Euskonews Gaztea
Gaiak: Zure moduan, pirata naiz (musika Internetetik jaisteko ohitura)
Orain ez lehen bezain beste, baina gazteagoa nintzela ohera sartu eta irratia off–etik on–era pasatu eta ordu erditik ordubetera inguru igarotzen nuen nire belarrietara iristen ziren melodiekin gozatzen. Eta dialean atzera eta aurrera ibili ostean ezer espezialik ez banuen aurkitzen, nire CDetatik bat aukeratu eta lokartu artean, buruan bueltaka nituen arazoak alboratu eta erlaxatzen saiatzen nintzen.
Gero, unibertsitatera joateko garaia iritsi zitzaidan eta gelakideari ez zitzaion nire ohitura askorik gustatzen... Hasieran entzungailuekin saiatu nintzen; baina ez zen berdina, ezta erosoa ere, eta isiltasunean loak hartzen ikasi behar izan nuen. Baina hori ez da gaurko hizketa gaia; orduan zergatik hasi naiz honetaz idazten? Argazkia: Pink Sherbet Photography
Arrazoia oso sinplea da. Gurasoen etxe utzi eta independentziarako nolabaiteko urratsa eman dudan honetan gauzak kaxetan sartzen hastean, ohartu naiz zenbat eta zenbat talderen CDek osatzen duten nire musika bilduma. Ikaragarria hartzen duten tokia! Beno, eta pisuari dagokienez....
Baina zentra nadin. Kaxak betetzeko prozesuan orain urte mordoxka entzuten ez ditudan altxorrak aurkitu ditut; beno, batzuk altxorrak dira, beste batzuek lotsa ere eragiten didate; nola demontre erosi nituen CD haiek!! Ez ditut izendatuko, errespetuagatik, baina edo gustuak ikaragarri aldatu zaizkit, edo osterantzean belarria findu zait.
CD nahikotxo oparitu egin dizkidate urte guzti hauetan, normalean lagunek urtebetetze egunean ematen zidaten bat edota menditik jaisten den ikazkinak ekartzen zidan. Eta ez dira gutxi zinta alboratu nuen garaitik erosi izan ditudan CDak. Ados, azken aldian ez horrenbeste... Aitortzen dut Internetetik jaitsi izan ditudala talde askoren disko zein bildumak, edo lagun bati grabatu, edo... Eta zer nahi duzue esatea, normala iruditzen zait hori egitea; hau da, etxean 50 baino gehiago baldin baditut, eta denak nire poltsikotik ordaindu behar, ez nituzke ziurrenik ditudan guztiak edukiko –kalkulatzen ibili naiz eta 900 euroren bueltan ibiliko litzateke.
Hala ere, badago ongi egiten ez dudan zerbait. Talde handien musika jaistea ederto iruditzen zaidan moduan, askotan ez naiz konturatzen talde txiki, eta nire filosofiaren arabera, euskaldunen lanak “pirateatzea” ez dagoela ongi. Beti pentsatu izan baitut aurrena grabatu eta ondoren, benetan gustuko ditudan CD originalak erosi beharko nituzkeela... Eta askotan ez dut egin, ez naiz nire buruarekin koherentea izan.
Aldatuko dudan nire jarrera? Batek daki, denborak esango du. Barkatuko didazue, amaitzen joango naiz, kaxa bat betetzeko garaia iritsi baitzait gogoeta honen ostean... Hara zer aurkitu dudan, pelutxeak! Honi buruz ere idatz nezake...baina beste batean izango da.