501 Zenbakia 2009-09-25 / 2009-10-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: hIREKIn MUNDURA, Zurriola!

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Urte askotako ibilbidea dauka Donostiako Zurriola Ikastolak. Hain zuzen ere, 1968an jarri zen martxan eta garai hartako oztopoak gainditu eta aurrera egitea lortu zuen. Urtez urte ikasle kopuruak gora egin eta eskaintza halabeharrez handitu behar izan dute. Noski, proiektu ezberdinak garatzeko dirua funtsezkoa da esparru guztietan, eta nola ez, baita hezkuntza arloan ere. Hala, 1995.urtean aurrenekoz antolatu zuen Zurriola Ikastolak Kilometroak jaialdia, eta 2009.urte honetan errepikatu egingo dute.

Ohi legez, urriko lehenengo igandean –kasu honetan urriaren 4an– ospatuko da festa. Antolatzaileek jendeak betiko moduan erantzutea espero dute; gerturatzen direnek ongi pasatzea da asmoa, baina batez ere euren proiektu berria gizarteratu –3.lerro bat irekitzea, hain justu– eta horretarako dirua biltzea.

Egun handia iritsi arteko urtebeteko antolaketa lana egin dute. Makina bat izan dira eratutako ekimenak; hala nola Bizikleta eta Kirol Egokituaren festa; Hip Hop eta Rap lehiaketak; Real eta Bartzelonako futbol jokalari ohien arteko partida... Aurkene Mora zuzendariak esan bezala, “ez dira asko izan, baina bai kalitatezkoak!” Bizikletaren festako momentu bat. Argazkia: Kilometroak Sei kilometro eta erdiko ibilbidea

Dena prest daukate dagoeneko, eta emaitzaren zain daude Zurriola Ikastolako lagunak. Batzuek zerura zuzentzen dituzte begiak euriaren ordez eguzkiak dir–dir egin dezan; besteek ekitaldietan ustekaberik ez gertatzea dute buruan...

Aurtengo Kilometroak jaiaren zirkuitua Donostiako auzo ezberdinetatik zehar igaroko da. Guztira 6,5 kilometro luze izango ditu eta Gros zein Ategorrieta auzuneak eta Kursaal eta Sagues batzen dituen pasealekua ere festaren muinean egongo dira.

Eta guztira sei gune atondu dituzte egun berezirako. Adin guztietako jendearentzat ekimenak prestatu nahi izan dituzte, jakin baitakite haur, gazte eta helduak bilduko direla urriaren 4ko hitzorduan. Besteak beste, musika (Trikitake, Esne Beltza, Anje Duhalde, Akelarre edota Trikizio taldeen parte–hartzeaz), herri kirolak, hip–hop txokoa (graffiti eta skratx tailerrak eskainiko dituzte, esaterako), pailazoen emanaldia...

Eta Mikel Laboari omenaldia. Ezen urriaren 4an eguerdiko 12:30ean bozgorailuetatik Txoria Txori kanta emango dute, eta asmoa bertan dauden guztiek donostiarraren kanturik adierazgarriena batera abestea. Ondoren, 2010eko Kilometrotako antolatzaileei lekukoa pasatuko diete Zurriolako lagunek, hain zuzen ere, Pasaia–Lezo lizeoari.

Guztia ongi irtetea opa diegu Zurriola Ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoei; azken finean, Kilometroak festaren antolaketan inplikatutakoei. Eta bertaratzen zaretenoi, primeran pasa pasatu gabe. Besteekiko, baina batez ere norberarekiko errespetuz jokatzea modukorik ez baitago. Kilometrotako egiteraua ikusteko, sakatu hemen Abestia entzuteko, sakatu hemen