501 Zenbakia 2009-09-25 / 2009-10-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: Esther Antero. ACOVIDEM elkartea: Laguntza behar duela argi ez daukan pertsona ezin dugu behartu laguntza hori jasotzera

ARANGUREN, Leire PEREDO, Kimberly RAMÓN, Olatz

Zurriola Ikastolako ikasleak



Kaixo gu Olatz, Leire eta Kimberly gara eta Esther Anterori egingo diogu elkarrizketa. Esther Antero 1962.urtean jaio zen Donostian eta ACOVIDEM erakundeko lehendakaria da. ACOVIDEM etxeko indarkeriaren aurkako eta adingabeen aldeko elkartea da, gaur egun behar–beharrezkoa zoritxarrez. Argazkia: Nathalie Renaud

Kaixo Esther, egun on. Galdera batzuk egingo dizkizugu. Noiz sortu zen erakunde hau ?

Hain zuzen ere 2006ko martxoan sortu genuen.

Eta zein da erakundearen helburu nagusia?

Gure xede nagusia genero indarkeriako kasuak gutxitzea eta hau sufritzen duten pertsonek, honelako kasuetan, indar gehiagorekin erreakzionatzea.

Zuen ustez erakunde hau ezaguna al da ?

Oraintxe eman gara ezagutzera. Geroz eta jende gehiagok daki erakunde honen existentziaz.

Zer nolako ekintzak antolatu dituzue?

Esate baterako, duela bi urte antolatu genuen martxa bat aurrenekoz; honen helburua jendeak gurekin batera genero indarkeria gutxitzearen alde borrokatzea da. Martxa hau amaitu eta balorazioa egin ondoren ikusi genuen arrakasta eduki zuela eta hurrengo urtean berriz errepikatzea erabaki genuen. Eta bestalde, protesta gisa, hainbat eta hainbat kontzentrazio ere antolatu ditugu.

Jende askok deitzen al dizuete laguntza eske ?

Egia da geroz eta jende gehiagok deitzen gaituela laguntza eske eta gehien harritzen gaituena ez da hemengo jendeak deitzen gaituela bakarrik, izan ere, asko dira jatorri hegoamerikarra dutenak

Eta beti aurkitzen al duzue konponbideren bat?

Beti ez. Hasteko argi eduki behar dugu laguntza behar duela argi ez daukan pertsona ezin dugula behartu laguntza hori jasotzera. Beste batzuetan, indarkeria jasaten duten pertsona hauen arazoa oso larria eta konpontzeko zaila izaten da. Baina gure lana ahal dugun eta hobekien egiten saiatzen gara, noski!

Nola jarri daiteke jendea harremanetan zuekin?

Web orri bat sortu dugu. Gune honetan jendeak bere arazoak kontatzen dizkigu baina bakoitzaren intimitatea gordetzen dugu, kontsulta konfidentzialak egiteko aukera da eskaintzen duguna. Interneteko orriaz gain, helbide elektroniko bat ere sortu dugu jendeak gurekin kontaktatu ahal izateko.

Bueno ba, mila esker zure kolaborazioagatik eta bihotz–bihotzez opa dizuegu zorte ona zuen proiektu honetan. Muxu bat.