502 Zenbakia 2009-10-02 / 2009-10-09
Txikitan zer izan nahi zenuen?
Gogoan dut txikitan pertsonaia ezberdinak interpretatzen nituela. Batzuetan andere?o paperean sartzen nintzen, eta bestetan berriz, denda bateko saltzailea izaten nintzen; noiz edo noiz astronauta ere izan naiz...Baina azkenean zuzenbidea egiten amaitu nuen!
Baina orain argazkilaritzan murgilduta zaude...
Halaxe da. Txikitan, bederatzi urte nituenean, ikaskide batek nire lehenengo argazki– makina oparitu zidan urtebetetze egunean. Uste dut momentu zehatz hartatik argazkigintzara lotuta sentitu dudala nire burua. Noski, hasiera batetan ez nuen serio hartu, gehien bat zaletasun moduan bizi nuen, baina orain dela urte pare batetik nire bizimodua bilakatu dadin saiatzen ari naiz. De la dificultad del Mar 3.
Eta abokatu izanda, nolatan erabaki zenuen argazkilari izan nahi zenuela?
Unibertsitatean karrera amaitu eta lanean hasi nintzen. Bi urtez abokatu gisa aritu arren, sasoi hartan gehiago pentsatzen nuen argazkilaritzan zuzenbidean baino, eta maiz zer egin ez nekiela geratzen nintzen. Hau da, askotan pentsatzen nuen zer nolako garrantzitsua den norberak egiten duenarekin aske eta aldi berean alai sentitzea.
Nik esango nuke gogoeta horren eraginez eta baita nire ingurukoek erakutsitako elkartasunarengatik ere, maletak egin eta Madril aldera abiatu nintzela EFTI argazkilaritza eskolan gai honekiko nire ezagutza sakontzeko asmoz.
Beraz, eremu honetan ibiltzeko ikasi egin behar izan al duzu?
Hala da. Lehenengo Bilbora joan nintzen IMVALen –Ikus–entzunezko ikasketen zentroa– ikastaro bat egiteko eta ondoren, Donostian bertan IVASFOTen –Euskal Argazkilaritza Erakundea– eman nuen izena. Izugarri ikasi nuen eta horren harira erabaki nuen Madrilera etorri eta EFTI eskolan master bat egitea.
Bertan, irakasle eta artista ugarik argazkilaritzarekiko beraien sentimendua eta ezagutza helarazi zidaten eta modu horretan jakin nuen mundura irekitzeko tresna bikaina dela argazkigintza. Zure barnealdetik kanpoaldera eramaten zaituen ate bat, munduarekiko daukazun ikuspegia gauzatzeko lanabesa.
Baina, bizi al daiteke lanbide honetatik?
Ezagutzen ditut soilik argazkilaritzatik bizi diren pertsonak, baina nire kasua hori izatea... Oraindik urruti dagoela iruditzen zait!
Orduan, zer egiten duzu Madrilen bizirauteko?
Ikasi nuen eskolan, EFTIn lan finkoa daukat eta horrek egonkortasun bat bermatzen dit; hala, badakit hurrengo egunean zer jan eta non lo egin izango dudala. Bestalde, argazkilaritzako hainbat enkargu egiten dizkidate. Horien artean orain arte gehien gustatu zaidan lana Pasaiako Portuari buruzko liburu batentzat argazkiak ateratzea izan da. Hain zuzen ere, handik gertu bizi izan naiz beti eta bete egin ninduen lan hark. Frozen 3.
Hitz egiguzu atsegin duzun argazkilaritzari buruz.
Nire lan pertsonalari denbora asko eskaintzea eta bide batez, nire obretan eguneroko bizitzan arduratzen nauten hainbat alderdiri buruz hitz egitea atsegin dut. Bestalde, erretratua ere gogoko dut, pertsonekin kontaktuan egotea adierazten baitu horrek. Kasu honetan, bakoitzaren esentzia ateratzen saiatzen naiz.
Lan horiek, koloretan edo zuri–beltzean?
Egia esateko, lehen oso gustuko nuen zuri–beltzean lan egitea, baina orain dela denbora batetik hona koloretan soilik egiten dut lan. Ez nuke zehatz aldaketa horren zergatia esaten jakingo, baina agian ikusten dudan mundua koloretakoa delako eta gustuko dudalako izango da.
Zure iritziz, edozeri atera dakioke argazki bat?
