500 Zenbakia 2009-09-18 / 2009-09-25
Badator
Hasieran hor altxatzen zen, indartsu, harro bere janzkeraz. Bai. Ezagun da noizean behin gustuko izaten duela arropa erantzi eta handik denboraldi batera berri bat janztea.
Baina begira, begira, begira! Geroz eta geruza gutxiago ditu. Aldamenekoak berriz, eutsi egiten dio bere itxurari. Dotorezia, gorpuzkera... Dena dauka, gogorragoa dirudi, baita gazteagoa ere. Argazkia: orangeacid
Ixo!
Entzun. Ez al duzu aditzen? Bafada arin bat; zurrumurrua ematen du, baina gure lagunaren hostoak ia askatzeko gai izan da. Orbelak galtzen eta airea kontra... ez zaio erraza izango eustea.
Ikusi!
Bat. Bi. Hiru. Lau.–kontatzen du poliki–poliki umeak. Denak batera erori dira. Baina oraindik dozenaka apur batzuek gogor heltzen diete adarrei, zuhaitzetako abar luze eta trinkoei. Bost? Sei? Zazpi... –jarraitzen dute han bildutakoek. Mantso–mantso, baina hasi dira haizearekin dantzan orriak. Horiak dira, berdeak, gorriak. Lurra ukitu arte koreografia landua interpretatzen dute.
Bakarti
Ilunabarrarekin, etxeratzeko ordua iritsi eta zuhaitzak egunean zehar izaniko lotsa galtzen du, bakarrik geratzen da, isiltasunean, lasai, nahiz eta jakin badakien egun berriarekin batera, itxura berria estreinatuko duela. Konturatu da baina, dagoeneko ez duela bere itzala ezagutzen; arrotza zaio ilargipean ageri den silueta.
Bat!
Esnatu da mundua eta goizarekin hosto bakarra geratzen zaio gure lagunari. Tinko eusten dio, ez du biluzik geratu nahi; zer esango lioke hor jarri zuenak? Ez. Badator berriz ere ditxosozko haize bolada. Ez, ez duzu txikitxo hau zurekin eramango... Ez... Ez... Ez...
Eta bat–batean esnatu eta ingurura begiratuz amets gaizto hutsa izan zela ikusteak poztu zuen. Udazkenean sartu berri, oraindik hostoak gorritzea geratzen zitzaion negua iritsi bitartean.