499 Zenbakia 2009-09-11 / 2009-09-18

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Nestor Martinez. (Sortzen-Ikasbatuaz Nafarroako koordinatzailea): Bolognak suposatzen duen pribatizazioa salatu behar dugu

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Sortzen–Ikasbatuaz elkarteko Nafarroako koordinatzaile ohia ezagutzen zuen Nestorrek, eta bere bitartez hartu zuen kargua aurreko ikasturtean; ordutik Iruñeko bulegoan dihardu koordinaketa lanetan. D ereduaren aldeko apustu sendoa egiten du – igoera nabarmena izan du Euskal Herrian eta benetan pozik agertu zaigu Nestor– baita irakaskuntza publikoaren aldekoa ere. Aurtengo ikasturteari begira. Irakaskuntzaren egungo egoeraz mintzatu gara, batez ere Nafarroari dagokionez, baina baita gainerako euskal lurraldeei dagokienez ere.

Hasteko, Sortzen–Ikasbatuazi buruz mintza gaitezen. Zer da zehatz–mehatz?

Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko elkartea da hain justu. Ditugun helburuak aipatu aurretik komentu nahiko nuke zinez demokratikoa den taldea dela Sortzen–Ikasbatuaz; hau da, hezkuntza munduan lan egiten duten guztiek –guraso, langile...– ateak irekita dituzte elkartearekin bat egiteko.

Hori esanda, gure xede nagusia euskal curriculuma eta euskal kultura oinarri izango dituen kalitatezko euskarazko hezkuntza bat eskaini ahal izatea izango litzateke. Horregatik egiten dugu soilik lan D eredua duten eskola publikoekin, bai Nafarroan, baita Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban ere.

Eta Ipar Euskal Herrian?

Egoera ezberdina da; egia da kontaktuak ditugula zenbait zentrorekin, baina han euskara hutsezko irakaskuntza eskola pribatuen, hots, ikastolen esku dago eta publikoan eredu elebidunak daude soilik. Ondorioz, egun zaila da Iparraldeko bazkideren bat lortzea.

Berez Sortzen–Ikasbatuaz bi elkarteren bateratzearen ondorioa da, ezta?

Hala da. Nafarroako elkartea zen Sortzen, eta Ikasbatuaz aldiz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoa. Eremu berberean lan egiten zuten bi erakundeek eta orain bederatzi urte erabaki zuten batzea eta noski, lanerako ere indar gehiago izatea suposatzen zuen horrek. Bide batez, Sortzen–Ikasbatuazek ikuspegi nazionala daukanez, ezinbestekoa zen herrialde guztietan batera lan egiten saiatzea.

Suposatzen dut bederatzi urte hauetako ibilbidean zehar zailtasunak ere topatuko zenituztela.

Era guztietakoak gainera! Alde batetik, administrazioen aldetik dauzkagu egitasmo ezberdinak burutzeko eragozpenak. Gainera oraingo administrazio berriak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian genituen liberatuak kendu dizkigu eta beraz, zonalde horretan pixka bat herren gabiltzala esan genezake. Euskarazko irakaskuntzari behin eta berriz egiten diete eraso, TIL delakoaren bidez, edo inbertsio faltaren bidez eta abar. Eta hara kasualitatea, okerren irteten den irakaskuntza D eredua dela...

Gaia ateratzen duzula, nola ikusten duzu D ereduaren osasuna?

Nafarroan desberdinagoa da beste hiru probintziatan baino, hasteko euskaraz ikasteko eskubidea ez baitago bermatua. Adibide bat jartzearren, momentu honetan Mendigorria, Artaxoa eta Larragako (Erribera) guraso batzuekin gabiltza lanean; zonalde “ez euskaldunean” bizi dira eta guk ordaintzen diegu garraioa beraien seme–alabak Gareseko eskola publikoko D ereduan ikas dezaten. Beste horrenbeste gertatu zaigu esaterako Noain eta Arangurenen ere eta azken bi ikasturteetan euskaraz ikastea bermatu zaie. Hala ere borondate politikoa egonez gero Hezkuntza Departamentuak Nafarroako edozein herritan D eredua jarri dezakeela martxan ikusi dugu. Espero dezagun hemendik aurrera bide horiek zabalik jarraitzea!

