500 Zenbakia 2009-09-18 / 2009-09-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gazteak etxetik kanpo?

BEREZIARTUA, Loren



Gaur egun toki guztietan egoera bertsua da: gaur egun emantzipatzear dauden gazteek birritan pentsatzen dute etxetik joan ala ez. Denok dakigu gurasoen habia utzi eta hegan egitera animatzen direnek aurkitzen dituzten arazoak ez dira gutxi izaten orokorrean. Egia da alde batetik gure gizarte honek bizi duen egoera ez dela onena; baina gainera, gazte bati gazte izateak ekartzen dizkion oztopoak gehitu behar dizkiogu horri.

Hasteko, denon ahotan dagoen gaia: lana, edo zehazkiago esanda, lan falta. Zenbatetan irakurri edo entzun ditugun zifrak! Hiletik hilera gorantz, ondoren apur bat behera –baina gehiegi ere ez... Zorionekoa gaztea zerbait topatzen baldin badu! Hori bai, ikusi behar zeintzuk diren kontratuko baldintzak eta aurrera ateratzeko lain ematen ote duen. Izan ere, gazteak gazte direlako eta maiz esperientzia faltagatik, prekarietatearen hatzaparretan erortzen dira. Baina nola nahi dute aurrez praktika edukitzea inork ez badie lehenengo aukera ematen?

Soldata gabe, oso zaila –ezinezkoa!– da etxetik joatea. Normalean, alokairu baten prezioa benetan altua izaten da eta nola egin aurre? Etxebizitza zahar bati probetxua atera eta asko dira berri baten prezioan errentan jartzen dutenak. Soldataren erdia suposatzen du askorentzat... Eta horri gastu estrak gehitu beharko genizkioke, hala nola, elektrizitatea, gasa, ura, janaria... Hilabete bukaerara iritsi ezinik geratuko lirateke asko.

Bestalde, hor daude gobernuaren laguntzaz etxebizitza eskuratzen duten gizon–emakumeak. Dela erosteko, dela akuratzeko. Kasu bietan zortea edukitzea funtsezkoa da. Orokorrean, izena ematen dutenen zerrenda luzea izaten da eta azpitaldetan banatzen dituzte interesatuak.

Zozketa eguna iritsi eta bihotza dantzan jartzen da. Lekua jendez lepo beteta –gehien bat gazteak eta hauen gurasoak, seme–alabek etxetik joateko aukera eduki dezaten desiratzen. Negarrak, txaloak, desesperazioa... Ehunka emozio, zertarako, eta hipoteka baten jabe egiteko. Zorionak! Alokairuzkoei dagokienez, beste horrenbeste. Nerbioak berdinak dira, baina hipoteka baino, bost bat urtetarako lo egiteko lekua eskuratzea da helburua. Eta gero zer? Kasurik onenean kontratuaren luzapena eta bestela, zerotik hastera!

Noski, beti geratzen zaigu aita–amen etxea, han normalean ongietorriak izaten gara. Baina horrenbeste urte eta gero, deskantsu beharra izaten dute.... Eta hala izan dadin, agintarien burutxoak pentsatzen jarri eta irtenbideak aurki ditzatela. Bada ordua eta!