502 Zenbakia 2009-10-02 / 2009-10-09
Ziurrenik, ume guztiek bezala negar egingo zuen Toti Martinez de Lezeak 1949an mundura iritsi zenean; Arabako hiriburuan jaio zen pertsonaia polifazetikoa. Bere nobela historikoek ezagun bihurtu duten emakumea Bizkaian bizi da egun, Larrabetzun hain zuzen ere.
Totiren aitak historiarekiko zaletasun handia zeukan eta liburuetan irakurritakoa familiako gainerako kideei kontatzen zien ondoren. Hala, poliki–poliki gai horren inguruko interesa piztu zitzaion. Baina arabarrak beste bide bat hartu eta hizkuntzak ikasita, itzultzaile titulua eskuratu zuen. Ogibide horretan hasi zen beharrean, nahiz eta maiz lana gogorra egiten zitzaion; ezen garai hartan Euskal Herrian itzultzen ziren gauza gehienak teknikoak izaten baitziren. Argazkia: Javier Mediavilla Ezquibela
Larrabetzun jarri zuen Totik bere bizileku finkoa orain 30 urte baino gehiago. Bertan, senarrarekin eta herriko beste lagun batzuekin batera Kukubiltxo talde entzutetsua sortu zuen 1977an; bere hitzetan, beharrak bultzatuta. Hain zuzen, haurrak txikiak zituen eta Bizkaian umeentzako antzerki talderik ez egotean, irtenbidea eman gura izan zioten egoerari.
Laurogeigarren hamarkada iritsita, ikus–entzunezko arloan murgildu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren enkarguz ,1983 eta 1984 urteen artean 40 lan burutu zituen, gidoiak idaztea, zuzentzea eta errealizazio prozesua bere gain hartuz.
Euskal Telebista sortu berria zen sasoi hartan (1982) eta haur eta gazteendako programa beharrean zeudela konturatuta, Martinez de Lezea kontratatu zuten saio batetarako panpina bat egin zezan. Lan hori amaituta ETBn jarraitu zuen bost urtez, gidoilari moduan aurrena, programak zuzentzen ondoren. Eta ostean, berriro ere itzulpenak egiten hasi zen.
Baina erronka berri bati heltzea bururatu zitzaion eta koska bat haratago joanez, bere lehenengo liburuaren zirriborroa egin zuen. Azkenean, 1986an Euskal Leiendak izenburupean kaleratu zen egindako lanaren fruitua. Arrakasta eduki zuen eta 2002an berrargitaratu zuten liburua ilustrazio eta formatu berriekin.
Totik gaztetatik barruan zeraman historiarekiko zaletasunak –batez ere Erdi Aroko Euskal Herriaren gainekoa– kanpora irtetea lortu zuen eta hala, eleberria eta historia bera uztartuz liburua kaleratu zen 1998an. La Calle de la Juderia izenburupean XV. mendeko Gasteizeko bizimodua helarazi zion irakurleari.
Bere bi pasioei bidea emanez, nobela historikoaren alorrean liburu mordoxka kaleratu ditu ordutik. Las Torres de Sancho 1999an; La Herbolera 2000an; Señor de la Guerra 2001ean; La Abadesa 2002an; El Mensajero del Rey 2002an –hau gazteei zuzendutako aurreneko nobela da; Los hijos de Ogaiz 2002an; La voz de Lug 2003an; La hija de la Luna 2003an; La Comunera 2003an; eta Antxo III Nagusia gazteei zuzendutako biografia 2003an.
Nobela mota honekin irakurle asko eta asko bere sarean harrapatzea lortu du Totik. Bere pertsonaiak asmatutakoak zein dokumentu historikoetatik hartutakoak dira; baina beti helburu bera eduki du emakume honek, datu errealetan oinarrituz, irakurlea garai haietako bizimoduetan barrena murgiltzea. Eta baita lortu ere.
Hala, bere lana aintzatetsiz, Euskadi Literatur Saria eman zioten 2000. urtean; eta 2001 eta 2002.urteetan berriz, Zilarrezko Luma Saria Bilboko Liburu Azokan bere liburuek izandako erantzunarengatik.
Antzinako garaietara eramaten gaituzten liburuak idatzi eta gure historiaz gehiago jakiteko bidea eskainiz, Totik errealitate eta fikzioa uztartu jarraituko du Larrabetzutik mundura.