Izan ere administrazioak beste hezkuntza eredu batzuk bultzatu nahi dituela ezagun da...

Halaxe da. Besteen artean dago TIL –euskarari orduak kendu eta gaztelera eta ingeles hutsezko heziketa bultzatzen duena. Horren harira esango nuke D ereduak benetako TIL lantzen duela, ezen Euskal Herriko hizkuntzak hartzen ditu bere baitan eta gainera atzerrikoak ere jorratzen dira. Nafarroan esaterako, D eredua baliatzen dute, baina ingeles errefortzua daukala azpimarratu gura izaten dute behin eta berriz, eta horrekin gure ereduaren nolabaiteko ahultasuna adierazi nahi dutela iruditzen zait.

Maiz D eredua baztertzailea dela esaten dute, baina benetan integratzailea da, eta horren adibide dugu Euskal Herritik kanpo eredugarri moduan ikusten dutela; hau da, pedagogikoki hizkuntzak eta gaiak lantzeko modua goraipatzen dute eta hemen aldiz, baztertu. Kuriosoa da. Eta arrazoietariko bat izan liteke D ereduari kutsu politikoa ematen diotela askok oraindik ere, nahiz eta Nafarroan argi ikusten den azken 20 urteotan gure ereduak hazkunde itzela eduki duela, baina politikoki gauzak ez direla aldatu. Guk behintzat, ez dugu lotura hori ikusten baina haiek oztopoak jartzen jarraitzen dute, akaso nabaritzen dutelako D eredua ezartzen den tokietan hasieran indar gehiegi eduki ez arren, urteen poderioz gehiengoa bilakatzen dela.

Horren harira, ikasturte berriko matrikulazioak nola joan dira?

Erantzun bikaina izan du D ereduak, gorakada jasan du eta egoera ikusita –beste ereduak bultzatu nahi direla kasu–, txalogarria da euskal herritarron hautua.

Pasa gaitezen Sortzen–Ikasbatuazek bere helburuak lortzeko martxan dituen proiektuei buruz hitz egitera.

Alde batetik, herrialde bakoitzean jai bat antolatzen da urtero, pixka bat gure helburuak jendarteratzeko eta ondoren Iruñean Eskola Publiko Berriaren jai nazionala burutzen dugu. Aurten, horretaz gain, zonalde “ez euskaldunean” bizi diren Artaxoa, Mendigorria eta Larragako biztanleekin batera jaitxo bat ospatzeko asmoa dugu, modu horretan jantoki eta garraioa ordaindu ahal izateko dirua biltzen ahaleginduko gara; arazoak plazaratuko dituzte eta nahiz eta agian instituzioetatik laguntzarik jaso ez, herritarron partetik babesa ematen diegula ikus dezaten saiatuko gara. Euskaldunok badaukagu–eta elkartasun sentimendua barrenean!

Bestalde, Euskaraz Mintzo programa arrakastatsua daukazue martxan.

Eskola orduetan garatzen den programa da. Gazteen artean klasetik kanpoko jardueratan euskararen presentzia benetan urria zela ikusi zen eta euskarari ludikotasun puntu bat eman nahian jarri zen Euskaraz Mintzo martxan.

Besteak beste, begirale, irakasle eta beste langileentzako eskolak ematen ditugu eta jolastoki orduetan esaterako, ikasleekin euskaraz jolasteko ekimenak burutzen dira. Geroz eta begirale gehiago behar ditugu zentroek hala eskatzen dituztelako eta hori lortzen saiatzen gara. Urtez urte, geroz eta harrera zabalagoa daukala esan genezake.

Baina eskolaz kanpoko proiektua ere badaukazue, ezta?

