Sebero Altube, gizona Sebero Altube, gizona * Josemari Velez de Mendizabal 1974an klase batzuk eman behar izan nituen Arrasateko Gau Eskolan eta, ongi oroitzen dut, euskara irakasten saiatzeaz gain, ikasleei euskal kulturari buruzko erreferentziak ematen ahalegindu nintzen, garai hartako nire kultura motxilan pisu handirik ez neraman arren. Klase haietako batean Sebero Altuberi buruz mintzatu behar nuela iruditu zitzaidan, alde batetik herriko semea zelako eta, bestetik, ene ustez euskal kulturari ekarpen baliotsua egin ziolako. Pentsatu eta egin. Nire harridurarako ikasleen artean erabatekoa zen Altuberi buruzko ez ezagutza, eta irakaslekideekin ere ez nuen maila jaso ahal izan. Hiru urte beranduago, 1977ko otsailaren 19an, Arrasaten bertan Plaza eder bat eskaini zion Udalak Sebero Altuberi eta inaugurazio ekitaldira Iokin Zaitegirekin hurbildu nintzen. Arratsalde hartan hara bildutako agintarien hitzak entzun ondoren, Iokinek honela esan zidan: "Utzi oraingoz egiten ari zarena, eta idatzi Sebero Altuberen biografia, hemen inortxok ez baitaki ezer gure herkidearen gain" Aurreratu behar dut, une haietan eta Iokinen beraren laguntzarekin, bere biografia preparatzen ari nintzela, 1981ean argitaratuko nuena. Bi urte beranduago, 1979an, Altube jaio zeneko lehen mendeurrena ospatuko zela eta, gogoz ekin nion Zaitegik eskatutakoari eta urte hartako Abenduan Arrasaten Euskaltzaindiak eratutako Biltzarraren barruan "Sebero Altube" liburua aurkeztu nuen, ekitaldi polit batean. Horixe izan zen nire lehen biografiatua, eta diodan bezala. Iokin Zaitegi adiskide zenari zor diot Altuberen biografoa izatea. Orain arteko biografiarik beteena baldin bada ere, ateak irekita daude nahi duenak hobe dezan. Ea, bada, norbait animatzen den. Iristen ari da ospakizun haren hogeigarren urtemuga, eta arrasatearraren Paueko artxibategia Gernikara ekarri dutela jakin dugun egun hauetan bidezkoa iruditu zait Seberoren gaineko zertzelada batzuk izkiriatzea, Euskonews & Media ko irakurleekideia txiki bat egin dezaten gizon horren gainean. Gaurkoan bizitzari buruzko aipamenak egingo ditut, soilik, eta hurrengo aukera baterako uzten dut Altuberen obra azaltzea. Sebero Altube Lertxundi Arrasaten jaio zen, 1879ko azaroaren 8an. Gurasoak Juan Alejandro eta Maria Klara ziren. Hiru anaia arreba izan zituen, Benigno, Jesusa eta Hilario Mercedes. Seme alaba koskorren bizitza ez ei zen urdin kolorekoa, aita oso gizon zakarra baitzen eta haurrek zein amak etxeko giro sumina pairatu behar izan zuten sarritan. Seberoren ama hil zen eta aita bigarren eta hirugarren aldiz ezkondu zen, ezkontza horietatik beste bi anaia jaio zirelarik. Seberoren lehen ikasketak Arrasaten egin zituen, Juan Jose Rodriguez "Maixu zaharra" rekin. Solfeo ere ikasi zuen, Victoriano Balerdi organulariarekin. Baina Altube, musiko izateaz gain beste lan esparru desberdin batean nabarmendu zen argi bereziz. Linguista izan zen, goi mailakoa gainera, batez ere euskararen esparruan lan ikaragarri zabala eginez. Non eta norekin ikasi zuen? Batere zalantzarik gabe, barruko suak piztu zion linguistikako grina eta ezelako unibertsitatetatik igaro ez zen arren, linguistikako eremua ongi jorratzen jakin zuen. A! Eta Altube, aipatutako lan arlo horiez gain, enpresa gizona ere izan genuen, Gernikan. Nondik zetorkion Seberori ikasteko gogoa? Gizon hark ederki ongi ulertu zuen txikitandik ikasketen bidetik lor zezakeela gogo askatasunerako giltza, eta horretan saiatu zen bizitza osoan. Ezagutu zutenek diotenez, "Asko jakinda be, arrokeririk bapez" Sebero, bere anaia Benigno eta Cristobal Bediak, hiruak Arrasatekoak, garai hartako dultzaina talderik ospetsuenetakoa osatzen zuten, Euskal Herri osoan. Musikaren ildotik bere bizitza zuzendu nahian nonbait, Gernikako Musika Bandarako oposizioak egin zituen eta baita kargua irabazi ere, 1901ean. Hamabost urtez aritu zen Bandarekin, hain zuzen ere, aldi berean zuzentzen zuen "Alkartasuna" fabrikako gerentzia musika zuzendaritzarekin batera eramatea ezina zitzaiolaikusi arte. 1918ko apirilaren 11an Gregoria Gangoitirekin ezkondu zen Gernikan. Ez zuten seme alabarik izan eta bikoteak alabatzat hartu zuen Benigno anaiaren alaba Elixabete. Azken honen laguntzari esker bildu ahal izan nituen Seberoren gaineko datu ugari. 1931an Gernikako alkate izendatu zuten Sebero. Hiri horren alde eta, orohar, Euskal Herriaren alde ordurarte eginiko lan eskergak erakarri zituen botoak, alkate aukeratua izateko. Bera ez zen gizon politikoa, baina alkatetzan egon zen bost urteetan oroitzapen ederra utzi zuen herkideengan. 1931. urtean Sebero Altube Gernikako alkate izendatzen dute.Ezkerretik eskuinera: Victoriano Askondo (alkate ordea), Jesus Maria Leizaola, Sebero Altube, Jose Domingo Iturrarán (artzapeza), Antonio Astelarra, diputazioaren ordezkari bat eta Egileor (diputazioaren idazkaria). (Argazkia: Auñamendi Entziklopedia) 1936ko irailaren 29an exiliorako bidea hartu behar izan zuen. Aurrenik, Argentinara joan zen, emaztearen senitarteengana, baina handik Pauera aldatu zen, frantziar hirian hogeita bi urtez bizitzeko. Bertan linguistika eta filosofiako esparruetan egin zituen bere lanik sonatuenak. 1958an exiliotik itzuli ziren Sebero eta Gregoria. Ordurako Sebero agure bat zen, osasun makalekoa. Hala ere, Gregoria hil zen lehenago, 1961ean, eta Seberoren izpiritua zeharo erori zen, bakartasun eta oinazean. Ez zen zuzpertu. Bi urte beranduago, 1963ko abuztuaren 27an hil zen eta hilkutxan ikurriña jarri zioten, Gernikako Arbola dagoen tokiko lur eskukadarekin batera. Hileta elizkizunetan Gernikako Musika Bandak jo zuen, Seberoren Banda, Gernikara Arrasatetik aldatzeko arrazoi nagusia eta gure gizonaren izakirik kuttunetakoa. Hurrengo artikulu baterako utzi dut Sebero Altube musiko, enpresa gizon, linguista, filosofo eta idazlearen obrak aurkeztea. Gutxitan eman du Euskal Herriak, arrasatear honen gisako giza ale arloaskotarikorik. Altube, euren buruak etengabe lantzen dituzten pertsona horietako bat izan zen. Josemari Velez de Mendizabal, idazleaEuskonews & Media 52.zbk (1999 / 10 / 29 / 11 / 5) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.