526 Zenbakia 2010-03-26 / 2010-04-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Fermin Muguruza

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskal Herrian musikari anitz sortu dira historian zehar, eta jorratu dituzten estiloak ere askotarikoak dira. Musika tradizionalean hasi eta punk, rock, jazz, reggae, folk eta bestelako erritmoetan espresatu dira gure artistak.

Eta Fermin Muguruza irundarra dugu izen ezagunetariko bat, bai hemen eta baita nazioartean ere. Gipuzkoako udalerrian jaio zen 1963ko apirilaren 20an, eta gaztetatik erritmo desberdinen menpean aritu da kantuan, hori bai, gustuz eta pasioz egiten duen zerbait dela antzematen zaio. Fermin Muguruza, lagunez inguratuta.

Hogei urte zituenean aurreneko taldea eratu zuen, Kortatu, eta besteen artean I?igo anaia bidaia lagun zuen abentura hartan; 1983. urtea zen eta poliki–poliki baina indartsu izena hartzen joan ziren. Orduan hasia zen Muguruza musika estilo ezberdinak lantzen, punk, rock zein reggae doinuak jendeari helaraziz.

Hastapenean Ferminek gaztelania erabili zuen gizarteari bere kezkak helarazteko. Halere, euskararekiko konpromiso garbia erakutsi zuen lehenengo momentutik, hizkuntza ikasi eta komunikatzeko tresna nagusi bihurtu zuen ordutik aurrera. Kortaturekin eginiko bide hark sei urte iraun zuen, 1989ra arte hain zuzen. Guztira lau disko kaleratu zituzten: Kortatu (1985), El estado de las cosas (1986), Kolpez kolpe (1988), Azken guda dantza (1988) eta bilduma gisa, A frontline compilation (1995).

Etapa hura amaituta, euskal musikaren eszenan pisuzko talde bihurtuko zena jaio zen, Negu Gorriak. Kasu honetan ere, doinu nahasketen aldeko apustua egin zuen Muguruzak eta horrexegatik, taldeak nolabaiteko bira eman zion ordura arte Euskal Herrian ezagutzen zen rockari. Arrakasta eduki zuten beraien erritmoekin harik eta 1996ean zaleei agur esan zieten arte, hori bai, honako diskoak grabatu ostean: Negu Gorriak (1990), Gure jarrera (1991), Gora Herria (1991), Borreroak baditu milaka aurpegi (1993), Hipokrisiari Stop! 93–X–30 (1994), Ideia zabaldu (1995), Ustelkeria (1996).

Baina Ferminek bere kreatibitateari aterabidea ematen jarraitu behar ziola jakin bazekien. Dut taldearekin batera, Ireki ateak (1997) grabatu eta etxean zein nazioartean kontzertuak emanez aritu ziren, hala nola, Argentina, Venezuela, Kuba, zein New Yorkeko agertoki ugaritara igo ziren.

Jarraian, gipuzkoarrak bakarlari gisa Brigadistak Sound System diskoa publikatu zuen 1999an; FM 99.00 Dub Manifest 2000n; In–komunikazioa 2002an; Irun meets Bristol Komunikazioa 2003an; Manu Chao musikari eta lagunarekin aldiz, Jai–Alai Katumbi Express egitasmoa osatu zuen; Euskal Herria Jamaika Clash kaleratu zuen 2006an eta Asthmatic Lion Soun Systema 2008an.

Fermin halere lagunez inguratuta egon da denbora guztian, euskaldunak batzuk, jamaikar zein palestinarrak besteak. Adiskide horiekin diskoak sortzeaz gain, film dokumental bat egitera ere animatu zen 2009an; Checpoint Rock izena ipini zion. Asmoa, Palestinako artistak ezagutzera ematea zen eta lana Donostiako Giza Eskubideen Zinema jaialdian aurkeztu zuen. Lanak oihartzuna eduki eta esaterako, Zinema Arabiarraren Estatuko Zinema jaialdian dokumental onenaren saria eskuratu zuen proiektu honekin Ferminek.

Bestalde, Negu Gorriak taldeak autogestioaren aldeko apustua egin eta Esan Ozenki diskoetxea sortu zuen 1991an euskarazko diskoak ekoizteko xedez; Fermin Muguruzak hartu zuen diskoetxearen ardura. Baina 2001ean hau desagertu zenean artista euskaldunak Metak sortu zuen eta 2006era arteko bizitza eduki uzen

Baina bestelako arloetan ere aritu izan da Fermin Muguruza, eta Egin irratian esatari moduan ibili zen zenbait urtez, Igo bolumena saioa gidatuz. Iritzi artikuluekin ere kolaboratu izan du zenbait mediotan eta gainera, zenbait film labur eta luzemetraietarako musika egin du.

Batzuetan inkonformista azaltzen da publikoaren aurrean, beti ere bero, sutsu eta gartsu. Esateko asko dauka gipuzkoarrak eta guzti hori euskaraz komunikatzea lortzen du, musikak mugarik ez duela erakutsiz.