Euskonews Gaztea
Gaiak: Ngeya eta Ixiar. Bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsuari buruzko istorio bat (II)
BELLOSO, Nahia SANCHEZ, Oroitz
Arrasateko Biteri Ikastetxe Nagusiko HAIMA tailerra
Eusko Ikaskuntzako Gazte Foroan parte hartu zuten Nahaiak eta Oroitzek 2009 azaroaren 18an eta aurkeztutako lanaren bigarren zaita duzue honakoa. (Lehenengoa irakurtzeko, sakatu hemen)
Laia txikiaren urtebetetzea da eta festa galanta ospatu dugu etxean. Lehengusu pilo bat etorri dira, herrian bertan bizi direnak batzuk eta beste herri batzuetan bizi diren beste batzuk ere. Asko gustatzen zait Laia txikiak urteak egitea. Nik nire urtebetetzean opariak jasotzen ditut eta Gabonetan opariak jasotzen ditut, Olentzerok ekarritakoak eta Erregeek ekarritakoak. Ez dakit zergatik ekartzen dituzten, laster etorriko direla jakiten dudanean ondo portatzen hasten naiz eta gero opariak jasotzen ditut. Baina ez naiz halere oso–oso ondo portatzen. Naiz eta laguntzaile ugari eta ahal magikoak izan, ezinezkoa da munduko haur guztiak zer egiten ari diren jakitea. Gainera mundu guztiko haurrek ez dituzte opariak jasotzen, orain dela gutxi Ngeyari galdetu nion eta ez zituen ez Olentzero ezta Erregeak ezagutzen. Hortaz ez diete mundu guztiko umeei opariak ekartzen, edo Ngeya ez da ondo–ondo portatzen. Ni ez naiz beti–beti ondo portatzen ari eta niri ekartzen didate. Ngeya oso gaiztoa da, oso–oso gaiztoa.
Laia txikiaren festara senitarteko pilo bat etorri da eta ia denek opari bat ekarri diote. Eta batzuek niri ere ekarri didate. Horregatik gustatzen zait Laia txikiak urteak betetzea, niri ere opariak ekartzen dizkidatelako, naiz eta nire urtebetetzea ez izan. Eta poztu egiten naiz eta denek muxu ematen didate eta zenbat maite nauten eta zenbat hazi naizen esaten didate. Osaba Brauliok muxu ematea ez dut batere atsegin. Bizar luze–luzea du eta aurpegian min ematen dit.
Gustukoen dudan jakia zegoen urtebetetze festan: ganbak. Kostata ikasi nuen ganben izena baina azkenean bai ikasi ere: g a n b a. Gauza gehiago ere bazegoen baina ganbak bakarrik jan ditut. Adibidez gusanitoak eta patatak, eta gominolak eta litxarreria pilo bat. Horiek ere atsegin ditut.
Kotxe pila bat gordetzeko kamioia oparitu dio osaba Aitorrek. G u a t e m a l a t i k etorri da orain dela gutxi eta handik ekarri dio. G u a t e m a l a n lan egiten du osaba Aitorrek, eta B o l i b i a n eta E t i o p i a n . Osaba Aitorrek bere lantokiko izenak idazten erakutsi zidan. Gela osoan izen horiek idazten dakien bakarra ni naiz. Igual eskola osoan izen horiek idazten dakien bakarra neu izango naiz. Seguru asko baietz. Oso lan gogorra da eta meritu handikoa aittittek esaten du hori. “Meritu handiko lana betetzen du Aitorrek hortik zehar” esaten du. Hortik zehar oso urruti esan nahi du. Lehengoan esan zidan Ngeya bezalako haurrak zaintzen lan egiten duela. Aittittek arrazoia. Argazkia: Leonid Mamchenkov
Kamioia oso ederra da. Ez da telebistan edo dendetako erakustokietan dauden horietakoak bezalakoa. Espeziala zen. Coca Cola latekin, botiletako kortxo eta tapoiekin eta auskalo nondik ateratako kable zatiekin eginda dago. Mila koloretakoa da. Igual hamar edo hamabi kolore diferente kontatu dizkiot eta hori asko da. Izeba Nahiak ura botatzeko pistola. Osaba Anik Realeko kamiseta. Osaba Ani benetan Aniano deitzen da eta osaba Aitorrek Kulikulo deitzen dio eta jendeak barre egiten du baina ez dakit zergatik. Lehengusuen artean espidermanen pijama bat, puzzzzle bat, argi eta soinu eta guzti egiten duen suhiltzaile kamioia eta baloi bat. Beste lehengusuen artean linterna bat, hiru panpina desberdin, telebistan azaltzen den borrokak egiteko gaztelu bat, dragoi eta guzti, haurrentzako ordenagailu bat eta norberak eraikitzeko kamioia. Asko gustatzen zaizkio Laia txikiari kamioiak. Osaba Aitorrek dio mutilen jostailuak gustatzen bazaizkiola ez dela ezer pasatzen. Hori ere ez dakit zergatik esaten duen. Eta okerragoa da hainbeste opari izatea mutilentzako opariak izatea baino, esaten du. Hori bai ez dudala ulertzen baina egia da, Laiak nik baino opari gehiago dauzka.
