500 Zenbakia 2009-09-18 / 2009-09-25
Magian murgilduta dagoen bergarar bakarrenetarikoa omen zara. Aspaldi hasi al zinen?
Gutxi gorabehera orain 20 urte hasi nintzen magiagatik interesatzen. Nahiko berandu, 23 urte bainituen eta normalean –ezagutzen dudan jendea behintzat– lehenago hasi izan da. Hori bai, txikitan Magia Borr?s eta antzerakoak probatuak nituen.
Nire jakin–mina asetzeko liburu bila hasi nintzen eta ez zen erraza izan ez bainekien haien bila nora jo. Azkenean aldizkari baten helbidea zekarren liburu bat erosi nuen eta harpidetzea erabaki; hala, pixkanaka trikimailu batzuk ikasten hasi nintzen. Gainera, aldizkariko zenbaki batetan Santanderreko denda bat Gasteizera mugitzen zutela irakurri nuen eta birritan pentsatu gabe gerturatu nintzen. Manuel Mola Albaceteko magoa ezagutu nuen; dendan eskolak ematen zituen eta orduan hasi nintzen benetan mundu honen nondik norakoak ikasten. Bera izan zen pasioa sortu zidan pertsona.
Denda hartan hasi zinen ikasten. Oroitzen al duzu zein izan zen lehenengo jokoa?
Gogoan dut eginiko aurreneko jokoa godaleta izan zela. Hau, magiaren historian ezagutzen den joko zaharrenetarikoa dela esaten da; antzinako Egiptoko papiro batzuetan agertu zen godaleta erabiltzen zuen mago baten istorioa. Magiako printzipio asko ezagutzen dira godaleta erabiltzen ikasiz gero, eta karta zein txanpon jokoetan baliatu ditzakezu. Eraztun txinatarrak edota soka moztu eta berreraikitzea etorri ziren ondoren.
Zer pentsatzen zenuen trikimailuak ikasi aurretik?
Beste mago batzuei begiratu eta nik ezin izango nituela egin iruditzen zitzaidan. Baina noski, ondoren gai izango nintzela konbentzitu nintzen eta poliki–poliki ateratzen joan zitzaizkidan aurretik liburuetan irakurritakoak.
Eta gogoan al duzu jendaurrean aritu zinen aurreneko aldia?
Bai noski! Ikastaroak amaitu ondoren ikaskideen aurrean bakoitzak ikuskizun txiki bat egin behar izan zuen eta oso lotsatia naizenez, kostatu egin zitzaidan. Nola ahaztu momentua! Egun, pertsonaiaren bat interpretatzen saiatzen naiz ahalik eta lotsa gehiena kentzeko ?batzuetan irteten ez den arren; baina ez zait axola naizen modukoa agertzea.
Nerbioak hor egoten dira eta nahiz eta hainbatetan ahalegindu naizen erlaxazio ariketen bidez lasaitzen, ez dut lortu. Esan dezaket lotsari aurre egiteko tratamendu gisa erabiltzen dudala magia. Urduritasunak urduritasun, nire pasioa izaten jarraitzen du.
Eta txaloak entzutean...
Izugarria da. Ahaztu egiten zara ordura arteko larritasunak amaitu egiten dira.
Bestalde, umeen aurrean aritzea atsegin al duzu?
Hor ibiltzen dira ea trikimailua harrapatzen duten; baina egia da oso polita dela gaztetxoen aurrean aritzea. Helduekin aldiz, joko batean sar daitezen ahalegintzen gara, gauza ederrak erakutsiz. Oso desberdinak dira bi publikoak.
Aurten Magialdian bien aurrean aritu zara. Kontatu, zer moduz joan da jaialdia?
Oso ongi, benetan. Toki ezberdinetan aritu naiz, alde batetik tranbiaren geltokietan eta bestetik tabernetan. Askotan jendearengana gerturatu eta hauek magia egin behar duzula ez dakitenean erantzuna bestelakoa izaten da. Baina zorionez, Gasteizen ohituta daude Magialdira eta jendea espresuki gerturatzen da ikuskizunarekin gozatzeko. Hasieran inguruan jende gutxi eduki arren, bat–batean jendetza batu izan da. Esperientzia zoragarria izan da mago naizenez gero.
