503 Zenbakia 2009-10-09 / 2009-10-16

Artisautza

Keixart. Tailatze lanak egurrean eta karteletan: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesuak

Lanerako pagoa, gaztainondoa, astigarra, pinua edo bezeroak eskatu edo eramango dion beste edozein zur erabiltzen badu ere, Jabierri haritzarekin lan egitea gustatzen zaio.

Jabierrentzat haritza da basoko errege, eta pagoa erregina.

Pieza handietarako taula estrabedunak, lekedatuak eta mihiztatuak erabiltzen ditu, egonkorragoak direlako. Zur estrabeduna jadanik kalibratua eta tratatua egoten da, eta banatzaileari erosten dio.

Koadroetarako haritz-, pago-, pinu-, astigar- edo gerezi-pieza birxaflatuak erabiltzen ditu, baita egur trinkoa ere.

Zur guztia (oholak) zerrategi berean erosten du, garai egokian moztutakoa eta behar bezala lehortutakoa dela ziurtatzen diolako, bi baldintza horiek betetzen ez badira, lana amaitutakoan piezak pitzatzeko edo okertzeko arriskua baitago.

Pieza guztiek bi berniz-geruza izaten dituzte: berniz ekologikoari dagokiona bata eta berniz sintetikoari edo poliuretanoari dagokiona bestea. Lan horietako batzuk intxaur-, haritz- edo gerezi-argizari naturalez ezkoztatu ohi dira. Ezkoak oso ukitu berezia ematen dio tailari, eskuz eginiko lana eta egurraren zainak nabarmentzen baititu.

Lan horiek guztiak egiteko bi fresatzeko makina, lixagailuak, lodiera-makina, marrusketak, daratuluak, motozerra, zinta-zerra eta alakagailu bat ditu.

Zirriborroa oinarritzat hartuta, ordenagailuan eskanerretik pasatu eta hainbat programa informatikoren bitartez lana antolatzen du. “Lan hori egiteko denbora asko behar da”, esan digu Jabierrek.

Jarraian, bezeroak behar dituen neurrietara egokitu eta kanpoko itxura ematen zaio eskatutako piezari.

Sistema horrek marra kurbatuak, zuzenak, etab. erabiltzeko aukera ugari ematen dio artisauari.

Egurra tailatuz, zirriborroari buruzko frogak egiten ditu aldeak edo akatsak zuzentzeko, eta ondo dagoenean argazkia bidaltzen zaio bezeroari, lana nola geldituko den erakutsiz.

Bezeroaren onespena jasotakoan, pieza tailatu eta eskuz, gubiarekin, azken ukituak ematen zaizkio. Lixa mota ezberdinez (60kotik hasi eta 240koraino) pieza lixatu eta azken eskualdia ematen zaio, berniz edo esmalte sintetikoak edo ekologikoak erabiliz, edo tonalitate desberdinetako argizari naturalekin.

Soil-soilik eskuz egiten dituen lanetarako eta lantegitik irteten diren pieza guztien amaierarako, tresna sorta handia du: gubiak, trintxak, tailagileen hainbat zur-mailu, arraspak, metroak, konpasak, eskuairak, sarjentak, esku-zerra, arku-zerra, kurrikak, bihurkinak, giltza ingelesak, zurgin-mailua, belarriduna, nylonezkoa, boladuna, galgak, kalibreak, hortzak, bastrelak, grapagailuak, kurba-moldeak, marrusketak, garlopak, garlopatxoak, hainbat neurritako sarjentak, etab.

Ebaketa-tresnen jatorriari dagokionez, Jabierrek nahiago omen ditu Alemaniakoak, kalitate handiagokoak direlako. Azpeitiko enpresa espezializatu batera bidaltzen dituen makinetako fresak izan ezik, gainerakoak berak zorrozten ditu: lehenbizi esmerilagailu elektrikoan eta amaieran zorrotzarri oliodunean.