Euskonews Gaztea
Gaiak: Luisa Etxenika
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Idazle ugari ditugu gure artean; gizon edo emakume, gazte zein heldu. Ukaezina da eskaintza aldetik non aukeratu badaukagula. Horien artean 2009ko Euskadi Literatur Sarietako irabazle izan den Luisa Etxenike dugu.
Donostian jaio zen 1957an eta idazle eta kazetari lanak egin izanagatik da ezagun; hala ere, Goi Mailako ikasketez Zuzenbidean lizentziatu zen gipuzkoarra. Baina berarekin txikitatik eramandako guraria idaztea eta idazle izatea izan da, eta ekinaren ekinaz lortu du. Argazkia: Maider Sillero.
Donostia utzi eta denboraldi batez Guatemalan bizi izan zen; itzultzean, oraindik argiago ikusten zuen zertara dedikatuko zen. Zailtasun handiko lanbidea edukitzea aukeratu duela aitortu du behin baino gehiagotan, ezen idazteak esfortzu handia eta denbora asko eskaintzea eskatzen baitu. Noski, idazteko modu ugari daude, liburuak direla, edo ipuinak, edota egunkari batetarako artikuluak... Oinarrian berbak egon arren, estilo ezberdina eskatzen dute eta horietara moldatzeko arazorik ez du eduki. Besteen artean, El País eta El Mundo agerkarien euskal edizioetan iritzi artikuluak idatzi izan ditu eta La Primitiva Casa Barojak editatutako Literatura astekarian ere kolaboratu izan du.
Sormenezko idazlanen tailerretan koordinatzaile lanak egin izan ditu, besteak beste. Gainera, 1987. urtetik Donostiako Udaletxeak antolatutako Emakume Idazleen Topaketetan parte hartu du eta koordinatzaile moduan aritzen da.
Aipatu bezala, askotariko lanen egilea dugu Etxenike, eta horien artean, hainbat itzulpen burutu ditu frantsesetik gaztelaniara. Hala nola, Jacques Roubauden Algo Negro, Jean Michel Maulpoixen La cabeza de Paul Verlaine edota Claude Lanzmann idazlearen Alguien vivo pasa.
Baina autore bezala ere liburu mordoxka kaleratu ditu donostiarrak. Aurreneko liburua Silverio Girón izan zen, 1986an publikatu zuena. Ondoren etorri dira beste makina bat titulu, besteen artean, Querida Teresa (1988), Efectos Secundarios (1996), El mal más grande (1997), Vino (2000), Los peces negros (2005) eta El ángulo ciego (2008).
Bere lana aintzatetsi diote Luisari sarritan, eta horren adierazle da Frantziako Gobernuak emandako Arte eta Letren Ordenaren Zaldun saria. Eta bestalde, 2008an idatzitako El ángulo ciego eleberria medio, Gaztelaniazko Euskadi Literatur Saria eraman zuen etxera 2009an.
Bizitzan eta literaturan zertzelada txikienak ere garrantzia dauka Luisa Etxenikerentzat eta irakurleak bere mundura bereganatzeko ahaleginetan, helburuak nola lortu dakien emakumea da.
