
Artisautza
Ganbara. Euskal ehun artisautza: Historia
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Edward Hawke Locker militar ingelesa gure artisauen eskualdetik, Tolosatik, igaro zenean, 1813an, honako hauxe idatzi zuen:
Bidea auzoko herrixketako nekazariz beteta zegoen, azokarako era askotako gaiak gainean zituztela. Festa-jantzi apainenak zituzten, eta emakumeenak bereziki dotoreak ziren. Espainiako emakume guztiek badute halako liraintasun nazional bat beren ibileran, atzerritarrarentzat biziki harrigarria dena; eta Gipuzkoako emakumeek, berriz, onura horrezaz gain, hegoaldeko probintzietan normalean ikusten ez den freskotasuna erakusten dute aurpegiko larruazalean. Mardultasun hori, askotan, areagotu egiten dute kopeta inguruan erakutsi ohi duten zinta sorta batez, atzean ilea ederki txirikordatuta dutela eta buru gainean apain asko ipinitako lepoko oihal dotorea.
Jantziari dagokionez, txaketa txuri mahukaduna jantzi ohi dute, batzuetan urre- edo zilar-koloreko botoiak dituena. Soinean korapilatutako petoa eramaten dute eta azpian gona arin eta motza. Eta janzkera guztia nabarmentzeko, belarritako eta lepoko ugari janzten dituzte, emakumeen itxurari distira handia emanez. Gizonezkoak lerdenak, garaiak eta indartsuak diren arren, emakumeen ondoan zerbait eskasagoak dira. Nagusi den ohiturak –kapa marroia eta galtza motzak, hegal zabaleko kapela eta gai izpitsuetako azpantar lasaiak, era gurutzatuan baldarki lotutakoak–, itxura harrigarria ematen die eta Apoloren simetria ere ezkutatu luke.
