500 Zenbakia 2009-09-18 / 2009-09-25
Nola hasi zinen magia praktikatzen?
Europatik bidaia batzuk egin nituen auto–stopean eta malabarismoa ikasten hasi nintzen batez ere bidaian itxarotea egokitzen zenean aspertu egiten nintzelako. Bi harritxo hartzen nituen denbora pasatzeko eta malabarismoak harrapatu ninduen.. Ondoren, New Yorkera bueltan pailazo eskolak hartu nituen eta antzerki talde batek uda batetarako lantxo bat eskaini zidan; 1975. urtean izan zen, pentsa zenbat denbora daramadan! Eta ohartu orduko ordaindu egiten zidaten saioengatik. “Hara, dirua irabaz daiteke honekin!“ pentsatu eta serio hartzea erabaki nuen. Magiarekiko interesa sortu zitzaidan orduan eta hogeita hamar urte inguru ostean hemen jarraitzen dut.
Ez da Magialdian aritzen zaren aurreneko aldia. Baina hitz egingo al diguzu jaialdiari buruz?
Orain 21 urtetatik magia ona Gasteizera ekartzen duen jaialdia da Magialdia. Aurten ikastetxeetako neska–mutilen aurrean jardutea egokitu zait niri, baina aurretik kaleetan ere aritu izan naiz.
Harrigarria iruditzen zait jaialdi batek horrenbeste denbora irautea eta gainera, urtetik urtera mundu mailako magorik onenak ekartzea. Izan ere, natorren bakoitzean beti miretsi izan ditudan magoak ikusteaz gain, burutzen ditugun hitzaldietan–eta beraien magiari buruz hitz egiten entzuteko aukera edukitzen dut. Gasteiztarrak zorionekoak dira urtero maila honetako magia ikusteko aukera dutelako.
Esan duzunaren harira, zein da gehien miresten duzun magoa?
Aurtengo festibalean gustuko ditudan asko aritu dira egia esan. Orokorrean hitz eginda, New Yorkekoa zen Max Malini atsegin dut. Lotsa handirik gabeko pertsona zen eta 30–40. hamarkadetan munduan zehar ibili zen hotel onenetan sartu eta bere burua promozionatzen. Singapurren, Hawaiin...
Munduari bi aldiz eman zion itzulia eta Ingalaterrako Erreginaren zein Tahitiko Erregearen aurrean aritu zen, Rockefeller eta Ford familien etxeetan... Eta maleta soil bat eramaten zuen berarekin. Mago txiki bat zela esango nuke, ez zen lau laguntzaile behar zituen horietarikoa. Magia egiten baina batez ere magia ikusteko zeukan moduagatik handia zela esango nuke.
Bide batez, eszenatokiaren gainean zer da funtsezkoa?
Artistak eduki behar duen ezaugarri garrantzitsuena komunikatzaile izatea da. Publikoarekin egoteko, haiei arima eskaintzeko eta batez ere, elkarrekin ongi pasatzeko gogoa eduki behar du eta beste dena osagarria da.
Nik adibidez, malabarismoa aukeratu dut komunikazio bidea ezartzeko. Beste batzuek berriz, zigarro puruak baliatzen dituzte eta testu soil bat darabilten aktoreak ere badaude... Baina garrantzitsuena ongi pasatzea da, bai ikusleriak eta baita nik ere disfrutatzea
Haur edo helduak. Zein publiko da zorrotzena?
Hasteko, artista kaletarra naiz eta ondorioz, edozein motatako publikoaren aurrean aritu behar izaten dut. Inoiz artistarik ikusi ez duten herri txiki batetan egonez gero, ez dugu soilik antzokira joaten denarentzako lan egiten, baita kaletik kasualitatez pasatzen den edota sekula antzokira sartu ez baina jakin–minez gerturatzen denarentzako ere.
Mago batentzat umeak oso ikusle zorrotzak dira, dena jakin nahi baitute. Baina bestalde, konbentzitzen badituzu benetako magotzat hartzen zaituzte, eta plazer bat da.
Jakin–mina dut... Afizioa edo ofizioa da zurea?
Lanbidea da, baina noski, pixka bat denetatik dauka. Ni adibidez, Madrilen bizi naiz eta orain Gasteizen nago; beraz, gidatzen denbora gehiago pasatzen dut eszenatoki gainean baino. Oso ongi ordaindutako gidaria naizela diot.
Egia esateko, gure lana ez da soilik eszenatoki gainean pasatzen dugun denbora, jokoak eta txisteak prestatzeari, ideia bat eduki eta garatzeari, zein objektuak sortu eta margotzeari eskaintzen diogun denbora ere bada. Baina azken batean guzti hori eszenatoki gainera irten eta dena bere tokian egoteko beharrezkoa da.
Dena prest egoteko aurretik lan egin behar da. Baina egun aldrebes bat baldin baduzu, eszenatokira igo aurretik trikimailuren bat baliatzen al duzu?
Ez da trikimailua. Eszenatokira gogorik gabe irteten den artista ez da publikoarengana iristen eta ez dago hori ezkutatzerik eta ondorioz, gure gogoa oso gaizki egon arren arima garbitzen –beroketak egiten, esaterako– eta publikoa maitatzen saiatu behar gara.
Gogoan dut festibal batean gertatutakoa. Trenean gaua pasatu nuen hurrengo eguneko arratsaldeko zazpietan jardutea egokitzen zitzaidala pentsatuz, eta ordutegia aldatu eta eguerdira pasa zuten emanaldia. Haserretu egin nintzen baina banekien ezin nintzela horrela irten eszenatokira. Eta kasu horietan, dena kanporatu eta hurrengo minutuak behintzat hor egoteko gogoz gaudela sinestarazi behar diogu geure buruari. Lanbide honetan gure barneko kontu txar guztiak alboratzen jakin behar da.