Niri ganbak beste gustatzen zaizkio Ngeyari gaztainak. Andereñoak esan digu Ngeyak sekula ez zuela gaztainarik jan eta igual horregatik gustatzen zaizkiola hainbeste. Bere herrian ez omen dago gaztainarik. Ez gaztainarik ezta beste gauza on pilo bat ere. Adibidez telefonoa, telebista, benetako jostailuak, jostailuak erosteko dendak, egunero aldatzeko arropa ze aste oso bat eskolara arropa berdinarekin etorri ondoren osaba Aitorrek erosi behar izan zion. Bueno eta horrela gauza pilo bat.
Eta halako batean gaztaina bat erditik ireki eta xomorro bat zegoen eta kuriositatezko begirada bat jo ondoren denak irentsi ditu, gaztaina eta xomorroa. Korrika batean joan naiz komunera oka egitera. Eta andereñoa atzetik etorri zait ea ondo nengoen jakitera. Eta nik Ngeyak egindakoa azaldu diot eta berak lasai lasai, beste ohitura batzuk ditu, esan dit. Eta ni garrasika, beste ohitura batzuk?, hori nazkagarria da! Eta komunean dagoen oihartzunarekin eskola guztian entzun da. Zuk beti esaten duzu gehien atsegin duzun janaria ganbak direla ezta? Eta nik buruaz baietz. Ba ganbak, karakolak, zapo–hankak edo mingaina jatea ere, zenbait jenderentzat nazkagarria suerta daiteke. Xerra bat haragi pusketa bat da, zelaietan larrean ibiltzen diren behien haragi pusketa, edo beren txekorrena. Eta horrela mila gauza. Eta nik Ngeya, gaztaina eta xomorroa burutik kendu ezinik. Argazkia: rgdaniel
Ngeyak nahiz eta goserik ez izan jan egiten du. Jolas ordura irten gara eta futbol zelai atzeko baratzera joan gara. Aspalditik gordeta nuen sekretu bat erakustera eraman dut. Osaba Aitorrek esan zidan Ngeya batez ere naturan bizi izan dela, basoan eta horrela eta animaliak asko maitatzen dituela. Eta nik Lur ezagutzera eraman dut jolas orduan. Lur fraideen txakurra da, baratza zaintzen du eta baratza ere fraideena da. Baina Lur nire laguna da eta baratzean egoten uzten dit. Batzuetan azukre koxkorrak eramaten dizkiot. Esku osoa sartzen du orduan Lurrek bere aho handian eta eskumuturreraino jango didala ematen du. Baina azukrea bakarrik jaten du, mingain beroarekin heltzen du eta dena urtzen hasten da eta eskua blaitu egiten zait. Baina Lurrek orduan garbi– garbi uzten dit eskua, ez azukrerik ez beste ezer ez da gelditzen. Esku biluzia bere bost hatzekin. Oso osorik, ez aittittena bezalakoa, hatz lodiaren ondoko hatzeko punta falta baitzaio. Eta nik uste fraideek jartzen dioten janari sobera horiek baino askoz gehiago atsegin dituela nire azukre koxkorrak. Handitan albaitari izan nahi dut. Eta munduko albaitaririk onena izango naiz.
