Euskonews Gaztea
Gaiak: Makina ala pertsona?
Aspaldi neukan bidaiatzeko gogoa eta azkenean bete dut nire ametsa. Bai, Amerikako Estatu Batuetan zehar ibili nintzen lau hilabetez aurrena, ondoren, Argentinara jo nuen eta handik Brasilera eta Mexikora. Baina hor zehar ibiltzeko erabakia hartzea ez zen goxoa izan, bizitzako egoera batek bultzatu baininduten horretara.
Beste ehunka -zer diot ehunka, milaka lagunek moduan, lana galdu nuen. Eta ondoren bizitako makina bat abenturek orain iragana beste modu batean begiratzera eramaten nauten arren, orduan ez zitzaidan erraza egin egoera onartzea. Nire bizitzako bi urte eta erdi eman nituen leku hartan beharrean; bi urte eta erdiz txintxo-txintxo nire lana bete nuen. Tentu! Txintxoa bai, baina inozoa ez. (badaezpada diot!)
Aurrera eta atzera bidaltzen ninduen enpresako ugazabak, egizu hau, egizu bestea, hori ez da horrela, zuk ez dakizu ezer... Hasieran hitz egiteko moduak nolabait onak zirela esango nuke; denborarekin aldiz, krudelagoak bihurtu ziren bai nagusi eta baita inguruan zituen sasi-ilustratuek ere.
Jakitun jaio izan banintz bezala, inoiz egin gabeko lana aurrenekoan erdietsiko nuela pentsatzen zuten. Nire kontrako zerbait izango zela sinestera iritsi nintzen, baina begiak zabaldu eta lankide guztiei halaxe hitz egiten zietela ohartu nintzen. Tristeena, nire iduriko, ordura arte ez nuela pentsatzen pertsona gazte batek hala joka zezakeenik... Eta oker nengoen.
Eguna iritsi zenean, kargu altuko inor ez zen nigana etorri eta noski, ez zidaten ezer esan; agur soil batekin konformatuko nintzatekeen! Nire gorazarrerako ,ausartu ez zirela pentsatzea atsegin dut. Hori bai, azken unera arte hor ibili ziren, joan hara, argazkiak berriro egin eta bestelako enkarguak ematen. Noski, haiek uzteko tristurarik ez nuen sentitu inongo momentuan, bai ordea lankideekin neukan harremana eteteak; haiek bai lagunak, bai! Momentu txarretan elkar animatzen ginen; barre egiten genuen jendilaje horien gainean, ...Ezen haien ahotsa soilik existituko balitz bezala entzungor egiten zuten gainerakoen aurrean. Zer kostatzen zitzaien, baina, gurekin elkarrizketa bat edukitzea? Oihuak ez ziren ohikoak, ados, baina zakar mintzatzea eta aginduak ematea zen zekiten bakarra.
Zergatik heldu diodan horrenbeste denbora eta gero gai honi? Aurreko astean jakin nuen nagusi izandako haren gainetik beste pertsona bat jarri zutela, zergatik eta jendea makina gisa, sentimendurik izango ez balute bezala tratatzeagatik. Horregatik, sekretutxo bat kontatuko dizuet, nolabaiteko irribarrea sortarazi zidan albiste hark.
Ez bainaiz makina bat.