503 Zenbakia 2009-10-09 / 2009-10-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Seaskako ikasleen ibilbide sozio-profesionala

GORRI, Eneko



2009an, Seaskak 40 urte ospatu ditu Ipar Euskal Herrian. Lau hamarkada aitzinago, guraso multzo batek, naturalki eta intuizio handiarekin, proiektuari hasiera ematen zioten. Lehen urteetako proiektua argi zen: haurrei euskaraz ikasteko aukera eman, geroan euskaraz bizi ahal izateko. Baina ikastola proiektuaren inguruan, beste hainbat helburu eta oinarri baziren.

Urtebetetze guzietan bezala, gibelerat begiratu eta aitzinean ditugun desafioak zein diren kokatzea komeni da. Talde pedagogiko eta Seaskako bulegoaren baitan, aspaldian izan dira erantzunik gabeko galderak: ?Zer bilakatu dira ikasle ohiak?? ?Gure helburuak bete ote dira?? ?Non bizi dira?? ?Zer lan dute gaur egun?? ... Kutzukeriatik at, ikerketa sakon eta adierazgarri baten egiteko beharra sentitu da Hezkuntzek eta Seaska egituren baitan. Gaindegiak hartu du horren zuzendaritza, eta hiru atalen inguruan eraikitako ikerketa ekoiztu du: euskara eta Seaska ? ibilbide sozio-profesionala ? mugikortasuna.

Ikastola ametsa baino gehiago...

Urtez urte Seaskak (eta beren haritik ikastolek) indarra eta segurtasuna irabazi dute. Ikasle eta ikastetxe kopuruen emendatzeaz gain, ikasketa baldintzak ere hobetu dira, errekonozimendua hobetu da, eskaintzak ugaritu dira... Horrek ez du kentzen kolegioaren ondotik, bi ikasletik bat ikastolatik ateratzen dela. Arrazoiak anitzak baldin badira ere, eskaintzen eskasia behin baino gehiagotan aipatua da: izan opzioak (artea, antzerkia, hizkuntzak...) edo lanbide heziketa (hau da, baxo profesionala edo teknikoa).

Bestalde, ikastola giza abentura handi bat da barnetik bizi izan dutenentzat. Ikasle ohi askok familiarekin konparatzen dute. Metafora hori erabiltzen duten gehien gehienek, aspektu hau positibotzat jotzen dute: ikasketa baldintzak errazten ditu, harremanak sendotzen, transmititutako baloreak ontzen eta egindako lagunak egonkortzen. Hala ere, gutxi batzuentzat, familia giroa ez da egokia izan: kopuru txikiegiak, ezagutza berri eskasa, irekidura eskasa... Dena den, ikasle ohi gehienek iritzi positiboa dute ikastolak transmititutako irakaskuntza kalitateaz (%80) eta baloreez (%88).

Horrez gain, nahiz beren kideak emantzipatu diren, familia oraindik batua bezala agertzen da: ikastolatik atera diren ikasleek %13-ak bakarrik ez du ?hainbeste? edo ?batere? harremanik bere ikaskide ohiekin. Era berean, hamar galdekatuetatik zortzik familian egoteko eta familia handiarazteko xedea dute beren haurrak ikastolan eskolatuz. Transmisio eta belaunaldi erreprodukzio handia nabari da. ... Euskarari urrats bat gehiago

Euskarari buruz, bigarren mailara arte ikastolan egon direnen ikasleen 2/3-ak etxean euskaraz mintzatzen baldin baziren ere, ez da baitezpadako baldintza bat. Gelditzen den 1/3-a euskaraz mintzatzen zen tarteka... edo batere ez. Horrek frogatzen du guraso erdaldun hutsak izanki ere, Baxoa arte iristen ahal dela ikastolan. Horrek ez du haurren eskolatzea segitzea edo eskola-sostengua oztopatzen.

Ikastolen xedeetan sartzen zen euskaraz bizi ahalko lukeen jende euskalduna heztea. Zertan dira emaitzak? Zenbatek euskara erabiltzen dute? Zenbatek euskaraz lan egiten dute? Euskarari buruzko atxikimendua biziki handia baldin bada ere (%88-a biziki atxikia dela dio), euskararen erabilerari buruz balantze kontrastatu bat egin dezakegu: euskaraz hitz egiten da gehienbat eremu pribatuan (10-etatik 6-k askotan euskaraz hitz egiten dute etxean eta lagunekin), eremu publikoan baino (10-etatik 4-k askotan euskaraz hitz egiten dute lanean eta eguneroko bizian). Hala ere, ez gara datu hauetara mugatu behar: kontutan hartu behar da komertzio, lantegi eta administrazio gehienetan euskara ez dela kasik erabilia. Nahiz lan munduan euskarak geroz eta garrantzia gehiago duen, ez da oraindik gehien erabilitako hizkuntza Ipar Euskal Herrian. Ikasi... Zer ikasi?!

