527 Zenbakia 2010-04-09 / 2010-04-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Micaela Portilla

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Jakin–mina izatea eta ezagutza transmititzeko gaitasuna edukitzea pedagogo on baten oinarrizko ezaugarriak dira, eta Micaela ezagutu zutenek bertute horiexek bazituela diote duda–mudatan ibili barik.

Gasteizen jaio zen Micaela Josefa Portilla Vitoria 1922ko uztailean eta bertan hil zen 2005eko urriaren 8an. Kuriositate handiko emakumea zen, eta gaztetan ikasten hasi zenetik beti aritu zen zer edo zer ikertzen. Jesus Haurra ikastetxea izan zuen aurreneko eskola eta handik Bigarren Mailako Irakaskuntza Institutura abiatu zen; bertan hasi zitzaion sortzen geografia zein historiarako zaletasuna. Argazkia: Eusko Ikaskuntzaren Argazki Artxiboa.

Goi Mailako ikasketak egiteko unea iritsi zitzaion arabarrari eta Irakasle ikasketak burutu zituen; lanbide horretan jardun zuen 43 urtez. Arabako zenbait lekutan aritu zen neska–mutilak hezten, hala nola, Gasteizen bertan, Untzilan (Aramaio), Zallan edota Agurainen. Baina horrez gain, 1956az geroztik katedradun moduan egin zuen lan Cadiz, Madril eta Gasteizeko Irakasle Eskoletan; azken horretan gainera, zuzendari kargua bete zuen 1958 eta 1964 urteen artean.

Baina Micaelak bere beste zaletasunari ere eman zion irtenbidea, eta hala, Historiako Doktoregoa egin zuen Madrileko Complutense Unibertsitatean; 1954an aurkeztu zuen tesiak Torres de Mendozas, Guevaras y Ayalas en Álava zuen izena. Eta harrez geroztik, ikerketa lan ugari publikatu zituen. Besteak beste: El retablo de San Blas de Hueto Abajo (Álava) (1958), El Relicario de la Virgen del Cabello en el Monasterio de Quejana (1961), Álava (1968), Torres y casas fuertes de Álava (1978), Vitoria Gótica (1986), Barria. Ayer y hoy de un monasterio (1987), Una ruta europea. Por Álava a Compostela. Del paso a San Adrián al Ebro (1991), eta bederatzi liburukiz osatutako Catálogo Monumental. Diócesis de Vitoria (1967–2007).

Eta ez zen soilik ikerketak egin eta irakaskuntza formalera dedikatu Micaela, makina bat hitzaldi ere eskaini baitzituen bere bizitzan zehar. Gainera publiko mota guztiei helarazi nahi izaten zien bere ezagutza, heldu zein zahar, materian aditu edota aurrenekoz horrelako jardunaldi batetara joaten zirenentzat; oro har, pertsona guztiek zuten tokia Portillaren mintzaldietan.

Horrez gain baina, beste zenbait lan ere publikatu zituen prentsa kolaboratzaile modua gasteiztarrak; halere, kasu horietan Micaela Portillaren ordez, Leocadia Zabalate ezizenarekin sinatzen zituen bere lanak.

Micaelak etengabeko jarduna egin zuen urte luzeetan bere pasio bilakatu ziren arloetan, hala nola, irakaskuntza zein historian; eta merezita, behin baino gehiagotan aintzatetsi zioten eginiko lana. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko honoris causa Doktorea izendatu zuten, baita Gasteizko Alaba Kuttun edota Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eman zioten (1997). Azken erakunde honek gainera, bere omenezko kongresu bat burutu zuen 2007an.