Euskonews Gaztea
Gaiak: Begiraden hizkuntza
Begiradak dena esaten omen du; aitonarengandik ikasi nuen lezioa da. Tristura, haserrea, poztasuna, ezinegona, gezurra... Begi–kolpe bakoitzak dir–dira berezia eskaintzen digu, bakoitzak pertsona nola dagoen adierazi. Noski, ez dugu beti asmatuko aurrean dagoenaren gogo–aldartea zein den, baina praktika pixka batekin gutxi gorabehera nola sentitzen den jakingo dugu. Argazkia: vecinodelquinto!
Suposatzen dut hala ere, engainatzen dakienak jakingo duela triste sentitzerakoan pozik dagoenaren plantak egiten. Eta naturak ere behaketa horretan huts egitera eraman gaitzake. Maiatzean, nire lagun batekin elkartu nintzen kalean, eta triste zegoela iruditu zitzaidan. Ez ba! Alergikoa da, eta begiak gorri–gorriak eta txiki–txikiak zituen. Negar egin izan balu bezala!
Bestalde, datu batzuk begira egon naiz, eta ematen duenez gizon–emakumeon arteko komunikazioaren barruan %10a da soilik hizketari dagokiona; gorputz espresioak zein ahots intonazioak presentzia handiagoa dute harremanetan. Ohiko adibide bat jartzearren, besoak gurutzatuta edukitzeak badirudi konfiantza eza eta babestu nahia adierazten duela; eta gainera ukabilak itxita edukiz gero, babesa eta areriotasuna erraten duela diote.
Begiraden kasuan, ikerketen arabera, norbaitekin hitz egiten ari baldin bazara eta ez badizu aurpegira begiratzen, ziurrenik zerbait ezkutatzen ari da. Begietara zuzen begiratzen dizun pertsonarekin arazorik ez zenuke eduki behar, adituen ustez, egia esaten arituko da eta.
Bide batez, trikimailu bat norbaitek gustuko zaituela igartzeko. Badirudi begi–niniak dilatatuta edukitzeak interesa eta erakarpena adierazten duela. Eta zeharka begiratzeak ere antzerako esanahia omen du: sedukzioa, interesa eta jakin–mina. Baina lehen esan bezala, gaizki ulertu ugari eman daitezke, beraz, ez hartu informazio hau beti emango den arau gisa.
Honekin, begiradak eta orokorrean gure gorputz imintzioak informazio iturri galanta direla esan nahi dut. Norbait begira eta zure mugimenduak irakurtzen egon daiteke eta zerbait ezkutatu nahian bazabiltza... Kontuz egiten dituzun keinu eta jartzen duzun aurpegierarekin!