Euskonews Gaztea
Gaiak: Yolanda Arrieta
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Etxebarrin (Bizkaia) jaio zen Yolanda Arrieta Malaxetxebarria 1963ko uztailaren 6an, baina gaur egun Usurbilen (Gipuzkoa) bizi da. Arrieta, idazle moduan dugu ezagun.
Jaio zen hamarkadan, Yolandaren etxean –ia etxe guztietan bezalaxe– ez zegoen telebistarik eta entretenitzeko amarekin denbora dezente igarotzen zuen; hala, etxeko sukaldean aurrenekoz eduki zuen literatura munduarekin harremana.
Urteak igaro ziren heienean, goi mailako ikasketak egiteko unea iritsi zitzaion Yolandari. Lehenengo Eskoriatzako irakasle eskolan matrikulatu zen eta baita lizentziatu ere. Ostean, Antzertin eman zuen izena eta betidanik horren gustuko izan duen antzerkigintza arloa jorratu zuen bizkaitarrak. Segidan Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen kanpusean Kultura eta Gizarte Antropologia ikasketak burutu zituen.
Antzerki obra ugari idatzi dituen emakumea da Arrieta. Gela txikiko soineko beltz iluna izan zen aurrenekoa. Ondoren etorri ziren, Gaur ez dago funtziorik (1991), A eta B= 1? (1991), Atrakoa (1992), Badago ala ez dago...? (1995), Noiz baina! (1995), Lekurik bai? ( 1996) edota Groau! (2004).
Baina antzerkirako obrak idazteaz gain, Yolanda haur eta gazte literaturari eginiko ekarpenengatik da ezagun eta ez dira gutxi publiko mota horri zuzenduta argitaratu dituen liburuak. Horien artean daude, Badago ala ez dago? (1992), Begigorritarren erlojua (1992), Hegaldiak (1994), Denboraren kanta–kontuak (1995), Nola bizi, zazpi bizi (1996), Izar bat erori da zerutik lurrera (2000), Astebeteko kontuak (2005) zein Oinutsik jauregian (2007).
Eta Yolandak bere idazteko zaletasuna beste eremu batera eraman eta helduei zuzendutako lanak ere egin izan ditu. Jostorratza eta haria izan zen lehenengoa; 2001. urtean argitaratu zuen eta adituek nobela liriko moduan kalifikatu izan dute. Publiko zehatz honi zuzenduta argitaratutako bigarren lanak Gatzaren atzetik. Emakumeen irudia euskal ipuin herrikoietan: Mari–xor du izena, baina nobelaren ordez, saiakerarekin azaldu zen 2005ean irakurleen aurrean Arrieta.
Esan daiteke bere bizitzaren ardatza literatura izan dela beti, eta horregatik, horri lotuta bestelako lanak ere burutu ditu liburuak idazteaz gain. Besteen artean, idazketa sortzaile tailerrak gidatu ditu hainbatetan bizkaitarrak. Gainera, bitxikeria moduan, literatura beste hainbat produktu ezberdinekin uztartu ditu; adibidez, Aitziber Alonso ilustratzailea lagun, 2006 eta 2007 urteetan Galdakaoko Udalak kaleratutako Egutegi Olgetariak sortu zituzten edota postal literario ugari kreatu dituzte biek batera.
Gidoigintza ere ezagun du emakume honek eta Euskal Telebistako Hasiberriak telesailean zein Baietz gogoratu! saioan lan egin du. Bestalde, Yolanda Arrietak prentsan nola irratian ere kolaboratu izan du.
Idazle askorentzat beraien lanak argitaratzea nahikoa sari izaten den arren, inoiz ez daude soberan bestelako aintzatespenak; eta Yolandaren kasuan asko izan direla esan genezake. Hala, 1990ean Santurtziko Udalak Antzerki Labur Saria eman zion Gaur ez dago funtziorik lanagatik. Baporea Narratiba Saria berriz Begigorritarren erlojuak eman zion 1991an; urte hartantxe gainera Pedro Ignacio Barrutia saria eraman zuen etxera Badago ala ez dago? antzezlana zela medio. Lekurik bai? lanaren bitartez 1993an Donostia Hiriaren bigarren saria eskuratu zuen eta 1997an Jostorratza eta haria nobelarekin Irun hiria saria. Amaitzeko, orain artean bere azken antzezlana izan den Groau! obrak Max Sarietan Antzerkigile onenaren saria eskuratzea ekarri zion Arrietari 2006an.
Taula gainean interpretatuak izateko idazkiak, nobela, saiakera zein ipuinak; irakurleak fantasia zein errealitatezko munduan barreiatzea lortzen du letrak elkarri josteko duen abileziarekin.