501 Zenbakia 2009-09-25 / 2009-10-02

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Aurkene Mora. (Zurriola Ikastolako zuzendaria): Mundua anitza denez gero, beste kultura guztiei irekita egon behar dugu

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Aurkene Mora donostiarrak denbora dezente darama Zurriola Ikastolan beharrean. Kilometroak 2009 antolatzeko erronka beraien gain hartu zuten iaz eta eguna ailegatu bitartean prestaketa lanetan buru-belarri dabiltza; noski, ikastetxeko eguneroko lana alboratu gabe. Festa aitzakia moduan hartu eta Donostiaraino gerturatu gara solasalditxo bat edukitzeko asmoz.

Psikologoa zaitugu. Nola oroitzen duzu hasi zinen garaia?

Parisen ikasi nuen, garai hartan Euskal Herrian psikologiak gizarte mailan ez baitzeukan erantzunik, ia hutsala zela esango nuke. Psikologo taldetxo bat elkartu eta bide batzuk jorratu nahi izan genituen. Uliako Psiko-pedagogikoa izena geneukan eta eskoletan hasi ginen lanean, betiere prebentzioaren arloan.

Sasoi hartan ikastetxeetan ez zen psikologorik egoten eta horregatik Zurriola Ikastola beti berritzailea izan dela esan beharko genuke, astean hainbat egunez etortzen baikinen hona. Eta ondoren, 1981ean lanaldi osorako kontratatu ninduten. Hogeita zortzi urte hauetan nagusiki orientabide zerbitzua ematen aritu izan naiz.

Eta gaur egun ikastolako zuzendaria zara.

Aurreko ikasturtean hartu nuen postua beste lankide batzuekin batera, momentu hartan funtsezkoa zela ikusten baikenuen. Hau da, gure ikastola asko handitzen ari da eta gaur egungo egitura ez da berez behar duena. Pertsona bakar baten gain erortzen baldin badira zentroaren kudeaketa eta pedagogia esparrua, eguneroko beharra jan egiten du, eta pedagogiari eman behar diogu garrantzia ezbairik gabe.

Azken batean urteak aurrera eta ikasle kopurua ere gora doaz, ezta?

Hori da. Zurriola Ikastola 1968an sortu zen eta hasieran oso txikia zen. Garai hartan Donostiako bost ikastetxetan -Orixe, Ikas-bide, Jakintza, Martutene eta Zurriola- Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko bosgarren mailara arteko eskaintza zeukaten soilik eta jarraipena emateko asmoz guztien artean Barandiaran lizeoa sortu zuten. Gizartean bazegoen nolabaiteko eskakizun bat eta behar haiei erantzunez handitzen joan gara eta lerro bakar bat izatetik bi edukitzera igaro ginen; orain hirugarrenaren bila goaz.

Hasiera batean Barandiaran Lizeoa OHOko goi zikloa emateko lekua zen baina 1993an beste lau ikastolak publiko bihurtu ziren; guk ikastola sarean jarraitu genuen. Ondorioz, Barandiaran lizeoak ikasle ugari galdu zituen eta krisi egoera batean sartu zela esan genezake -hori bai, daukan izenagatik askok hara joaten jarraitu zuten. Ixteko zorian egon zen, baina orain sei bat urte elkarrizketatan hasi eta proiektu berria garatu dugu. Bi kooperatiba izatetik bakarrean batzera igaro gara, hori bai, bi ikastetxe jasotzen ditu barruan. Horrekin batera, lehen Barandiaran Ibaetan zegoen, eta Grosera etortzea zen logikoena eta hala, etapa guztiak eskaintzen ditugu inguruan. Orain hirugarren lerroa sortzea geratzen zaigu eta Kilometroetan egitasmo hau gizarteratu nahi dugu.

Baina gizarteratze hori ez da daukazuen xede bakarra, ezta?

Ez. Izan ere gure egitasmoak gastu ekonomiko handia suposatzen du. Ezen guretzako, lehen esan bezala, garrantzitsuena alderdi pedagogikoa aurrera eramatea bada, hori burutzeko leku bat beharrezkoa dugu eta hemen zerbait aurkitzea benetan garestia da! Horregatik esleitu ziguten Kilometroak festaren antolaketa.

Zergatik etorri beharko luke jendeak Kilometrotara?

Gerturatzen denak ekonomikoki lagunduko digu batez ere, nahiz eta badakigun aurten krisi ekonomikoa dela medio, bestetan moduko irabazirik ez dugula edukiko. Bestalde, gizarte honetan nahiko zatituta bagaude dagoeneko eta funtsezkoa deritzot batzen gaituen zerbait bilatzeari, eta hori euskara izan daiteke. Euskaldunok hemen gaudela erakutsi diezaiogun gizarteari, badakigula ongi pasatzen eta errespetuz jokatzen. Eta eguraldi ona eginez gero... Donostia ederra da gozatzeko! Aurkene, Igor Elortza eta Josebe Muguruza Kilometrotako koordinatzaileekin batera.

Horrelako jaialdiek urtebeteko antolaketa eskatzen dute gutxienez...

Horixe! Lantaldeak sortu genituen eta etengabe aritu dira lanean. Ekitaldi ezberdinak burutu ditugu; hasieratik genekien ez zirela asko izango baina bai kalitatezkoak. Eta halaxe izan dela iruditzen zait. Harro gaude aurkezpen ekitaldiaz, bikain irten zen eta; guraso, ikasle eta irakasleak guztiz nahasi ziren ekimenean. Bestalde, dantza eta poesia uztartuz emanaldi bat egin genuen; Realak zein Bruesak partiduak eskaini dituzte...

