Euskonews Gaztea
Gaiak: Astialdia formalizatuz: borobila karratu bihurtu
Euskadiko Gazteria Kontseiluko Hezkuntza Teknikaria
Orain arteko astialdiko begirale eta zuzendari tituluak aldatu nahi dituzte, eta Lanbide Heziketa edo INEMeko Profesionaltasun Ziurtagiri bihurtu. Edo, beste modu batera esanda, hezkuntza ez–formala hezkuntza formaleko moldeetara egokitu nahi dute. Hori, borobila karratu bihurtu nahi izatea da.
Hezkuntza modalitateak zehaztean, hiru esparru bereizten dira: hezkuntza formala, ez–formala eta informala, baina termino horiek, orokorrean, ez dira zehatzak hezkuntza komunitate osoari dagokionez. Hezkuntza informala bizitza osoan irauten duen prozesua da, eta, horretan, pertsonek ezagutza, gaitasun eta jarrerak ikasten dituzte, eguneroko esperientzietatik eta ingurunearekiko harremanetik. Hezkuntza formala (eskola) eta ez–formala (astialdi hezitzailea) informalaz bestelakoak dira; ez asmoagatik, baizik eta hezkuntza prozesu antolatu, koordinatu eta sistematizatuak direlako, eta hori ez da hezkuntza informalarekin gertatzen.
Ez. Gaia ez da batere entzutetsua; baina berebiziko garrantzia du. Astialdiko kualifikazio berriak: hori da oraingoan Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik dakarkizuegun gaia. Dakizuenez, kualifikazio bat honakoa da: edozein arlo profesionalean lan egiteko eskatzen dizkiguten gaitasunen multzoa. Ezaguera eta kapazitate horiek trebatzen gaituzte bai arotza, mekaniko edota erizaina izateko. Astialdian, begirale edo zuzendari izateko gauza bera gertatzen da: hezitzaileak gaitasun eta jakintza batzuk izan behar ditu bere lana ondo egiteko. Baina, nola ikasi behar ditu ezaguera eta gaitasun horiek? Hor dago gakoa. Astialdi Foroko* kideok astialdi hezitzailean sinisten dugu: alegia, hezkuntza ez formalean oinarrituta, balioetan eta gizarte–gaitasunak lantzen dituen heziketan. Astialdiko begiraleak eta zuzendariak udalekuetan eta urtean zehar auzoetako astialdi taldeen hezitzaileak dira. Hauek haien titulazioak lortzeko, Astialdi Eskoletara jotzen dute, haiek baitira, gaur egun arte, homologatutako hezkuntza–zentroak. Eskolak 30 urte baino gehiago daramatzaten zentro espezializatuak dira, eta balioetan oinarritutako hezkuntza eskaintzen die herritarrei. Gure ustez, ezinbestekoa da hezkuntza formalaz gain, balioetan eta gizarte–gaitasunetan oinarritutako beste hezkuntza–mota bat ere egotea, pertsonaren garapen osoari begira.
Bestetik, Astialdi Eskolek izaera ez formalean oinarritutako hezkuntza–proiektuaren alde egin dute apustua; hau da, esperientzian, jolasean eta banakako arretan oinarritutako metodologia aktibo batean. Ezin daiteke beste modu batera ulertu. Ez dugu eremu formalean gure heziketa proiektua ikusten, ez baitauka zentzurik metodologia aktibo batean oinarritzen den hezkuntza ikasgeletako eredu estu eta zorrotzean itxiaraztea. Hemen hasten da arazoa.
Estatu mailan Astialdiko kualifikazio profesionalak aprobatu nahi dituzte. Ideia, printzipioz ona da. Izan ere, eduki eta baldintzak (ordu–kopuruak, gaiak...) estatu–mailan bateratzeko, kalitatea homogeneizatzeko eta zenbait tramite burokratiko errazteko. Arazoa da hori lortzeko astialdiko begirale eta zuzendari titulazioak kualifikazio profesionaletan bihurtu nahi dituztela, eta hori akats izugarri larria da.
Gaur egun kualifikazio profesionalak eskuratu ahal dira INEM–en edota Lanbide Heziketako graduen bidez. Zer gertatuko litzateke astialdi kualifikazioak bide horietatik bakarrik eskuratu ahalko balira?
Eskolek haien idiosinkrasia galduko lukete. Ezinezkoa bihurtuko litzateke gure proiektua hezkuntza formalaren baitan bateratzea. Ez luke inolako zentzurik edukiko, ez ideologikoki, ezta metodologikoki ere. Gure Eskolak eta astialdi–taldeak bezalako Hezkuntza Ez Formaleko eremuetan, haur eta gazteen askatasuna erabat bermatuta dago, diren bezalakoak izanda jarduten uzten diegulako; bizipen horretatik abiatuta lortzen dugu ikaskuntza. Hezkuntza Formalean, bestalde, aurreko hori, gaur egun, pentsaezina da.
Bestetik, eskola asko kanpoan geratuko lirateke, bai INEMetik (enplegu saila), bai Lanbide Heziketatik (hezkuntza saila) eskatzen diren neurri eta baldintza zorrotzak gailendu ezinik: irakasleen titulazioak, espazioak...
Zentzu horretan, gure proposamena izango litzateke, gaur egun bezala titulazio hauek Gazteria sailak ematea eta Eusko Jaurlaritzaren homologazioa duten Aisialdiko Eskolak automatikoki aintzat hartzea, inolako tramiterik gabe. Hauek izan baitira orain dela 30 urtetik hona zeregin hauetan primeran aritu direnak. Haiek dira gai honetan adituak! Astialdia, elkartegintzaren harrobi
Ezin dezakegu hurrengoa ahaztu: astialdi taldeak eta eskolak boluntariotzaren harrobiak dira. Alde batetik, barneratzen dituzten balioen artean gizartearen eraldaketa nagusitzen da. Ondorioz, norberaren inguru hurbilean ekintzetara pasatzea eta gizarte mugimendu zein elkarteetan parte hartzera bultzatzen ditu gazteak. Bestetik, begiraleek eta zuzendariek haien taldeetan boluntario aritzeko ateratzen dituzte titulazioak. Titulazio hauek Lanbide Heziketako zikloak edo INEM–ek ematen dituen tituluak bilakatzen badira, boluntariotzaren balioa galduko lukete. Gainera ezin dugu boluntario izan nahi duen gazte bat 2000 orduko (2 urte) lanbide heziketako prestakuntza–zikloa egitera behartu. Zoratzeko modukoa da! * Astialdi Foroa Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko hezkuntza ez formalaren lantaldea da. Plataforma 14 astialdi eskola eta 10 federazioez osatuta dago eta honen helburu nagusia astialdi hezitzailea sustatzea eta indartzea da.