Nik pentsatzen dut baietz; edozein objektuk edota pertsonak zerbait ona dauka emateko. Nik argazki bat ateratzeko burutzen dudan prozesua kontatuko dizuet. Lehen, hasi nintzenean, modu instintibo eta oldartsuan ateratzen nituen argazkiak. Orain teknikaz aldatu dudala esan nezake; hau da, zer kontatu nahi dudan pentsatu eta orduan bilatzen dut subjektua; behin erabakita, prozesua hasten da.
Bote–prontoan, argazkia ateratzeko Euskal Herriko bi toki?
Pasaiako portua alde batetik. Inguru naturala eta herritarra uztartzen dira, bai eta garabiak, barkuak... Eta bestetik, euskal hondartzak, ezen Itsasoaren zailtasuna izeneko nire lanerako inspirazio iturri izan dira.
Eta badago inoiz argazkirik aterako ez zeniokeen zerbait?
Suposatzen dut nire baloreen kontra joango liratekeen gauzak ez nituzkeela sekula fotografiatuko. Hala ere, momentuz inortxok ez dit eskatu niretzako dilema den zerbaiti argazkia ateratzerik. Beraz, hobe! De la dificultad del Mar 4.
Gaiz aldatuta, nola uste duzu dagoela argazkilaritzaren egoera?
Denbora luzean eta orain dela gutxira arte gainera, argazkilaritza ez zuten artearen esparruan sartzen. Hala eta guztiz ere, poliki–poliki mundu horren barnean diziplina independente moduan hartu dute, eta gainera, geroz eta protagonismo handiagoa daukala deritzot.
Antzina jendeak uste zuen argazki bat eginez gero, beraien arimak harrapatuta geratzen zirela...
Nire iritziz behintzat, argazkilaritzaren magia pertsona, momentu zein leku baten esentzia atzematean oinarritzen da; hori gauzatu eta betiko iraunarazi.
Argazki horietarako kamera analogikoa edo digitala erabiltzea nahiago duzu?
Egia esan beha badut, biek abantaila ezberdinak eskaintzen dizkidate eta era berean, lan egiteko moduak ere desberdinak dira. Analogikoari dagokionez –behintzat nire kasuan– alde batetik burutu nahi dudan lanarekiko hausnarketa handiago bat eskatzen dit, eta gainera, lan egiteko prozesua askoz ere mantsoagoa da produkzio osteko prozesua dela–eta.
Argazkilaritza digitalaren kasuan berriz, ezaugarri nagusia azkartasuna dela esango nuke, dela emaitza egiaztatzeko momentuari dagokionez, edota edizio zein produkzio osteko lanari dagokionez ere.
Bestalde, denok daukagu argazki kamera bat etxean. Argazkilari bihurtzen al gaitu horrek?
Gaur egun edonoren eskuetan dagoen zerbait dira argazki–kamerak, baina horrek ez du esan nahi makina duten guztiak argazki onak ateratzeko gai direnik. Baina egia da bestalde, oinarrizko jakintza eta sentsibilitate apur batekin irudi onak hartu daitezkeela. Eta horrek argazkilari moduan lana aurkitzea geroz eta zailagoa izatea dakar maiz.
Baina zuk erakusketa askotan hartu duzu parte...
Beno, ez dira horrenbeste izan! (barre) Baina benetan diot denetatik oroitzapen paregabea eraman dudala. Izan ere, ilusio ikaragarria egiten dit nire lana ordenagailutik kanpo ikusi eta emaitza publikoari eskaintzea.
Amaitzeko, aitortu: argazkiak saihesten dituen horietarikoa al zara?
Aitortu behar dut kamerak errespetua eragiten didala, bai. Hori alde batera utziz, egia da ni agertzen naizen argazkiak edukitzea atsegin dudala. Hala, trikimailu txiki bat daukat, norbaitek argazki bat hartu behar badit, beste alde batera begira jartzen naiz, ezustean harrapatuko banindute bezala! Andrea Sendonen lanak, hemen Andrea Sendon (Donostia, 1980) Zuzenbide ikasketak egin zituen gipuzkoar gazte honek, baina denboraldi bat horretan lan egiten aritu ostean pentsatu zuen bere benetako bokazio den argazkilaritzari eutsi eta horretaz bizitzen saiatzea. Hala, hainbat ikastaro burutu ditu Bilboko IMVALen, Donostiako IVASFOTen eta Madrileko EFTIn. Gaur egun azken eskola horretan dihardu lanean Madrilen bertan.