52 Zenbakia 1999-10-29 / 1999-11-05

Gaiak

Abertzaletasun instituzionala eta independentista Gernikako Estatutuaren onarpenaren aurrean

GUTIÉRREZ, Arantza

Abertzaletasun instituzionala eta independentista Gernikako Estatutuaren onarpenaren aurrean Abertzaletasun instituzionala eta independentista Gernikako Estatutuaren onarpenaren aurrean * Arantza Gutiérrez Gernikako Estatutuaren onarpenaren hogeigarren urteurrena betetzen denean, euskal nazionalismoak lege autonomikoak ezarri zuen esparru politikoa errefusatu egin du eta bere subiranotasuna garatzeko urrats berriak ematen ari da, euskal udalen bilkuran ikusi den legez. 1998ko apirilean EHUn irakurri nuen doktorego tesian ondorioztatzen dudanez, Estatutuaren inguruan egunkarietan argitaraturiko eztabaidan iritzi artikuluen bidez argi zegoen abertzaletasun independentistaren jarrera, Konstituzioak eta Estatutuak berak ezartzen zuten esparru juridiko politikoaren aurka, abertzaletasun instituzionala edo moderatua, proiektu autonomikoaren bideragarritasun eta pragmatismoaren alde lerratu zen bitartean. Ezker abertzaleren ikuspuntutik, independentziaren ideia defendatu zen, batez ere Gernikako Estatutuaren erreferendu kanpainan, KAS alternatiba bultzatu, eta independentzia eta sozialismoa batzen zituen proiektuaren alde kokatu zen. Abertzaletasun instituzionalaren diskurtsotik, berriz, independentzia helburu utopiko modura aurkeztu zen, eta, horren ordez, prozesu autonomikoa bultzatu zen aukera erreal gisa, proiektuaren bideragarritasunean oinarrituta eta pragmatismoaren argudioak azalduz: eskainitako autonomia gutxienekoa izan arren, onartu behar zen, bestela ezer ez independentziarik, ez autonomiarik edo autogobernurik ez izateko arriskua zegoen eta. Honekin lotuta, Euskal Herriaren existentzia ere modu ezberdinez ulertu zuten bi diskurtso abertzaleek: independentistek Euskal Herria errealitate modura ulertzen zuten bitartean, abertzaletasun instituzionalaren diskurtsoetan, aldiz, Euskadi egiteke zegoen egitasmoa zen. Hau da, ezker abertzaletik Euskal Herria estatua osatu ez arren, nazioa zen. Zentzu horretan, Estatutuak ez zuen ezer berririk eskaintzen, aregehiago, naziotasuna guztiz garatzeko mugapena izan zitekeen. Moderatuek, berriz, Estatutua bide instituzionala bultzatu zuten, euskal nazioa eraikitzeko bide bakartzat aurkeztuz. Zentzu berean, Nafarroaren erreibindikazioak lurraldetasunaren aldarrikapen hutsa baino zentzu politiko garrantzitsuagoa zuen independentistentzat. Estatutuak hiru probintziatako elkarte autonomikoa ezartzen zuen bitartean, abertzaleek euskal nazioaren osotasuna aldarrikatzen zuten. Hala ere, Konstituzioan Nafarroarentzat ezarritako prozedimendu berezia eta Estatutuak berak herrialde nafarra etorkizunean gehitzeko aukera bat jasotzea, baldintza nahikoak ziren abertzaletasun soziologiko edo instituzionalaren diskurtsotik lege autonomikoari bere atxekimendua adierazteko. Independentistentzat, berriz, estatuko nazioen autodeterminazioa ukatzen zuen Konstituzioak, eta Nafarroarik gabeko elkarte autonomoa ezartzen zuen Estatutuak, euskal naziotasuna ukatzen zuten. Zentzu horretan, Nafarroaren erreibindikazioa politikoa zen, administratiboa baino gehiago. Bideragarritasunaren argudioarekin batera, zenbakien edo kopuruen legitimitatea erabili zuten argudio gisa erakundeen aldeko alderdiek. Hau