52 Zenbakia 1999-10-29 / 1999-11-05

Gaiak

Poesia Esperimentaleko I Jaialdia, Zarauzko Olerti Etxean

IRAZU, Ainhoa

Poesia Esperimentaleko I Jaialdia, Zarauzko Olerti Etxean Poesia Esperimentaleko I Jaialdia, Zarauzko Olerti Etxean * Ainhoa Irazu Datorren azaroaren 5etik abenduaren 12ra bitartean, Zarauzko Olerti Etxean gurean aitzindari izango den jaialdia ospatuko da: Poesia Esperimentaleko Nazioarteko Jaialdia. "Interolerti" izenburua duen jaialdi horri esker, poesiaren maitaleek olerkigintzaren esparru berri horretara hurbiltzeko aukera paregabea izango dute. Jaialdiaren helburua, hemengo egileen sorkuntza bultzatu eta beste herrialdeetan egiten dena ezagutaraztea da: Uruguai, EEBBak, Australia, Frantzia... "Gure asmoa, jendeari, poesia egiteko beste modu batzuk daudela erakustea da. Ekimen horretan euskarriak ez du aparteko garrantzirik. Garrantzizkoena adierazi nahi dena da. Moduak modu, poesiaren helburu bakarra sentimenduak adieraztea da" argitu digu Leopoldo Zugaza, Olerti Etxeko arduradunak. Baina zer da poesia esperimentala? Poesia esperimentalak, funtsean, elementu grafikoak erabiltzen ditu. Esparru berri horretan hitzen izaera estetikoak du garrantzi handiena. Esperimentazioaren bidea hartu duten poesia egileek, adierazpide gisa, zeinuek espazioan sortzen duten irudia erabiltzen dute. Abantaila teknikoei esker, olerkigintza eraberritzen ari da. Hori dela eta, egun, poesiarekin zerikusia duten ekoizpen ezberdinak sor daitezke: poesia bisualeko lanak, soinudun poesiako grabazioak, instalazio poetikoak eta objektu liburuak, besteak beste. "Lehendabizi poesia ahoz egin eta bizitzen zen. Ondoren, papiroa, pergaminoa eta papera erabiltzen zituen euskarri modura. Egun, poesia edozein euskarritan plazara daiteke: zinta magnetikoan, CD Rom ean, bideoan... Teknologia aurrera doan heinean poesia moldatuz doa" diosku Leopoldok. Jaialdiaren barruan, Olerti Etxeko kideek hainbat jarduera antolatu dituzte. Batetik, jasotako lanekin erakusketa zabala egingo dute. Obrak Sanz Enea ko aretoetan eta Zarauzko beste kultur guneetan egongo dira ikusgai. Egileen artean ez da saririk banatuko,izan ere, jaialdiaren xedea didaktikoa da. Bestelakorik ere egongo da, hala nola, bideo poesiako emanaldiak, transmisio proiektuak, CD ROM bidezko erreprodukzioak eta poesia esperimentalaren arazoak eta ikuspegiak aztertzeko solasaldi tekniko eta dokumentalak. Olerti Etxea Zarauzko Olerti Etxeak ateak zabaldu zituenetik, dagoeneko urte t’erdi pasatxo joan da. Kultur txokoa olerkizaleen eta, oro har, literaturaren maitaleen topagunea izateko helburuz jaio zen. Olerti etxearen xede nagusia, poesia eta, zentzu zabalean, literatura jardueren suspertzaile izatea da. Orain arte, gehien bat, poesia jarduerak ospatu ohi dira. Bertaratutakoek, besteak beste, Bernardo Atxaga, Juan Mari Lekuona, Felipe Juaristi, Itxaro Borda, eta Jose Austin Arrieta idazleen poesia irakurketez gozatu ahal izan dute. Baita erdarazko autoreen olerkiez ere: Miguel Sánchez Ostiz, Jorge G. Aranguren, Ernestina Champurcín eta Javier Aguirre Gandarias autore garaikideak edo eta Juan Ramón Jiménez, Pedro Salinas eta Octavio Paz klasikoak. Olerti Etxearen kultur egitarauan, literatura unibertsalak zein euskal literaturak leku handia dute. Hasieratik, "Euskal literaturaren obra nagusiak" izenburupeko hitzaldiek egitarau berezia osatu dute. Atal horretan, hainbat adituk euskal literaturak eman dituen idazle handi eta obra ezagunenak aztertu dituzte: Linguae Vasconum Primitiae (Jean Haritschelhar), Oihenart (Aurelia Arkotxa), Peru Abarca (Adolfo Arejita). Edonola ere, literaturarekin eta beste hainbat diziplinarekin estu lotuta dauden bestelako jarduerak ere egiten dira bertan: antzerki emanaldiak, euskal kultura eta historiaren inguruko hitzaldiak, zinemari buruzko atzerabegirakoak, arte erakusketak eta abar. Olerti etxeak aurrera eraman dituen ekimenez hitz egiterakoan, ezin aipatu gabe utzi, Juan Luis Zabala azkoitiar idazleak egindako liburuxka, non egileak 1998an euskaraz kaleratutako liburuen berri ematen duen. Poesiaren liburutegia Iazko ekainetik, Olerti etxeak poesia liburuen mailegu zerbitzua eskaintzendu. Bertan literatura jenero horri espreski zuzendutako liburutegia dago. Hainbat herrialdetako 1.000 idazlek egindako 3.000 liburu biltzen ditu. Horrez gain, beste hainbat argitalpen aurki daitezke: euskarazko literatur aldizkariak, bibliografia landuak, idazleen epistolarioak, biografiak, literaturari buruzko azterketak, 1936 baino lehen plazaratutako faksimilak eta abar luze bat. "Oraindik ere, kultur zerbitzu espezializatuen gabezi handia dugu. Liburutegiei dagokienean, azken urteetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira. Nolanahi ere, zenbait diziplinetan hutsuneak daude oraindik. Poesiari dagokion hutsunea betetzeko jarri genuen abian gure liburutegia" aipatu digu Leopoldok. "Zubizabal", literaturara hurbiltzeko zubia Uztailean, Olerti Etxeko arduradunek "Zubizabal" literatur aldizkariko lehen alea kaleratu zuten. Aldizkaria sei hilabetero plazaratzen da, euskara hutsean. Argitalpen berri hori harpidedunen artean banatzen da, baina Euskal Herriko liburu denda garrantzitsuenetan ere aurki daiteke. Lehen alean, batetik, Felipe Juaristi, Patxi Ezkiaga eta Patziku Perurena idazleen lanak irakur daitezke. Baita Bilintx bertsolariari buruz Olerti etxean orain hilabete batzuk egindako hitzaldiaren laburpena ere. Bestetik, antzerki saioen erakusgarri, Anton Chejov, autore errusiarraren "Tabakoak dakarren kalteaz" bakarrizketa ezagunaren bi bertsio erantsi dizkiote aldizkariari. Alde grafikoari dagokionean, "Zubizabal"en agertzen diren marrazkiak Ana Isabel Roman marrazkilariak egindakoak dira. "Zubizabal, Olerti Etxean egiten diren jardueren luzapena izateko sortu dugu. Horretan hemendik igarotzen diren autoreen lanak bilduko dira" diosku Leopoldo Zugazak. Zerbait gehiago eska al diezaiokegu oraindik hain gazte den Olerti Etxeari? Ainhoa Irazu, kazetaria Euskonews & Media 52.zbk (1999 / 10 / 29 11 / 5) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria