533 Zenbakia 2010-05-21 / 2010-05-28

Euskonews Gaztea

Gaiak: Txomin Peillen Karrikaburu

SILLERO ALFARO, Maider



Txomin Peillen 1932. urteko azaroaren 17an jaio zen Parisen. Gurasoak euskaldunak zituen, Joanes Peillen Ligi eta Maddalen Carricaburu, baina bizitzaren gora beherak direla eta Frantzian ezagutu ziren.

Gazte garaiko aldizkarien irakurketek eragin handia izan zuten Txomingan. Aita alderdi komunistean zegoenez l’Humanitéko kultura orrialdeak gogoko zituen, baina politika gaietan nahiago zuen klandestinoki hasi, Albert Camus–ek garai batean zuzendutako Combat egunkaria irakurriz. Txomin Peillen berak esaten du euskaldun mundua deskubritzeaz gain ez zaiola ezer garrantzitsurik gertatu, Marie–Thérèse Olivierekin 1964.urtean ezkontzea baizik. Argazkia: Andrés Espinoza.

Algerian, Infirmier Major bezala eta Gurutze Gorriaren izenean, Dohanikako Sendakuntza Laguntza ematen ibili zen. Bertan ikasi zuen medikuntzaz zerbait, arabear dialektoaz beste zerbait eta bakezaletasuna. Gandhizale eta indarkeriaren etsai aitortzen da.

1982.urtean Euskal Herrira etortzen da eta Santa Grazin zeukan etxetik egiten ditu bere etnografia lan handienak, batik bat, Santa Graziko eta Ligiko berriemailekin.

Ikasketei dagokienez Parisen biologia lizentziatura egin zuen, geologia apur batekin eta horrela gai horietan 22 urte joan zitzaizkion kolegio eta lizeotan eskolak ematen. CNRS (Centre National de la Recherche Scientifique) delakoak antolatutako Laboratoire des Langues et des civilisations orales taldean kidetu zen 1961. eta 1962. urteetan.

Parisen Iberiar eta Iberoamerikar gaztelaniazko lizentziatura egin zuen, baita hezkuntza jakintzen lizentziatura ere. Horiekin guztiekin, alde batetik literaturan eta hizkuntza irakaskuntzan sartu zen eta Parisen 12 urteez Lavoisier lizeoan euskara irakaslea izan zen. Euskal Ikasketen doktoratua Haritschelharrekin Bordelen egin eta Paueko Unibertsitatean 15 urteez euskal irakasle izan zen. Orain irakasle emeritua da. Bitartean euskaraz eta frantsesez idatzi ditu fitologiazko eta linguistikazko lanak, gehienak zubereari buruz.

Euskal literaturan sartu zuena eta aurrera egitera bultzatu zuena Andima Ibinagabeitia izan zen. Andimak eta Jon Miranderekin batera Gernika, Egan eta Euzko Gogoa, aldizkarietan artikulu eta olerkiak argitaratzeko zituzten.

Domingo Aguirre saria behin baino gehiagotan eskuratu du. Aipatzekoak dira: Gauaz ibiltzen dena, Itzal gorria, Gatu beltza, Altxorra eta alkimia, Buffalo Billen abentura, Errotaria errege, Mirko printzea, Allande Elizagarai ligiarraren ixtoriak. Haurrentzat ipuin bildumak eta helduentzat sasi–erotikazko ipuinak, fantsasiazkoak, humorezkoak, detektibe girokoak idatzi zituen.

Ikerketa sailean 24 liburu argitaratu ditu eta 192 ikerketa artikuluak eman ditu aldizkari ugarietan. Ikerketa gehienak euskaraz idazti arren, badaki beste hizkuntzetan idazteak eta mintzatzeak merezi duela. Frantsesez hiru liburu argitaratu ditu. “Bosquejos Vasco Uruguayos” erdaraz eman zuen eta ingelesez artikulu bat eta kantu bat idatzi zituen. Hots, saiatzen da egin dituen ikasketa gehienez baliatzera.

· Iturria: Txomin Peillen Karrikaburuk berak idatzitako biografia.

‹‹Irakurri Txomin Peillenen elkarrizketa Euskonewsen››