dela eta, Estatutua legitimatzeko «goleadaz» irabazteko beharra azpimarratu zuten autonomiaren aldekoek; hau da, botoen kopuruak baldintzatzen zuen proiektu autonomikoaren legitimitatea eta, beraz, bere balioa edo bideragarritauna ere bai . Horregatik, Estatutuaren aldeko artikulu askotan, bozkatzera joateko deialdia egin zen, lege autonomikoak ahal zen kontsentsu handiena bildu ahal zezan. Beraz, erreferendua galtzeko beldur agertu ziren Estatutua legitimaziorik gabe utziko baitzuen; edo, beste irakurketa bat eginez, diskurtso instituzionaletik beste argudiorik ez izatean zenbakien argudioa behar beharrezkoa zen prozesu autonomikoaren ontasuna adierazteko. Hala eta guztiz ere, lege autonomikoaren porrota aurreikusi zuten moderatuek, eta horren erantzukizuna estatuko agintariek garapen autonomikoabultzatzeko borondate faltari leporatu zioten. Beraz, instituzionalisten diskurtsoan honako hau onartu zen inplizituki: Estatutuaren baliagarritasuna estatuko agintarien esku egon zitekeen, eta horiek nahi bazuten, eduki politikorik gabe geratuko zatekeen. Abertzaletasun independentistaren diskurtsoan, aldiz, zenbakiak, kopuruak, ez zuen garrantzi handirik, Herriaren kontzientziak eta nazioa izateko borondateak baizik. Ezker abertzalerentzat Euskal Herria prozesu politikoaren subjektu politikoa zen, nazio subiranotasunaren subjektu aktiboa, eta ez lurralde zehatz batean bizi ziren pertsonen multzo soila. Prozesu politiko horren barruan kokatzen ziren amnistiaren aldarrikapena edo euskararen aldeko mugimendua, nazio eta gizarte askatasunaren prozesu politikoaren adierazle moduan; beraz, euskal populuak, subjektu politikoak herri mugimenduen bidez garaturiko dimentsio militantea zegoen euskal nazioaren oinarrian, eta ez arau edo errekonozimendu juridikorik (horrek ez zuen,berriz, euskal nazioaren existentzia berez bermatzen). Honez gain, euskal naziotasuna espainiarrari kontrajarrita zegoen, eta, beraz, ezin zen oinarritu Estatuak ezarritako esparru juridikoan, nazio autodeterminazioa ukatzen baitzuen Konstituziotik eta, ondorioz, Estatutuan ez zen bermatzen. Hori zela eta, Konstituzioak eta Gernikako Estatutuak bi bide edo estrategia politiko ezberdin ezarri zituzten euskal abertzaletasunaren barruan: alde batetik, erakundeena "demokraziarena" edo bide instituzionala onartzen zutenena, abertzaletasun instituzionalak aukeratu zuena; erakunde autonomoen bidez zenbait gairi erantzuna eskaini nahi ziona. Honez gain, erakunde autonomoen bidez euskal nazio kontzientzia ere sortuko zela azaltzen zen behin eta berriz. beste aldetik, berriz, Konstituzioaren eta Estatutuaren legitimazio eza aldarrikatuz, herri iniziatibak eratu zuen alternatiba edo prozesua. Abertzaletasun independentistatik, estatuak Euskal Herria juridikoki onartu ez izanak ez zuen bere existentziaerreala ukatzen. Honen ustez, nazio kontzientziak sortu zuen autodeterminazio nahia, eta ez erakundeek. Lehenengo bidea edo estrategia irteerik gabeko batean sartu den, edo batzuen esanetan teilatu autonomikora heldu den bitartean , batzuek Lizarra Garaziko akordioan ikusi nahi izan dute bi estrategien arteko erdiko bide bat... Arantza Gutiérrez, Irratigintzako irakaslea EHUko Informazio Zientzien fakultatean Euskonews & Media 52.zbk (1999 / 10 / 27 11 / 5) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria