501 Zenbakia 2009-09-25 / 2009-10-02
Ramon Saizarbitoria Zabaleta idazle gipuzkoarra da. Donostian jaio zen 1944. urtean eta euskal literaturari buruz hitz eginez gero, aipatu beharreko pertsonaia dugu.
Nahiz eta idazle izaeragatik ezagunagoa den donostiarra, Soziologian lizentziatu zen eta horrek SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroraino eraman zuen. Hainbat eta hainbat ikerketa soziologiko burutu ditu urteetan zehar Saizarbitoriak; makina bat dira publikatutako txostenak. Hala, arlo honetako ezagutza bikaina medio, SIISeko zuzendaritza kargua eskuratu zuen.
Bestalde, Lur argitaletxearen sortzaileetariko bat izan zen 1967an eta baita 70.hamarkadan argia ikusi zuen Oh Euzkadi aldizkariarena ere. Beste hainbat argitalpenetan ere kolaboratu izan du gainera, hala nola Zeruko Argian zein Jakinen.
Aipatu bezala, Ramon ezagunagoa da publikatu dituen liburuengatik eta maiz, jasotako kritika positibo zein negatiboengatik. Eleberriei dagokienez, –ezen Saizarbitoriak hainbat alor jorratu ditu– bere aurreneko literatura–lanean feminismoa, arrazismoa, abortua eta bestelako gaiak jorratu zituen. Liburuak 1969an ikusi zuen argia eta Egunero hasten delako izenburua ipini zion.
Hirurogeita hamargarren hamarkadak aurrera egin eta Saizabitoriak Ehun Metro liburua idatzi eta publikatu zuen 1976an. Hala ere, aurretik zentsura jasan zuen donostiarrak, giro politiko nahasian aurreneko edizioa bahitu baitzioten. Horrek ez zuen kikildu, eta liburua kaleratu bezain pronto arrakasta inguruan zebilkion. Horrenbestekoa izan zen liburuak edukitako oihartzuna, nobela frantsesera, ingelesera, gaztelaniara eta italiarrera itzuli zutela eta gainera liburutik film izatera igaro zen Alfonso Ungria zinemagilearen eskutik.
Ene Jesus! (1976) izan zen hurrengo liburua, eta ostean etenaldia egin zuen Saizarbitoriak. Eta ez nolanahikoa, hain justu 19 urteko isilunea egon zen idazle fazeta horretan. Hala, 1995ean itzuli zen Hamaika Pauso eleberriarekin; segidan etorri ziren Bihotz bi. Gerrako kronikak (1996), Gorde nazazu lurpean (2000), Gudari zaharraren gerra galdua (2000), Bi bihotz, hilobi bat (2001), Rosettiren obsesioa (2001) eta Kandinskyren tradizioa (2003) etorri ziren.
Esan bezala baina, alor ezberdinetan mugitu den gizona da Ramon Saizarbitoria, eta saiakerak ere idatzi izan ditu. Horien artean daude 1970. urtean argitaratutako Mendebaldeko ekonomiaren historia; merkantilismotik 1914ra arte –Arantza Urretabizkaia eta Ibon Sarasolarekin elkarlanean; zein Aberriaren Alde (eta kontra), 1999an.
Bestalde, Saizarbitoriaren eskuetatik hainbat eta hainbat sari pasatu dira dagoeneko. Esate baterako, 1992an Rikardo Kazetaritza Saria jaso zuen; Eusko Jaurlaritzak Sustatu saria eman zion 1994an; Euskadi Literatura Saria 2001ean. Horrez gain, behin baino gehiagota eskuratu du Kritika Saria, Ene Jesus! liburuagatik 1982an; Hamaika Pausorekin 1995ean; eta Gorde nazazu lurpean lanarekin 2001ean.
Liburu bakoitzarekin esperimentatzeko xedea beteta, inor axolagabe uzten ez duten lanen bidez bere ekarpena egin dio euskal literatura munduari.