524 Zenbakia 2010-03-12 / 2010-03-19
Euskaldunontzako itsasoak berebiziko garrantzia eduki du betidanik. Zenbat herrik biziraun dute arrantzatik lan eginez? Horien artean ditugu euskal balea arrantzaleak; baina garai batean pirata euskaldunak ere egon ziren, edota Juan Sebastian Elkanoren moduko itsasgizonak.
Gipuzkoarra zen Juan Sebastian Elkano, Getarian jaioa 1487. urtean. Urbazterrean altxatutako herri bat izanik, betidanik erlazioa handia eduki zuen itsasoarekin getariarrak. XV. mende hartako Getarian, herritarren lanbide nagusia zen arrantzalearena, eta Elkanok ere burutu zuen egitekoa; itsasbazterrean ibiltzen zen jatekoaren bila, baina baita itsaso zabalean ere.
Halere, ez zen horretara mugatu gipuzkoarra, eta itsas merkatu beltza ezagutu zuen; batez ere Frantzia aldean aritu zen estraperloan. Baina barruan zeraman abenturazaletasunari beste irtenbide bat ematera animatu, eta Cisneros kardinalak Aljerren kontra eginiko erasoan parte hartu zuen 1509an, 22 urte besterik ez zituela. Handik itzultzean baina, justiziarekin arazoak izan eta Sevillara alde egin eta Fernando de Magallanes buru zuen espedizio batetara joateko izena eman zuen. Helburu zehatza zeukan bidaia hark: Espainia eta Ekialde Urruna lotuko zuen bide berri bat aurkitzea.
Hala, 1519ko irailaren 20an Sanlúcar de Barramedatik 265 pertsona eta bost itsasontzik abentura hasi zuten; Elkano, Concepción barkuko nagusi izendatu zuten. Itsasoko gorabeherak gainditu zituzten, aurrena Kanariar Irletara joan ziren, eta handik Brasil aldera. Kostata –zenbait marinelek uko egiten baitzioten aurre zehaztutako bidetik joateari– Filipinetara heldu ziren, 1521eko udaberrian hain zuzen ere.
Haraino iritsita, irla ezberdinak bisitatzeko aprobetxatu zuten tripulatzaileek; haatik, 150 kide soilik geratzen ziren bizirik. Timor, Java eta Txinara ere heldu ziren eta ordurako getariarra zen espedizioko kapitaina, izan ere, Magallanes hil egin zen bidean. Hiru urte igaro ziren berriz ere irteera puntura, Sanlúcar de Barramedara iritsi zirenerako; 1522ko irailaren 6a zen eta 18 marinel porturatu ziren soilik.
Hala, Juan Sebastian Elkano munduari bira ematen aurreneko tripulazioaren buru izan zen eta Karlos V. Erregeak balentria aintzatesteko hitzordua eduki zuen getariarrarekin. Denboraldi batez lurrean egon ostean, Elkano berriz ere itsasoratu zen 1525ean eta Indonesiako Moluka irletarantz abiatu zen; bidaia hartan aurkitu zuen heriotza. Beste marinel ugari moduan, eskorbutoak jota zendu zen gipuzkoarra, eta haren gorpua Ozeano Bareko uretara bota zuten, kutsadurak ekidin asmoz.
Abentura senak eraman zuen mundu berrien bila Elkano, eta munduari bira ematen aurrekoa izanik, bere omenez jaioterrian eskultura bat ipini zuten 1934an. Gainera, lau urtetik behin Elkanoren lehorreratzea antzezten dute Getarian, data esanguratsua gogoratuz.