Gainera, jende oso ona dago ikastolan eta ederto etorri zaigu beraien laguntza. Artista hutsak dira eta hori hein handi batean, eskola-kanpoko musika eta antzerki eskolak ematen ditugulako da eta talentua nabari da. Horren adibide dugu besteen artean, aurtengo Zinemaldian proiektatuko den La máquina de pintar nubes filmean Bingen Elorza ikaslea eta Loreto Mauleon ikasle ohiak lan egiten dutela. Baina egia da telebista piztu eta behin eta berriz hemendik pasatutako aktoreak ikusten ditugula.

Kilometrotako leloa HirekiN Mundura da. Bi lema baten.

Izugarri atsegin dut! “Ireki Mundura” irakurriz gero, feedbacka egon behar dela esan nahi dugu; hau da, gure asmoak hedatu behar ditugu baina bide batez eta mundua anitza denez gero, beste kultura guztiei irekita egon behar gara, modu horretan asko ikasten baita. Bigarren hitz jokoari dagokionez –Hirekin Mundura- bakarrik beharrean, komunitate osoa elkarrekin mugitzen garela esan nahi dugu.

Bide batez, nola uste duzu ikusten dituztela ikastolak atzerritik? Egia esan lekuaren araberakoa da daukaten iritzia, baina ezagutzen gaituztenek behintzat, ikastolak hezkuntza sistema aurrerakoi gisa ikusten dituzte orokorrean. Nik uste horrela dela, lan asko eginez egitasmo ugari sortu baitira; hor daude besteak beste, Ikasys edota Eleanitz proiektuak. Aurrenekoaren bidez ikasle bakoitzak bere ordenagailua dauka ikasteko; Eleanitzek sari bat jaso zuen Ingalaterran. Biak arrakastatsuak dira eta horregatik diot izen ona daukagula.

Ikastoletan hizkuntza ugari ikasten direla errealitatea da.

Eleanitzek horixe erakusten du, bai! Gainera, gaur egun elebakarra izatea ezinezkoa da eta gure burua aberasteko balio digu eleaniztasunak. Aurreko urtean proiektua ezagutzeko asmoz kanpoko jendea etorri zen –Europa eta Australiatik- egun oso bat eman zuten ikasgelatan programa nola garatzen den ikusteko. Eta aurten ere bisitariak izango ditugu! Esan behar da hemen DBH 3 eta 4. mailatan Gizarte ingelesez ematen dela eta gainera, ingelesa hirugarren hizkuntza moduan irakasgaia ere bada.

Eta ikasleek zer moduz erantzuten dute?

Hasieran zalantzak genituen, guztiok ez baitugu hizkuntzentzako gaitasun berdina. Gainera, Gizarte ez da irakasgai erraza, historia jorratzen baita. Baina ikasgaia oso ondo jarraitzen dutela ikusi dugu, metodologia primerakoa baita eta ondorioz, erantzuna ere horrelakoa da. Nire beldurrak hor geratu dira eta benetan oso gustura gaude.

Bestalde, batxilergo eleaniztuna egiteko aukera eskaintzen dugu, borondatez hautatzen dutena. Lehenengo mailan Filosofia eta Mundu Garaikideko Zientziak ingelesez ikasten dituzte eta gainera Ingelesa jatorrizko irakasle baten eskutik ikasten dute.

Proiektu ezberdinez gain, musika eta antzerki eskolak dituzuela aipatu duzu lehen...

Bai eta orduz kanpo egiten diren ekimen horietaz gain, antzerkia nahitaezko irakasgaia da LH 3, 4 eta 5. mailatan. Talde txikietan lantzen da eta ikusi dugunez ikasleak aberasteko baliagarria da. Hain zuzen lotsa kendu, jendaurrean nola hitz egin eta nola mugitu, mikrofono baten aurrean ahotsak dar-dar ez egiteko baliabideak eskuratu... Hezkuntza planteamenduan arlo akademikotik haratago joatea pentsatu genuen eta aipatutako guztia lantzeko eta bide batez hizkuntza eta sormena garatzeko antzerkia baliatzea zoragarria dela ikusi dugu.

Amaitzeko, alda dezagun gaiz. Gaur egun komunikabideetan ikasle-irakasle arteko erlazioa kritikoa dela ikusten dugu behin eta berriz...

Benetan diotsut ikastolan ez dugula egoera txar-txarrik eduki, beti diot telebistan-eta ikusten denarekin, gureak arazotxoak direla soilik. Hala ere, sortzen diren auziak landu eta irtenbidea ematen saiatzen gara. Eta guztiaren oinarrian familia dago eta haiek heziketan nahastea funtsezkoa da egoera “normala” bizitzeko.

Gainera, ikastetxea egoitza desberdin bitan dagoenez, posible egiten da irakasle-guraso hartu-eman hori egotea; baina ikastetxea handia denean norbera bere kabuz dabil eta zailagoa edota ezinezkoa da harreman mota hori. Horregatik nahi dugu hirugarren egoitza bat, handi izate hori saihestu eta gertutasuna indartzeko. Aurkene Mora (Donostiarra) Parisera joan zen Goi Mailako Ikasketak burutzera eta Psikologian lizentziatu zen. Handik itzuli eta Uliako Psiko-pedagogikoa taldean hasi zen lanean; beste kide batzuekin batera prebentzioa lantzen zuten ikastetxeetan. Zurriola Ikastolarekin lehenengo harrema horrela izan zuen eta 1981ean kontratua egin zioten ikastolan bertan eta gaur ere han jarraitzen du. Hala ere, duela bi urtetatik ikastolako zuzendari kargua dauka, beste lankide batzuekin batera.