Ngeya baratzeko ureztatze sistemarekin geratu da txundituta. Lur ezagutzera ekarri eta kasurik ez, hau da marka! Eta ulertu ezinezko aurpegi liluratuak Laia txikiaren espiderman–en maskara dirudi. Begiak zabal–zabal eta ahoa mutu. Lurri jaramon egin ezagatik hain haserretuta ez banengo barre ugari egingo nuke Ngeyaren golkora. Hasieran poliki–poliki hurbiltzen da txorrotara. Ur–txorrotak orain bai orain ez irteten dira ziztu bizian tutu baten dauden milaka ahoetatik. Zizt! Zizt! Zizt! Ngeya ikaraz eta harriduraz besoa luzatzen du, baina berehala erretiratzen du. Ikusi ikusten du eta jakin badaki ura dela, hori uste dut, baina nola gezi baten pareko abiadan haizatzen den ez du zer gertatzen den ulertzen. Ura da, esaten diot, dutxakoa bezalakoa. Eta dutxan bezala bihotza aztoratu egiten zaio, eta sinetsi ezinik, munduko miraririk handienaz gozatzen ari balitz bezala, dantzan, saltoka eta korrika hasten da baratzean zehar. Tomateak eta lekak zanpatzen ditu eta ni ere bere atzetik korrika hasten naiz, gelditzeko saiakera ustela. Eta Lur ere gure atzetik saltoka hasten da, pozik eta zaunka. Baina Lurrek zaunka egitea ez da ona orduan fraideak etorri ohi direlako. Eta Lurren atzetik hasten naiz baretu nahian, baina orduan gehiago aztoratzen da eta ozenago egiten du zaunka pozarren. Eta Ngeya nekatzen hasi eta Lurren etxetxoaren ondoan gelditzen da eta bere plateretik jaten hasten da. Lurren zaunka alaien doinua erabat aldatzen dira eta orain zaunka oldarkorrak dira, beldurgarriak. Ai, azukre koxkorrik poltsikoan banu. Argazkia: obo-bobolina
Andereñoa buruko txirikorda ondo jartzeko eskuak buru atzera altxatzeko keinua egiten hasi eta Ngeya gela zokoan babestu da korrika eta imintzioka. Beste eztabaida sutsu batean galduta genbiltzan. Uzteko errotulagailu gorria eta Ngeyak ezetz, nik gehiago behar nuela eta Ngeyak ezetz, momentu bat erabili eta itzuliko niola eta Ngeyak ezetz. Pixkanaka eztabaidaren tonua altxatzen joan da eta eztabaida ia ez zen eztabaida, borroka baizik. Eta ni irabazten ari nintzen momentuan azaldu da andereñoa.
Andereñoa Ngeyagana hurbiltzean are eta gehiago beldurtzen da. Dardarka ari da, gorputza bilduta du. Ez du negarrik egiten, ezin du. Ikasgelan inork ez du ulertzen zer duen Ngeyak. Dagoeneko ohituta gaude bere jarrera arrarora, ez da neska normala. Ez diogu jaramonik egiten. Baina oraingo hau ez da normala. Baina ez da beti bezala. Oraindik arraroagoa da. Normalean ez diogu jaramonik egiten eta orain denok adi adi gaude andereñoak zer egiten duen.
Ngeyak ezin dio garrasiari eutsi. Andereñoak kalera ateratzeko esan digu eta denok pasilloan gaude orain. Eta Ngeyaren garrasiak gure ondoan entzuten ditugu. Eta lagun batzuk aztoratzen ari dira. Egia esan nik ere ezin diot negarrari eutsi. Kristoren pena sentitzen dut barruan, botakagurea daukat eta ezin diot negarrari eutsi. Kristoren pena, hori esaten du aittittek bazkal ostean periodikoko eskelak irakurtzen dituenean. Eta ondoko gelako andereñoa atera da iskanbila hau zer den ikustera eta kalean ikusi gaitu eta zer gertatzen den galdetu eta gure gelara sartu da. Segidan atera da gure gelatik eta bere gelara eraman gaitu denok. Eta bi gela batera gaude. Baina Ngeyaren oihuak eta negarrak bertan egongo balira bezala entzuten dira eta ondoko gelako andereñoak, bere gelako haurrak eta gu, denak batera, futbol zelaira eraman gaitu bertan jolastera.
Osaba Aitorri galdetu diot ea Ngeya zoratuta dagoen. Berak ezetz esan du. Ba hala ematen du, nik. Zer gertatu da?, berak. Ba gelako zoko batean eseri da eta garrasika egon da bi orduz eta ez zen gelditzen eta inork ezin zuen ukitu ze norbait gerturatzen zenean orduan eta garrasi gehiago egiten zuen eta aurpegia paretaren kontra estutzen zuen eta ematen zuen min hartuko zuela edo sudurretik odoletan hasiko zela eta ... Zergatik joan da zokora, norbaitekin haserretu da? Ba ematen zuen andereñoarekin ze ez zion inola ere hurbiltzen uzten. Zu ondoan zeunden zokora joan denean? Baaai, andereñoak buruko txirikorda askatu du eta ondo jartzen ari zen eta ... Burrukan ari al zineten? Burrukan ez!!! Ez zidan errotulagailu gorria uzten eta ... Eta andereñoa hurbildu zaizue eta txirikorda ondo kokatzen hasi da. Baaai.