Txori batek esan dit gertuko magia eta aretokoa egiten duzula.
Hori esaten dute! (barre) Antzekotasun ugari dituzten arren, akaso desberdintasuna lengoaia desberdina erabiltzen dela da. Hau da, gertuko magian kontaktu zuzenagoa daukazu publikoarekin, ukitu egin ditzakete objektuak eta abar; aretokoaren kasuan ez da horrenbesteko harremana egoten. Baina funtsean, magia, magia da.
Eta nola erabakitzen duzu zein trikimailu ikasi nahi duzun?
Ilusionismo edo magiari buruzko liburu asko eta asko irakurtzen ditut eta gehienetan haietatik hartzen ditut ideiak. Baina magia hitzaldietan–eta bakoitzak bere amarruak kontatzen ditu eta interesatuz gero zure egiten saiatzen zara. Hala ere, batzuetan gertatzen da pertsona bati trikimailu bat ederto doakiola bere izateko eragatik eta zu saiatuz gero, nahiko motel geratzen dela. Zure izaerarekin bat datozen gauzak egitea funtsezkoa da ikusleria konbentzitu eta asper ez dadin.
Liburuak aipatu dituzu, horrenbeste al daude?
Benetan afizioa daukagunok etxean magia liburu–pila izaten ditugu normalean. Oroitzen dut hasi nintzenean gutxi zeudela, ordura arte publikatutakoak ahituta baitzeuden. Baina gaur egun editorialek berreskuratu egin dituzte eta gainera, berriak kaleratu. Datu bat ematearren, kartekin eginiko magia liburu bat argitaratzen da egunero.
Baina liburuak orokorrak izan daitezke, eta azken batean normalena mago bat eremu batean espezializatzea izaten da. Niri, prestidigitazioa gustatzen zait eta horretan sakondu dut urteekin.
Eta zer esan nahi du horrek?
Espezialitate ezberdinak egon arren, funtsean eskuak baliatuz magia sortzea da prestidigitazioa. Gure iritziz, aspaldiko garaietatik egiten da. Hau burutzeko, abileziaren bat eduki behar duzu; hau da, guk baliatzen ditugun objektuek ez daukate tranparik, aldiz, guk jakin behar dugu trikimailua egiten. Karten manipulazioa, edota txanponena, edota pilotatxoena... Hala ere, nire emanaldietan beste eremu batzuk jorratzen saiatzen naiz, eskuak lotu eta askatzen saiatzea, esaterako. Publikoak geroz eta gehiago eskatzen du.
Baina bestelako magia ere badago, esate baterako, David Copperfield moduko ilusionista handiek egiten dutena. Eszenografiak esaterako, garrantzia dauka kasu horretan. Nork ez du oroitzen Askatasunaren Estatua desagertarazi zuen momentua! Gaur egun, jendeak nola egin zuen jakin gura badu garai hartan ez bezala Internet dauka eskura eta bertan aurkitzen du erantzuna. Baina zertarako? Ilusioa mantentzea da nire iritziz politena.
Sekretuak denon eskura egoteak magia zapuzten duela iruditzen zait!
Nik uste dut magoen arteko sekretuak mantendu egin behar direla. Denok dakigu tranpa edukiko duela, baina askoz ederragoa da sinestea. Magook magia sentsazioa sortzen saiatzen gara, eta lortuz gero, magia existitzen da. Adibide bat jartzearren, ezkontza eraztuna daraman norbaiti modu sinpatikoan truku bat egiten badiot, eta eraztuna txikitu eta ondoren osorik itzuli, ziurrenik bere bilobei etorkizun batean ilusio handiz kontatuko die pasadizoa, magia sortu baituzu.
Beraz, magia egon badago.
Noski! Sentimendu bat da eta liluragarria gainera. Baina antzina ez zen magia dibertimendu hutserako egiten. Hau da, garai batean godaleta jokoa egiten zutenek jendea erakartzeko baliatzen zuten eta helburua ilea ateratzeko erremedioak saltzea izaten zen, adibidez.
