Euskonews Gaztea
Gaiak: Zertarako amestu?
Berri Txarrak talde nafarraren kantu baten izenburua da Zertarako amestu, eta aurreko astean autoz etxera lanetik bueltan nindoala gogoetarako titulu aproposa iruditu zitzaidan. Ezen esaldiak zerbait badu, eduki ditzakeen esanahien ugaritasuna da. Argazkia: lil_miss_whit
Hala, historiari errepasoa eginez, jendeak –berdin gizona izan edo emakumea– zenbatetan entzun edo pentsatu ote zuen esaldi hau? Adibideren batzuk ipintzearren, sufragio unibertsala ezarri gabe zegoen garaian, gizarteari norabide berri bat ematearen ametsa buruan zeukaten eta horren alde lanean ziharduten emakumeak aipatu. Edota Lance Amstrongek minbizia zeukala jakin eta berriz ere Frantziako Tourrean aritzeko aukera edukiko ote zuen ez zekienean ziur amets egiten zuela; edota Gazako umeek bakea eta zoriontasuna zer den ezagutuko dutela amesten dute... Eta abar, eta abar, eta abar.
Izan ere, bizitza honetan amets bat edukitzearen modukorik ez dago. Ametsik gabe, zertarako jaiki egunero? Hau da, maiteminduta banago, eta nire ametsa pertsona horrekin egotea bada, zergatik ez ohetik altxatu eta egikaritzen saiatu? Edota nire ametsa ikasketak amaitzea baldin bada, zergatik ez saiatu? Lanean mailaz igotzea amesten badugu, zergatik ez postuagatik borrokatu?
“Utzi amets egiteari eta egin aurre errealitateari!” da gizon–emakume ugarik esaten dutena. Baina iruditzen zait xede positiboak dituzten egitasmoek lekua dutela bizi dugun gizarte zoro honetan. Pertsona moduan hazten lagunduko digute horietariko batzuek; besteek aldiz, mundu hobeago bat eraikitzeko balio izango dute. Erronkak erronka diren heinean, gure partetik ahal duguna egin eta errealizatuta sentituko gara, barrutik asebeteak. Eta ez da gutxi.
Aldiz, inork ez du amesgaiztoak egia bihurtzea nahi, ezta? Horiek ere eduki behar dira, eta egoera saihesteko hausnarketa burutu. Inork ez du gerrarik nahi, ondorioz, egin dezagun nolabaiteko harmonia bilatzeko gure eskuetan dagoena. Euskaltzale baten ametsik okerrena hizkuntza bera desagertzea baldin bada, borrokatu eta lan egin beharko da hori gerta ez dadin.
Beti egongo dira egia bihurtzen ez diren amets onak, eta aldiz amets gaizto egikarituak. Ezin dugu dena aurreikusi, hori hala da. Baina norbaitek galdetzen badit zergatik ematen dudan horrenbeste denbora iratzarrita amesten, nire erantzuna garbia da: horrek, bizirik sentiarazten nauela.