Osabak esan dit Ngeyak fabrika batean egiten zuela lan. Hori lehen ere esan zidan. Oso–oso pobreak ziren bere herrian eta bere familian, eta gainera ama hil egin zen. Ngeya orduan fabrika batean jarri zuten lan egiten. Hasieran garbiketa lanak betetzen zituen. Fabrikako zoko eta zirrikitu beltzenak garbitu behar izaten zituen, beste inor sartzerik ez zuen tarte hertsi eta zikinenetan. Hor arratoiekin borrokatzen zen janariagatik, fabrikan ez baitzion inork jaten ematen. Goizeko bostetan jaikitzen zen lanera joateko eta gaueko hamabietan iristen zen lanetik etxera. Etxean ahora eramateko ezer gutxi gordetzen zioten, apur batzuk noizbehinka. Nekearen nekeaz fabrika ertzetan lo gelditzen zen batzuetan eta bertako langileburuak zumar adar batekin jotzen zuen, askotan konortea galduarazi arte.
Eta osaba Aitorrek uste du, beharbada, borrokan ari ginela andereñoak eskua altxatu duenean, Ngeyak andereñoa bera astintzen hasiko zela pentsatu duela. Eta horregatik, beharbada, zokora joan dela korrika beldurraren beldurrez. Eta horregatik ez ziola andereñoari hurbildu ere egiten uzten. Argazkia: Ctd 2005
Eta aurrerago Ngeyak jada ez zituen fabrikako zokoak garbitzen. Fabrikako sail batean lanean jarri zuten. Baloiak egiten. Oierrek begiak erabat irekita dauzka, espiderman–enak baino askoz irekiago. Ez dit kontatzen ari naizena sinesten eta nik baietz eta baietz, baloiak egiten lan egiten zuela.
Ostiko soil bat ematen ere ez daki eta, nola ibiliko zen baloiak egiten? Ngeeyyyyyyyyyyaa! Etorri azkar! Txotxolo honek ez dakizula baloirik egiten esaten du. Eta korrika hasten da baloiaren atzetik ostiko bat eman nahian, baina Oierren lagunek ez diote uzten. Euren artean baloia pasatzen hasten dira Ngeyak har ez dezan. Eta halako batean baloia gertu–gertu duenean zangoa astintzen du eta baloiaren ordez Nekaneren ipurdia ostikatzen du eta Ngeya lurrera erortzen da. Denak barrez lehertzen dira.
Apustuak, denak Ngeyaren aurka, oso ondo doaz. Baloi bat, bazkal orduko postrea, Realeko pegatinak, Barbie bat, hamabi koloretako axota, puzzle bat eta abar. Nahi duzunean Ngeya, ez hutsik egin orain eh?! Eta guraizerik gabe, ziririk gabe, kakorik gabe, hatz hutsez baloiaren haria askatzen hasten da. Putre baten hatzaparren indarraz askatzen du haria, ziztu bizian gainera, duda izpirik eta zerbait apurtzen ari zarenean duzun urduritasun eta emozio aurpegirik gabe. Mekanikoki ibiltzen du hatzak, gogor, sendo, bai eskuina nola ezkerra. Eta istant batean baloia biltzen duen narrua lurrean zegoen eta haria Ngeyaren eskumuturrean korapilatuta.
Hori erreza da, neronek ere egin nezakeen, Oierrek. Eta askatu bezala, berdin–berdin narrua josten hasten da. Bere esku hutsez, aparaturik gabe. Maskurrez beteriko hatzak dira bere erremintak. Harrezkero famatua egin da Ngeya eskolako mutil futbol zaleen artean.
Kontu kontari etxera goaz Ngeya eta biok. Bidai agentzi batetik atera berri gara bere herrira joateko billetea erostetik. Emozionatuta nago oso eta hunkituta eta urduri. Eta ni horrela banago, zeintzuk izango dira Ngeyaren sentipenak? Galduta bizi izan den haurra eta neskatoa eta gaztea iruditu zait beti. Zerbaiten bila beti, zerbaiten atzetik, zerbaiten faltan. Beharbada bere herrian aurkituko du zer hori. Edo beharbada ez. Eta denok zerbaiten bila gabiltzala jakingo du orduan, bera ez dela bakarra. Eta bilatzen duen horrek, aurkitutakoan ere ez duela sortutako hutsunea betetzen ere jakingo du. Eta ezagutuko ditu, lehen ez bezala, bakardadea eta noraeza. Eta lurra joko du beste behin. Eta bizi osoaren bidegabekeria gainera etorriko zaio. Eta ez du aurrera jarraitzerik nahi izango. Baina ni berarekin egongo naiz.