Hori da. Aixe Aisialdia deitzen da; Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban Sortzen–Ikasbatuazetik eragiten da, eta Nafarroan aldiz, Dindaia Fundazioaren bitartez. Eskolaz kanpo gure hizkuntzaren erabilpena bultatzeko, guraso, ikastetxe edota udalei esaterako, bete behar duten funtzioetan laguntzeko taldea da. Izan ere, orokorrean hutsune handia ikusten genuen aisialdi eskaintzetan euskararen presentziari zegokionez ?musika eskoletan, kiroletan, dantzetan... Hala, erakunde publiko zein pribatuetatik euskarazko aisialdi eskaintza bermatzea dugu helburu. Bide batez esan nahiko nuke, aisialdian euskararen erabilpena bultzatzea garrantzitsua dela. Batzuetan gazteek atzetik heldu bat izaten dute “euskaraz egin, euskaraz egin” esaten. Errealitatean aldiz, maiz nagusiek ez dute gure hizkuntza erabiltzen eta ikasgai magistrala eman ordez, eredu izatea eta euskaraz hitz egitea funtsezkoa dela aipatuko nuke. Hala, lerro hauetatik helduak animatu nahiko nituzke beraien arteko harremanetan euskara erabiltzera, eta ez soilik ume edota txakurrarekin! Eta ez dakienak, hor ditu euskaltegiak, animatu!

Hastapenean esan duzu Sortzen–Ikasbatuazen oinarrian Euskal Curriculuma dagoela. Baina zertan hobetuko luke gaurko egoera horrek?

Hasteko esan nahiko nuke herritik herriarentzako egindako curriculum bakarrenetarikoa dela; eskola publiko zein pribatuetako irakasle, ikasle eta abarrek parte hartu dute sorkuntzan. Nire iritziz Euskal Herriari buruzko hainbat gaietan dagoen ezjakintasun edota manipulazioari aurre egiteko baliagarria da. Adibide bat jartzearren, badakigu non dagoen Navas de Tolosa, baina Bizkaian ez dakite non dagoen Barañain, eta hori ez da posible. Bestalde, denok dakigu historia irabazleek idazten dutela eta euskaldunok askotan galdu dugun arren, garaiz gabiltza gure ikuspuntua kontatzeko.

Gaiz aldatuz, Bologna puri–purian dagoen auzia da. Nola ikusten duzu?

Unibertsitate kontuei dagokienez nahiko pattal gabiltzala aitortzen dut. Hala ere, Bolognak suposatzen duen pribatizazioa salatu beharrean gaude, guk publikotasuna bultzatzen baitugu. Tituluak lortzeko geroz eta gehiago ordaindu beharko da, eta salagarria deritzot horri. Gainera, zenbait zonaldetan dagoeneko Goi Mailako ikasketak burutzeko arazoak dituzte eta Bolognarekin areagotu egingo da egoera. Ez dakit ez ote garen XIX. mendeko egoerara bueltatuko, non soilik aberatsen seme–alabek izango duten unibertsitateko ikasketak egiteko aukera.

Amaitzeko, euskararen egoera irakaskuntzan...

Hobetzeko modukoa dela esango nuke. Noski, urteekin aurrerapausoak eman direla ezin dut ukatu baina egun gaur egun eramaten den politikak eta D ereduarekiko duten jarrera ikusita... Normalizaziora iristeko bide asko dago egiteko oraindik. Eta berdin beste esparru batzuetan, hala nola, justizia, osasuna eta abarrean. Azken batean, bost administrazio desberdinetan banatuta dago euskara, eta oztopo ugari aurkitzen ditu bere bidean. Hori dela eta lege bateratu bat funtsezkoa litzatekeela iruditzen zait. Nestor Martinez (Errenteria, 1978) Gipuzkoan jaio zen orain 31 urte Nestor baina Barañainen bizi da betidanik. Aurrena, Biolontxeloko Goi Mailako ikasketak eta ondoren Irakasle Ikasketak burutu zituen. Orain urtebete inguru Nafarroako Sortzen–Ikasbatuaz elkarteko koordinatzaile kargua hartu zuen.