuen arrastoa ez zen nolanahikoa izan, eta horren erakusgarri da bere ikasle ohien ekimenez altxatutako eskultura. Bere gertutasunak, jendearekin zuen harreman onak eta batez ere buruturiko lana gogorrak, belaunaldi ezberdinak alfabetatzea ekarri zuen.