Baxoaren ondotik ikasketak segitzen dituztenak asko dira (%96). Zurrumurruen arabera, ikastolatik ateratzen diren gehienek letrak eta giza zientziak ikasten dituzte, zientziak eta ingeniaritza eskolak baztertuz. Herri-uste hau datu enpirikoa ote da? Bai eta ez errateko tendentzia genuke. Bai, bi aldiz gehiago baitira soziologia, psikologia edo hizkuntzak ikasten dutenak, zientziak ikasten dutenak baino. Bai ere Bordeleko akademiako datuekin alderatuz gero gain-errepresentazio bat agertzen dela. Baina ez, Frantzia osoan behatzen den tendentzia bat delako. Nahiz ikastolan tendentzia hori azkarragoa izan, ez da ikastola ereduaren berezitasun bezala ikusi behar.

Alor batzuk azpi-ordezkatuak dira hala ere (merkataritza, turismoa...). Baina horrek ez du kentzen goi mailako diplomatu tasa azkarra dela ikastolan. Sustapenezko estatistikarik egin gabe, erran daiteke ikastolako ikasleak ez direla eskola sistematik atera besteak baino bagaje gutxiagorekin. Ez gara bakarrik Brebeta edo Baxoaren arrakasta tasetan oinarritzen horren ondorioztatzeko. Eskola ibilbidea ez da soilik ziklo bukaerako azterketen bidez neurtzen. Horrez gain, ezin dugu ikastola beste ikastetxeekin konparatu bere ikasleen emaitzak eta ibilbidea kontutan hartuz bakarrik. Horrek suposatzen dituen arazo etikoetaz gain, arazo zientifikoak ere baditu: beste hainbat aldagai kontutan hartu behar dira. Ikasle ohi guztiak irakasle?

Ikastolatik pasa diren eta gure galdetegiari erantzun dietenen erdia baino pixka bat gehiago lanean ari dira (%55). Beste herri-uste baten arabera, ikastolako ikasleen proiektu profesionala irakasle izatea da. Beste anbiziorik ez lukete izanen... Datuei begira ezartzean, ikusten dugu lau ikasle ohietatik bat irakaskuntza munduan ari dela lanean! Ordezkoak, AVS delakoak, irakasleak eta zaindariak biltzen badira ere sail horretan, proportzio biziki handia da.

Ondotik, osasunean, sozialean eta kazetaritzan banatzen dira lan egiten duten ikasle ohiak. Zuzenbidean edo informatikan ari direnak aldiz gutxi dira. Batzuen erranetan, ekonomia ?ez produktiboa? oraindik garatzeko da Ipar Euskal Herrian. Produktibo nozio horren gibelean ez da konnotazio kualitatiborik ulertu behar. Ekonomia produktiboa industria eta eraikuntzari lotzen zaio gehienbat, ekoizpen materiala baitu gehienbat. Ikasle ohiak: lau haizetara?...

Ikasleen ?-ak Ipar Euskal Herritik kanpo joan baldin badira ikasketak egiteko, 1/4 ?a bakarrik joan da lan egiteko. Ikasketa garaian, erbesteratzen hautatu baten kasuan gara gehienetan (%62-arentzat). Aldiz, ?herrira? itzultzeko xedea agerikoa da: Euskal Herrian lan eta bizitzeko gogoa oraindik indarrean da ?-entzat.

Horrek ez du kentzen badirela erbesteratuak diren ikasle ohi batzuk. Gehienek beren egoera hautatu badute ere (maitasun kontuek, adiskidetasunak, lan aukerak... erakarriak) beste batzuk gain-diplomatuak dira eta badakite lanik ez dutela atzemanen Ipar Euskal Herrian. Erbesteratu horiek gain-diplomatuak izateaz gain, lansari altua eta goi mailako postu bat okupatzen dute.

Baina Ipar Euskal Herrian lanik atxematen ez badute ere, zergatik ez Hego Euskal herrian saiatu? Ohartzen gara Hego Euskal Herriko lau lurraldeak ez direla arras bizi eremu naturala denentzat... Herenak onartzen baldin badu hara joateko prest dela, azkenean gutxik zeharkatzen dute ?muga? lan egiteko edo ikasteko. Ikastola garaian egindako trukaketa kulturalek ez dute arras lortu buruetan den muga hausten...

Bukatzeko, errango nuke inkesta horri esker Seaska eta Ipar Euskal Herriko ikastolen ezagutzaren ateak ireki ditugula. Orain, ezagupen berri hori erabili eta hedatu behar da.

Baina etxeko atea bakarrik ireki dugu eta etxeak baditu oraindik gela bezainbat ate. Giza abentura eder horren protagonista handiak galdekatu ditugu: ikasleak. Baina ikasle ohien ibilbideaz gain, beren balore edo bizipenak ikertzen ahalko genituzke edota gurasoen motibazioak, irakasleen esperientziak, ikastolen laguntzaile guztien ekarpenak... Hamaika ikerketa angelu desberdin atzeman daitezke. Oraina ulertzeko eta etorkizuna eraikitzeko, iragana ezagutzea ezinbestekoa baita.