506 Zenbakia 2009-10-30 / 2009-11-06
Sarritan pentsatu izan dut zomorro arraroren bat izan behar dudala, zenbait jenderen portaerarekin harrituta geratzen naiz eta. Telebista piztu eta gazte batek irakaslea jo duela entzuten dut; amari modu txarrean hitz egiten dion familiarekin gurutzatu naiz kalean; merkatuan nagoela nire aurretik lotsagabe igarotzen den amonarekin egin dut tupust...
Nik 26 urte ditudan honetan, ulergaitzak zaizkit jokaera hauek. Adin kontua izango al da? Garaiak aldatu direla? Erantzun garbi baten faltan, nire teoria daukat: batzuk gaizki heziak izan dira eta beste batzuek nahiz eta haien gurasoak saiatu, gaizki ikasitakoak direla iruditzen zait. Maiz, gurasoek ez dute beraiek gaztetan jasan zuten diziplina gogorra euren seme–alabek edukitzea nahi eta munduari “askatasun” osoz aurre egitera animatzen dituzte. Eta askatasun hori edozer gauza egiteko aukera izatearekin nahasten dute askok, agian ez zaielako diferentzia erakutsi, edota begirune pixka batekin jokatzea funtsezko zerbait ez dela pentsatzen dutelako.
Dena delakoagatik, ezerekiko adeitsua ez denak bere buruarekiko errespeturik ez daukala iruditzen zait. Eta agian uler nezake 15–17 urte bitarteko neska–mutilek jarrera hori hartzea –gogoratu “agian” esan dudala– denok baitakigu adin–tarte horretan hormonen eraginez–edo, askotariko jokamoldeak ematen direla. Hori bai, ez zait buruan sartzen nola den posible jende helduagoa horrela aritzea, albokoari edozein modutan hitz eginez, esaterako.
Ingurukoei eskerrik ez ematea ere zenbait hartu–emanetan oso ohikoa izaten den puntu bat dela ikusi ahal izan dut; edota enpresa batetan kargu bat bete eta bere statusagatik langileak zakarki tratatzea zilegi dela uste dutenen berri ere eduki dut. Despota hutsa izateak plazera emango balie bezala!
Ez zait iruditzen besteekiko errespetua adieraztea horren zaila denik. Nahikoa da noizean behin adeitsua izatea, begirada txarrik ez botatzea, edota inguruan ditugunak gure maila berean daudela pentsatzea, hau da, ez direla ez gehiago, ez gutxiago. Noski, batzuk samur egingo duten gauza da, besteak agian ikastetxera bidali beharko genituzke berriro, maneren gaineko eskolak har ditzaten...