Magia modernoa, hots, gaur egun ezagutzen dugun magiaren aita Robert Houdin (1805–1871) izan zen. Bere garaian magoak buruan txano eta tunikarekin irten ziren, eszenatokietan buru–hezurrez gainezka zeuden mahaiak jartzen zituzten eta deabruak emandako boterea zeukatela esaten zuten. Houdin antzokira gerturatutako ikusleak moduan jantzita irten zen aurrenekoz eszenatokira, normal hitz eginez... Gizarteko beste pertsona bat gehiago zela esanez urrundu egin zen gainerako magoetatik.
Kontatu sekretutxo bat... Ongi irten ez zaizun trikimailuren bat badago?
Asko! (barre) Baina egunero entrenatzen dut, eta teknika hobetzen joaten naiz. Egia esan trikimailu batzuk oso errazak dira besteak baino. Baina ongi irtetearen ?tranpa? behin eta berriz saiatzean dago!
Bizi al daiteke magiatik?
Bai, edo behintzat biziraun. Nire kasuan, bi urte eta erdiz nolabait bizitzeko lain eskuratu nuen ezkontzatan, bataioetan eta bestelako ospakizunetan arituz. Ia autonomo bezala egiten duzu lan, emanaldia eskaini eta sei hilabetetara kobratuz gainera. Batzuetan zaila da, eta titiritero puntu bat edukitzea funtsezkoa da.
Esate baterako, Magialdiako kongresuan lagun artean asteburu pasa datozenak egoten dira, magia–asteburua igaro eta ondoren etxera buelta. Baina hori ez da magoa izatea. Cuencatik deitzen bazaituzte pentsa dezakezu behintzat turismoa egingo duzula... Eta ez da horrela. Mila konturengatik arduratuta egoten zara, lan gehiago bilatzen saiatu, zure emanaldia eskaini eta bueltan neka–neka eginda iristen zara. Baina ederra da.
Gure irakurleren batek magiarekiko pasioa badauka eta nora jo ez badaki...
Probintzia bakoitzean magia elkarte bana dago gutxienez eta magiagatik interesa dutenak animatu nahiko nituzke horietara gerturatzera. Nire kasuan, Bilboko Magia Elkarteko kide naiz; Plaza Berrian dagoen Nafarren Etxean gaude eta ostiralero biltzen gara arratsaldeko zazpietan. Animatu eta etorri, oso polita den artea baita gurea. Eta batez ere emakumeei egiten diet dei, oso gutxi baitira magia mundu honetan murgildu direnak; baina egon, egon dira historian zehar!
Gainera, elkarteen laguntza behar du mago izan nahi duenak. Ezen asko irakur dezakezu liburu batetan trikimailu bati buruz, baina azken finean eskema hutsak dira eta zure kasa interpretatu behar dituzu. Elkartean aldiz, dagoeneko ?tranpa? dakien norbait egonez gero, gidatu egiten zaitu eta nola hobetu esan.
Bilbon 60 pertsona gaude, Donostian 15 eta Gasteizen 10 ziren baina orain gehixeago. Ehun bat inguru izango gara hiru probintziatan. Batzuk hasi egiten dira, baina segituan uzten dute.
Amaitzeko, zein da aritu zaren tokirik bereziena?
Hiru toki ditut bereziki gogoan. Aurrenekoa Langraizeko kartzelan eginiko emanaldia; benetan bitxia izan zen, 250 gizon–emakumeren aurrean nire ikuskizuna eskaini eta nola erantzun zuten ikustea pentsatzeak zirrara eragiten dit oraindik ere. Bestetik, zaharren etxeetan ere aritu izan naiz, eta haien ilusioa eta esaten dizkizutenak entzutea ederra da. Eta azkenik, garun paralisia dutenei magia egin nien Bergarako zentroan, eta nahiz eta batzuetan kasurik egiten ez dizutela ematen duen, beraien erantzuna apartekoa izan zen. Barruti Magoa (Bergararra) Alberto Elkoroiribe Garitanok izenordea aukeratu zuen magia egiten hasi zenean eta Barruti Magoa izatera pasa zen. Hogei urte daramatza ilusionismoaren munduan igeri egiten. Gasteizko denda batean eman zituen aurreneko urratsak; gaur egun Bilboko Magoen Elkarteko kidea da. Prestidigitazioan aditua, Magialdia 2009an tokitxo bat eduki du, tranbiaren geltokietan eta tabernetan bere ikuskizuna jendeari gerturatuz.