503 Zenbakia 2009-10-09 / 2009-10-16

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Muxi Mariñelarena. (Etxarriko Andra Mari Ikastolako zuzendaria): Nafarroa Oinez hizkuntza gutxituen aldarri eguna izatea nahi dugu

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Irantzu Solana

Etxarri Aranatzeko Andra Mari ikastolak 40 urte bete ditu 2009an. Urte guzti hauetan erronka ezberdinak burutu nahi izan dituzte eta beraien xedeak lortzeko 1989 eta 1996an Nafarroa Oinez antolatu zuten; aurten hirugarrenez errepikatuko dute abentura. Hainbat helburu biltzen dituen jaia izango da, Txikiak handi lelopean ospatuko dena.

Andra Mari Ikastolan urte mordoxka daramatzazula entzun dut, egia al da?

Halaxe da, bai! Aurten 32 urte beteko ditut Etxarri Aranatzeko ikastolan lanean. Urte guzti hauetan zehar Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn ere irakasle moduan aritu izan naiz, orain sei urte zuzendari kargua hartu nuenera arte. Andra Marin sartu nintzenean, zortzi urte ziren ikastola martxan jarri zutela ?2009an 40 urte bete ditu- eta ordurako arima zuen ikastetxeak.

Aldaketa ugariren testigu izango zinen denbora tarte honetan, ezta?

Gauzak asko aldatu dira ezbairik gabe. Hasteko, Hezkuntza sistemak bere bidea darama eta ez ditu urrats handiak ematen; baina ikastolen mugimenduan pauso oso garrantzitsuak eman ditugu nahiz eta sistema, esan bezala, geldo joan. Aurrerapauso horien artean ikastolen arteko elkarlanean euskal curriculuma sortu dugula egongo litzateke, esate baterako.

Andra Mari Ikastolara itzuliz, eman diren aldaketak ere izugarriak izan direla esan behar dut. Hasieran baliabide gutxi genituen, egoitzarik ere ez geneukan eta etxabe zein etxebizitzetan ematen ziren eskolak, harik eta eskola estatalak izan ziren eraikinetan kokatu ginenera arte.

Denborarekin osotu egin da ikastola. Pedagogiari begiratuz gero gainera, iruditzen zait hastapenetik beti izan garela oso dinamikoak. Horren erakusgarri dugu adibidez, ikastaroak egitera joaten ginela Katalunia aldera. Esan daiteke dena martxan jartzeko antsietatea geneukala hasiera haietan; ikasteko nahia genuen eta gaur egun ere edukitzen jarraitzen dugu Andra Marin, sumatu egiten da.

Eta denborarekin ikastola handitu egin da gainera.

Bai, bai. Inguruko hamalau herritatik etortzen zaizkigu Etxarri Aranatzera neska-mutilak. Gaur egun, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ditugu martxan ?3 urtetatik 16 urte bitarteko eskaintza. Azken batean, inguruko beharrizanei erantzuten saiatzen garela esan liteke.

Gogoratu nahiko nuke aurtengoarekin Nafarroa Oinez antolatzen dugun hirugarren aldia dela, baina aurreko biak gaur ditugun eskaintza horiek martxan jarri eta aurrera eramateko baliatu genituen.

Eta hirugarren honekin, zer nolako asmoak dituzue bada?

Aurtengo festak helburu anitz ditu. Euskararen aldeko jai handi guztietan bezalaxe, gure hizkuntzaren erabilera bultzatzea xedeen artean dago.

Bestalde, jakingo duzuen moduan, Nafarroan gure azpiegiturentzako diru-laguntzarik ez dugu izaten eta Nafarroa Oinez bada finantziazio bide bat. Honen barruan, 3 eta 16 urte bitarteko ikasleentzako toki berri bat eraikitzea dago; eta gerora begira, 16-18 urte bitarteko eskaintza ere zabaldu nahiko genuke. Baina hori denborarekin zehazten joango gara, hau da, beharraren eta eskaeren arabera ikusiko dugu batxilergoa edo lanbide heziketa izango den.

Eraikin berria lortzeko proiektua oso handia denez gero behartuta gaude faseka egitera. Aurreneko etapan Haur eta Lehen Hezkuntzatako lehengo eta bigarren zikloak eramango ditugu toki berrira. Eta hori finantzatzeko dirua biltzea da aurtengo asmoa.

