506 Zenbakia 2009-10-30 / 2009-11-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gorka Otxoa

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Geroz eta gehiago dira famatu izan nahi dutela erabaki eta telebistara jotzea erabakitzen duten gazteak. Batzuek asko irauterik lortu ez arren, beste batzuen kasuan gauzak ondo joan eta uzta ederra biltzen dute eginiko lanari esker. Azken kasu horren adibidea dugu Gorka Otxoa aktorea. Argazkia: Esquinasenrique

Donostian jaio zen 1979ko urtarrilaren 13an hain zuzen ere. Gazte–gaztea zela, antzezpenerako dohaina erakutsi zuen baina ez zeukan seguru aktorea izan nahi zuela. Casting batzuk egin ostean, Euskal Herriko telesail famatuenean, Goenkalen, bere aurreneko paper garrantzitsua lortu zuen; Patxi gaztearen betebeharretan sartzeak (1998tik 2003. urtera bitartean aritu zen horretan) asko ikasteko balio izan zion. Eta hori nabaritu egin zen, hastapen haietatik lana barra–barra eduki baitu donostiarrak.

Hala, Oscar Terolen atentzioa deitzea lortu eta bere eskutik hasi zen Vaya Semanita saioan. Erregistroz aldatzea egokitu zitzaion orduan Gorkari, baina ez zen zaila izan berarentzat umorearen arlora igaro eta esketxez osatutako saioari aurre egitea. Bere aurpegia geroz eta ezagunago bihurtzen hasi zen, ez bakarrik euskaldunen artean, baita estatu mailan ere.

Hala ere, Vaya Semanita ez da izan umorea landu eta esketxak egin dituen toki bakarra, Made in China edota Territorio Champiñon moduko saioetan parte hartu baitu lanean hasi zenetik. Gainera, Amerikako Estatu Batuetan horren famatua den Saturday Night Live saioaren bertsio espainiarreko lantaldearen parte da 2009tik.

Artistikoki polifazetikoa, telebista, antzerkia eta zineman lan egin du. Telebistari dagokionez, El Comisario (2000 eta 2002), Hospital Central (2002), Cuéntame como pasó (2002 eta 2004), Los Serrano (2005), Cafetería Manhattan (2007), Cuestión de sexo (2007tik 2009ra) moduko saioetan parte hartu du, eta azken horretan protagonistetako bat izan da.

Esan bezala, taula gainean ere aritu da, eta gainera eroso sentitzen da Gorka bertan. Hala, hainbat antzerki lanetan parte hartu du, horien artean, Olvida los tambores, Erase una vez...o casi, Sin–Vergüenzas edota El mercader de Venecia lanak daude. Zuzeneko emanaldiei aurre egiteak teknika aldetik hobetzea ekarri dio Otxoari.

Baina pantaila handira salto egin zuen donostiarrak, eta El Palo (2001), Noviembre (2003), Etxera (2004), La crísis carnívora (2006), Limoncello (2007), Un poco de chocolate (2008) eta Pagafantas (2009) pelikuletan paperen bat jokatu izan du. Pagafantasi dagokionez, protagonista nagusia izan da, eta eginiko lanarengatik txalotu dute Gorka, baita saritu ere. Hain zuzen, Tarazona eta Mocayoko Umore Zinema Jaialdian Aktore Errebelazio saria eman zioten.

Gorkak umorea odolean daramala ezin ukatu. Baina hala ere bestelako paperak betetzeko berezko abilezia daukala erakutsi digu behin eta berriz interpretatutako pertsonaietan.