499 Zenbakia 2009-09-11 / 2009-09-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Oporraldiaren osteko ustekabea

OTAZU, Xabi



Agian bateon batek gogoratuko du ez nintzela oporretara gustura joan. Horrela adierazi nuen aurreko idazki batean eta, gure kaleetako zikintasuna birzapaltzen hasi nintzenetik hiru astebete eman diren arren, ez dut oraindik ahaztu ahal izan abuztuan nire gorputzean metatutako zapore txarraren oihartzuna. Argazkia: soccerkrys

Iragarpenik txarrenak bete egin zirela esaten badut, labur geratzen naiz. Termometroak inguru haietan gutxitan iritsi ei duen mailara heldu ginen, eta horrela egun batean bai eta bestean ere bai. Amona zaharra larrialdietara eraman behar izan genuen birritan, birikek ez baitzioten arnasa hartzerik errazten. Amaren aldeko osabak –gurekin bizi dena– igerilekuko tranpolinetik erori eta hanka bat hautsi zuen. Igeltsuz estali diote izterrondotik beherakoa eta bere makulu gisa erabili nau istripuaz geroztik. Valladolideko nire lehengusuak zeharo aberaskumetu dira eta euren ergelkeria uneoro atera dute paseatzera.

Hori gutxi balitz bezala, amak San Lorenzo egunean mendiko baselizara eraman ninduen, bertako ohitura dela–eta, erromeria gisako egun beteko zeremonia barregarri bezain astunean parte hartzeko. Aitak, ikasturteko emaitzak ale batzuk ustel samar utzi zizkidalako, behin eta berriz azpimarratzen zuen testu liburuei heldu behar niela. Eta iaz ezagutu nuen neskatoa –udaldiaren alde sinpatikoa seinala zezakeen bakarra– aurten bere sendiarekin Mallorca aldera joan dela adierazi zidaten, haren ez egoteaz galdetu nuenean.

Zergatik joan behar dugu oporretan, guk nahi ez dugun tokira? galdetzen nuen haranzkoan, eta itaunak mailukatu egin ninduen gupidagabeki, aitari bueltarako kotxea prestatzen lagundu behar niola aditu nuen arte. Orduan galdu zuen indarra nire barneko presioak eta zeruko urdin kolorea berde bilakatu zitzaidan, itzuliaren esperantzan. Goiz eder batean agurtu nituen bertako bazterrak, eta promesa egin nion neure buruari hurrengo udan eszenatoki desberdinak eskainiko dizkiodala.

Bidaia bikaina izan zen. Amak oka egin zuen bizpahiru aldiz, baina zin egin zuen ez zegoela haurdun. Abiatu eta berrehun kilometro ingurura kotxeari transmisioko uhala matxuratu zitzaion eta errepideko garaje batera eraman behar izan zuen aitak, guk udatiarrez betetako taberna batean Coca Cola epela hartzen genuen bitartean. Nire arreba sukar kolpe batek hartu zuen eta amak “gripe A” aipatu zuen. Niri ez zitzaidan ezer gertatu eta pozik ailegatu nintzen helburura, nire “iPod nano 8 gb” zilarreztatuan abandonatuta. Pasada!

Etxera heldu ginenean... atea zabalik zegoen. Aita eta amaren txilio eta aieneak! Bai... Lapurrek denbora guztia izan zuten hiru astetan dena hankaz gora jartzeko, eta oraindik ere ez dakigu ziur zer eta zenbat eraman duten. Amak dio gero eta seguritate gutxiago dagoela hirietan eta agian datorren urtean etxean geratu beharko garela... oporraldia sakrifikatuz. Pena!