Bestalde, hirugarren helburu bati ere heldu diogu ilusio handiz. Txikiak handi leloarekin lotuta, Nafarroa Oinez hizkuntza gutxitu eta gutxiagotuen aldarri eguna izatea nahi dugu. Inbertsio kultural bat izan da guretzat, Katalunia, Aragoi, Okzitania, Bretainia eta Galesen egon gara eta bertako hainbat erakunderekin harremanak mantendu ditugu. Ikastolen proiektua euskal mugetatik haratago eramatea izan dugu xede, baina trukean herrialde bakoitzeko esperientzia ugariri buruzko informazio ugari jaso dugu.

Hizkuntza gutxituak aipatzen dituzula, urriaren 18rako zerbait antolatu al duzue horrekin lotuta?

Bai. Euskal eragile eta bost herrialde horietako ordezkarien artean adierazpen bat idatziko da eta Nafarroa Oinez egunean presente dauden hizkuntza guzti horietan irakurriko dugu zirkuituko Txikiak Handi gunean. Gainera, horren harira leku horietako artistak zuzenean arituko dira taula gainean; esate baterako, Joan Frances Tisner Okzitaniatik edota Cesk Freixas Herrialde Katalanetatik etorriko dira. Eta gainera, Castellersak arituko dira dorreak egin eta ikuskizun paregabea eskainiz, ezin dugu galdu!

Urte beteko antolaketa eduki du Nafarroa Oinezek. Zer moduko esperientzia izan da?

Nire iritziz, benetan positiboa. Donostian egon ginen Kilometrotan eta emaitza ikusita antolatzaileek komentatu ziguten lan gogor egiteak benetan merezi duela. Ez daukat zalantzarik gure kasuan ere horixe sentituko dugula. Antolaketan ematen den elkarlana, sortzen diren erlazioak... Paregabea da egoera hori ematea bizi dugun gizarte globalizatu honetan.

Hitz egin dezagun orain hezkuntzak Nafarroan bizi duen egoerari buruz.

Hasteko, ez dut ulertzen euskara lingua navarroruma izanik, nafarrok gure hizkuntzarekiko ditugun eskubideak bermatuta ez egotea. Nola eman daiteke egoera hori? Ulertezina zait herrialde bat hiru eremutan banatzea hizkuntzarengatik.

Bestalde, Nafarroa iparraldea ?zonalde euskaldun? moduan katalogatuta dago eta beste tokietan baino bermatuago daukagu euskaraz ikasteko eskubidea. Zailagoa duten eremu horietan aldiz, ikastolek zeregin handiagoa daukate beren gain, hain zuzen, erronka handiagoa da euskaraz ikasteko aldarrian.

Eta zer deritzozu ikastetxeetan tokian tokiko euskalkiak irakasteari?

Errealitateari erreparatuta konturatuko gara badaudela herriak eta herriak; hau da, Nafarroako leku batzuetan euskalkia mantentzen da eta beste batzuetan, orokorrean euskara nahiko galduta dago erabili ez delako nahiz eta egun berreskuratze bidean egon.

Eta gai honetan adituek eta herriko hainbat pertsonek euskalkien gainean burututako lan handiari esker posible dugu zenbait hitz edota espresio moduak berreskuratzea. Eta gure esfortzua ere hortik badoa, hau da, euskal curriculumaren barruan euskalkien gaia lantzea nahiko genuke eta hala gure buruak aberastea nahi dugu. Baina poliki-poliki doan gaia da.

Amaitzeko, Nafarroa Oinez bikaina opa dizuegu!

Eskerrik asko! Andra Mari ikastola txikia izan arren, asmoz handia da. Ikastolok momentu honetan euskararekiko eta oro har, gure kulturarekiko betetzen ari garen funtzioarekin bat egin behar dugu euskal gizarte osoak. Aldarrikapen gune izango da Nafarroa Oinez, eta bakoitzak ahal duen neurrian egun horretan bere ekarpena egin dezatela esan nahiko nieke irakurleei. Eta gainera, adin guztietako ekintzak antolatu ditugu urriaren 18rako Etxarrin! Beraz, animatu! Muxi Mariñelarena (Etxarri Aranatz) Pedagogian lizentziatu zen Muxi eta urte mordoxka bat darama espezialitate horretan beharrean. Gaur egun Arbizun bizi da. Andra Mari Ikastolako langilea azken 32 urteotan; Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta denbora-tarte batez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakasle izandakoa, azken sei urteetan pedagogia-zuzendari karguan dago.