501 Zenbakia 2009-09-25 / 2009-10-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: Olatz Beobide. Aktorea: Lehenengoz agertokira igo nintzenean, zerbait pasatu zen

GONZALEZ, Paula MARTINEZ, Maria NAYA, Maitane PEREA, Aroa

Zurriola Ikastolako Ikasleak



Olatz Beobide Donostian jaio zen 1964an. Aktore gisa ezaguna, zuzendari moduan ere lan asko egin du. Gaur egun esaterako, Goenkale telesailean dihardu. Zaragoza, Madril edota Frantziako estatuko hainbat antzerki konpainiekin egin du lan. Baina antzokiez gain telebistan ere ikusi dugu, hala nola, Bi eta Bat, A ze parea, Flamingo berria, Jaun ta Jabe edota Benta Berrin.

Entzun dugu Goenkale telesaileko zuzendaria zarela. Baina noiztik zabiltza lan horretan?

Zuzendari bezala, bigarren urtea da, baina aurretik urte eta erdiz laguntzaile moduan egin nuen lan gutxi gorabehera. Baina Goenkalez gain, Balbemendi izeneko telesailean ere aritu nintzen; kasu hartan ere, aktoreak zuzentzen ibiltzen nintzen.

Goenkalera bueltatuz, zuzendaritza hartu aurretik bertako aktore ere izan zinen.

Andereño papera bete nuen. Polita zen, grazia asko egiten zidan. Izan ere irakasle gaztea, baina zaharrak bezala janzten ninduten, ilea pega–pega eginda eta betaurreko handi batzuekin; itsusia benetan! (barre)

Baina zein ikasketa burutu dituzu?

Ikasketa aldetik, selektibitatea gainditu nuen eta gero aitak kazetaritza egitera behartu ninduen. Beno egia esateko, berak ni abokatua izatea nahi zuen baina ezetz esan eta kazetaritzan matrikulatu nintzen. Ez nuen abokatua izan nahi! Ez zen erreala ezen nik aktorea izan nahi bainuen bihotzez. Hala, beka bat eskatu eta Ingalaterra aldera joan nintzen aktore bezala.

Ikuskizunaren munduan zure aurpegia ezaguna da. Esaterako, noiz hasi zinen telebistan?

Ingalaterratik bueltatu nintzenean casting bat egin nuen eta benetan diot izugarria izan zela. Kasu hartan ez ninduten hartu baina handik gutxira deitu zuten lantxo bat eskaintzeko. Badirudi froga ikusi eta zeukaten proiektu baterako aproposa nintzela uste zutela; hain zuzen ere, umeentzako programa bat egin nahi zuten. Bi urtez aritu nintzen lan horretan astero–astero ematen zen Banan–banan izeneko programarekin. Hogeita bi urte nituen garai hartan eta orain 44 ditut, beraz duela 22 urte hasi nintzen.

Bestalde, antzerki obra ezberdinetan ere ikusi zaitugu.

Bai nahikotxotan. Esango nuke hau dela bizirik mantentzen nauen motorra. Gogoratzen dut eskolan hasi nintzela honekin, benetan gustuko nuen eta horregatik neukan hain garbi aktore izan nahi nuela. Pila bat egin ditut urte guzti hauetan zehar –gutxi gorabehera 15; zahar konplexua sartzen ari zait! (barre) Argazkia: daskerst

Zure txikitako ametsa honetan jardutea al zen?

Egia esan ez dut gogoan txikitan aktore izan nahi ote nuen. Esan dudan bezala ikastolan izan zen aurreneko kontaktua; uste dut 15 urte nituela lehenengo antzezlana egin genuenean. Ez zen gauza handia izan baina agertokira igo nintzenean, zerbait pasatu zen. Eta gaur egun ere sentimendu berdin–berdina edukitzen dudala aitortzen dut. Hau da niri gehien gustatzen zaidana; nahiz eta zuzentzea atsegin dudan, antzerkia da nire benetako alorra, oso gustura nago, nire saltsan.

Zure lanbideak beste ezertarako denbora uzten al dizu?

Egia esateko denbora asko kentzen dit. Noski, ez da denda bateko langilea izatea moduan, hau da, ordua iristean pertsianak itxi egiten direla. Ofizio honetan ezin da, beti egon behar baituzu hor: entsegu ordu asko sartu...

Euskal Herritik kanpo ere egin al duzu lanen bat?

Oso maila xumean. Hain zuzen ere estatu espainiarrean eta frantsesean aritu naiz; azken horri dagokionez, bertan geratzen ziren obratxoak egin ditut.

Hitz egiguzu azken antzezlanei buruz.

“Amamaren Memoria” eta “Ni ez naiz txotxolo” izan dira azkenekoak. Aurrenekoa berezia izan da, nire amarekin egiten baitut lan; gainera, niretzako oso obra polita da.. Bertan, familiako amak alzheimerra dauka eta pertsona bat horrelako gaixotasunarekin dagoenean, bai berak eta baita ingurukoek ere egoera nola bizi duten islatzen du.

Hau izan da guztia, milesker!

Oso ongi, eskerrik asko zuei!