502 Zenbakia 2009-10-02 / 2009-10-09
Nork ez du beldurrik sentitu bere bizitzan? Noski, artegatasunek maila ezberdinak dituzte. Atzo Interneteko sare sozial baten bitartez, Amerikako Estatu Batuetako lagun batekin mintzatzen egon nintzen gai honetaz; eta garbi esan daiteke teknologia berriek adiskidetasunari eusten laguntzen dutela. Argazkia: DerrickT
Hariari helduz, garaiak aldatzearekin batera, norbanakoaren izuak ere moldatuz joaten dira eta eragin handia dauka gure inguruko errealitateak bilakaera horretan; hau izan zen hizketalditik ateratako ondorioetariko bat. Nik neuk eman nion hasiera solasgaiari eta esperientzia pertsonalei buruz mintzatu ginen.
Txikitan entzundako eta ikusitako ipuin eta filmen eraginez hainbat urtetan zehar ohe azpian eta armairu barruan begiratu behar izaten nuen, bestela ezin bainuen lorik egin. Edadean aurrera egiten hasi eta erritualik gabe oheratzera iritsi nintzen –gaitz erdi, orain berdina egin beharko banu...hau lotsa!.
Nire sekretua kontatuta, adiskide zaharraren txanda etorri zen ondoren. Edukitako esperientzia txar baten eraginez, denbora luzean fobia nagusia bere kanpo–itxura zen; ikastetxean ez zuten oso ongi tratatu –ikaskideak baino gizenagoa zen eta hortzetako aparatua zeukan– eta jendaurrean azaltzeak dardara eragiten omen zion gorputz guztian zehar. Azkenean hamabost bat urte zituenean, bere buruarengan konfiantza hartu, txotxolokeriak zirela jabetu eta gaur egun irakasle lanetan dihardu gizonak. Argazkia: klaireebearr
Eta gure hizketaldiko momentu batean etorkizuna irten zen –gai moduan, esan nahi dut. Ea zerbaiti beldurra ote nion galdetu zidan eta heriotzaren kasuan, nireak baino, ingurukoenak beldur gehixeago ematen didala erantzun nion; horretan ados agertu zen laguna ere. Gainera, beltzez jantzitako damak hemendik urte luzeetara egingo digula bisita pentsatzea da gizon–emakume gazteon akatsa –edo bertutea, nahi bezala! Eta horregatik, ez gara beldur izaten, errespetua diogu, baina ikara... gutxi!
Egia da baina, adinean gora goazen heinean gauzak aldatuz joaten direla eta geroz eta arreta gehiagorekin jarraitzen dugu heriotzaldiaren gaia. Gorputzak ez digu berdin erantzuten, gaixotasunak hartzeko arriskua ugaritzen da, eta bizitzaren erdia baino gehiago bizi izan dugula pentsatzeak bertigoa sentiaraziko digu ziurrenik...
Baina heriotza muturreko gaia izanik, goazen tarteko beste izu batzuk aipatzera. “Lana mantenduko al dut?” “Beti edukiko al ditut lagun eta familiartekoak nire inguruan? Eta aldenduz gero, zer?” “Lanik ez badaukat zer egin dezaket kontu–korrontean xemaikoren bat edo beste eduki eta zenbaki gorritan ez geratzeko?”... Milioika galdera egin genitzake eta guztietan geratuko lirateke gure artegatasunak begien bistan.
Bestalde eta amaitzeko, egia da beldur horiek ez ditugula gau eta egun presente edukitzen; bestela, nola biziko ginateke? Onena, aurrera egitea, egunerokoa bizitzea eta izu horiei zeharka begiratu, hori bai, arreta guztiz galdu gabe.