Euskonews Gaztea
Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (VII): San Adriandik
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Araba aldera bidaiatuko dugu oraingo honetan eta bazter ezberdinak bisitatuko ditugu. Hala ere, txango hau ez dugu probintzia horretan hasiko, baizik eta Gipuzkoan, non eta Zegaman. Baina herrian bertan ekin beharrean mendi aldera abiatuko gara eta hala, inguru ederrarekin gozatuko dugu, lasaitasunez, mendeak atzera egingo bagenu bezala.
Ezen garai batean bi probintziak lotzen zituen ibilbide nagusia kausituko dugu bertan, hain zuzen Lizarrate edota San Adrian deituriko pasabidea. Erromatar garaiko galtzada ederra jarraituta topatuko dugu bestaldera eramango gaituen tunela. Hala ere, pasabidearen atarian Sancti Spiritius izeneko XVI. mendeko ermita ere ikusiko dugu, gutxi gorabehera 500 metrotara. Aguraingo Kuadrila
Gipuzkoa atzean utzi eta Arabara irtengo gara. Gure txangoarekin jarraitzeko Zalduondora, Zeledon entzutetsuaren –Andre Mari Zuriaren jaietako pertsonaia ezagunena– herriraino gertuko gara. Biztanle gutxiko zonalde honen aurreneko datuak XI. mendekoak diren arren, asko dira zaharragoa denaren iritzia duten adituak.
Gure herrietako aberastasun arkitektonikoa hemen ere presente dagoela azpimarratu eta bisitariaren begiak alaitzen dituzten eraikin zibil ezberdinekin gozatzeko aukera dago; batzuk aipatzearren, Andolin–Luzuriaga zein Lazarragatarren jauregiak. Baina gure kulturan horren ohikoa diren eraikuntza erlijiosoak ere begiztatu ahalko ditugu, hala nola, XVI. mendeko San Saturnino Tolosakoaren parrokia edota Aistrako San Julianen ermita. Andre Mari eliza, Agurainen.
Bernardo Atxagaren bizilekua atzean utzi eta Aguraingo Kuadrilan gaudenez gero eskualde eta bide batez, lautada den eremu honi izena ematen dion herrira gerturatzeko gonbita luzatzen dizuegu. Erdi Aroko udalerria dugu, hain zuzen XIII. mendean jaso zuen hiribildu titulua. Oraindik ere, harresiaren zati batek zutik dirau.
Bertako kaleetan barrena sartzea erabakiz gero eraikuntzei arretaz begiratu, benetako altxorrak topatuko baititugu. Jauregi edota elizak antzinako karriketan daude sakabanatuta eta horrek epoka haietako kaleetan barrena gabiltzala sentiaraziko digu. Mendeetan zehar familia aguraindar ezberdinen garrantzia azpimarratuz grabatutako armarri zoragarri anitzekin topo egingo dugu; baita XV. mendeko Andre Mari eliza bikainarekin, XVII.eko Moja Klaratarren komentuarekin edota XVI. mendekoak diren Azkarragatarren zein Bustamantetarren Etxeak. Agurainen edertasuna hein handi batean eraikuntza zaharrak zaindu eta modernoak paraje horretan uztartzeko abilezian oinarritzen da.
Datorren astean, nora joango gara? Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com