
Artisautza
Ganbara. Euskal ehun artisautza: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Bezeroa dendara joaten denean neurrira egindako jantzia eskatzera, gehienetan ondo hartzen ditu jantzigileen iritziak, eta jantzia garrantzitsuagoa den heinean, ezkontzetarako adibidez, orduan eta hobeto hartzen ditu iritzi horiek. Orduan eskatzen dute jantziak, ehunak eta lana kalitate onenekoak izatea, nahiz eta beraientzat garestiago izan. Euskal jaietan, herrikoetan edo Eguberritan erabiltzeko badira, esate baterako, orduan ehunaren jatorriari baino gehiago ekonomiari begiratzen diote. Ezkontzetan, adibidez, lihozko ehunak, farfailak, bordatuak, etab. askotan erabiltzen dira, baina jantzi ekonomikoetan ez zaie axola tergalezkoa izatea.
Jantzia egiteko prozesua erraza izaten da. Lehenbizi jantzia aukeratzen da. Bezeroak nahi duena adierazten du eta horri buruzko ideiak ematen zaizkio; horretarako dendan eginak dauden jantziak, argazkiak edo marrazkiak ikusten dira; gero, nahi den oihal mota aukeratzen da, kolorea, etab.
Jantzia egiteko prozesuari berari dagokionez, paperezko patroiak prestatzen dira, gehienetan aurreko batzuk erabiliz, haiek egokituz edo berriak eginez. Patroiak egin ondoren, klarionaz oihalaren gainean margotu eta atzera-puntuak eginez josten da (patroia oihalaren gainean arinki josi eta ebaki egiten da).
Gero, atal guztiak albaindu egiten dira jantzi osoa eratzeko; hori egin ondoren, behar izanez gero lehen proba egiten da pertsonaren gainean, egin beharreko zuzenketa txikiak egiteko.
Makinaz josten dira. Oso kasu berezietan, orduan izaten da bigarren proba egiteko unea, eta horren ondoren elementu osagarriak —forruak, azpikoak, botoiak, krisketak, etab.— josi eta lisatu egiten dira.
Gehienetan lihozko, kotoizko eta artilezko oihalak erabiltzen dituzte, nahasian edo nahasi gabe.
Tresnei dagokienez, gutxi izaten dira: lanbidean ohikoak direnak (orratzak, hariak, titareak, botoiak, etab.), josteko makina eta lisa-burdina.
