Euskonews Gaztea
Gaiak: Datorkigunearen lehen urratsak
Dagoeneko 2010eko irailean abian jarriko den Datorkigunea osatzen duten 40 gazteak aukeratuak izan dira. Partaide hauen artean ingeniariak, irakasleak, soziologiak, kazetariak nahiz beste hainbat arlotako pertsonak daude; neskak eta mutilak, 18 eta 30 urte bitartekoak eta lanean ari direnak, langabezian nahiz ikasketak burutzen ari direnak izango dira Datorkigunean. Bere sorreran, Datorkigunea definitzen zuen baloreetako bat diziplina aniztasuna eta lanbide anitzeko pertsonek osatua egongo zela izan zen eta hori betetzea lortu dugu. Bestalde, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ordezkariak bilduko dira eta bilera fisikoak hilean behin egingo dira, mugikorrak, bakoitza lurralde batean ospatuko delarik.
Datorkigunearen helburu nagusia zazpi herrialdeetako eta hainbat diziplinatako gazteak elkartzea da, gaurko gizartean dauden erronka sozialei buruzko eztabaida sortzearren eta tratatuko diren arazoei erantzuna ematera zuzenduriko jarduera ildo posibleak zehaztearren. Era berean, topaketa espazio hutsa (Oteiza) sortu nahi dugu, HALABEHARREZ ziurgabetasunez beteriko etorkizunari aurre egin beharko dutenekin, ETORKIZUN HORI PRESTATZEN joateko xedearekin.
Datorkiguneak 2010–2011 ikasturtean bi gai landuko ditu; lehenengoa “Berrikuntzaren aplikazioa parte hartzean” izenburupean jasotzen da, irailean hasi eta 2011 urteko urtarrilean amaituko dena. Hausnarketa bost hileren ostean, gai honen inguruan jarduera ildo posibleak zehazten saiatuko gara eta azkenik gizarteratzen. Bigarren gaia aldiz, 2011 urteko urtarriletik ekainera landuko dena, euskal gazteriaren arazo nagusien aurrean gazteek zer egin dezaketen izango da. Arazo nagusiez mintzatzen garenean, etxebizitza, langabezia, lan prekarietatea eta gazteek nagusi bezala definitzen dituzten gaiez ari gara.
Bestalde, proiektu honen alderik berritzaileenetako bat gazte aniztasuna da, hau da, perfil desberdinetako gazte ugari bilduko dira eta hauxe da hain zuzen ere, eurek baloratzen duten alderdi positiboenetako bat. Bestalde, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteak biltzen dituen proiektuak gutxi dira eta hauxe ere kontutan hartzekoa da. Azkenik, eta parte hartzaileak gehien animatzen dituena, euren ahotsa entzuteko plataforma bat izango dela da, hau da, eurek zuzenean pentsatzen dutena esateko aukera izango dutela. Sarritan, gazteriaren izenean beste batzuk hartzen duten hitzak ez du gazteriaren ahotsa ordezkatzen eta oraingoan, zuzenean euren ahotsa entzun ahal izango dela espero dute. Saiatuko gara behinik behin.