501 Zenbakia 2009-09-25 / 2009-10-02
Hil honetan, Euskaltzaindiak, Euskararen Akademiak, 90 urte betetzen ditu. Eusko Ikaskuntzak zorionak eman nahi dizkie haurride erakundeari eta bertako kide guztiei urteurren horregatik, arrazoi historikoengatik partaide sentitzen baita berorretan.
1918ko irailaren 5ean, Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren Lehen Batzarreko Hizkuntzaren Sailak euskara ikertzeko eta babesteko erakunde bat sortzea hitzartu zuen. Horretarako, talde bat aukeratu zen, erakundearen oinarriak idazteko. Taldeak honako lehen euskaltzain oso hauek izendatu zituen: Resurreccion Maria Azkue, Arturo Campión, Luis Eleizalde eta Julio Urkixo.
1919ko martxoaren 2an, Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorrak bere egin zuen bazkideek idatzitako proiektua, eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiei aurkeztu zien, onarpena eta laguntza morala nahiz soziala eskatzeko.
Resurrección María Azkue Aberasturi.
Aipatu proiektuak misio zehatz bat ezartzen zion erakunde berriari, hots, “hizkuntzaren batasun lexikoa, fonetikoa eta grafikoa ezartzea, literatura indartsu bat sortzeko oinarritzat, eta baita geroko literatura-euskalkia behin betiko batzeko aurretiazko eta ezinbesteko urrastzat ere, euskaldun guztien nahia baita”. Horretarako, bi sail desberdin aurreikusten ziren: lehena ikerketa zientifikoena, eta bestea, hizkuntza gordetzeko eta hedatzeko behar ziren babesari eta gizarte-ekintzari zegokiena.
Erabaki zen Akademiak “autonomia zabal eta osoa izan zezala alor zientifikoan”, baina “Eusko Ikaskuntzaren mendean zegoela beti”, eta idazpuruetan eta inprimakietan islatuko zen hori. Haren baliabide ekonomikoez, “erabakitzen da Eusko Ikaskuntzak jasotzen dituen laguntzetatik kanpoko laguntzak jaso ditzakeela Akademiak, baina Eusko Ikaskuntzak hari laguntzeari utzi gabe”. Hasieran, Eusko Ikaskuntzak hartu zituen bere gain gastu guztiak, hura bere lehen irabaziak sortzen has zedin arte. Gainera, Toponimiako eta Patronimiako material ugari eman zizkion, berak dohaintzat jasoak baitzituen bera sortu zenean urtebete lehenago.
1919ko udaberrian eta udan, Foru Aldundiek jakinarazi zioten Eusko Ikaskuntzari onartzen zutela Araudi Proiektua. Izapide hori beterik, erakunde berria eratzeko bilkura deitu zen. 1919ko irailaren 21ean egin zen bilkura, Gipuzkoako Diputazioaren Jauregian, hor baitzeukan egoitza Eusko Ikaskuntzak. Honako hauek izan ziren bertan: Resurreccion Maria Azkue, Arturo Campión, Luis Eleizalde eta Julio Urkixo, Eusko Ikaskuntzaren Batzarrak izendatutako euskaltzain oso moduan, eta Akademiaren sorrera bermatzen zuten aldizkarien eta elkarteen izenean, zortzi konpromisario: Txomin Agirre, Pierre Broussain, Gratien Adema, Ramon Intzagarai, Jose Agerre, Juan Bautista Eguzkitza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande.
Lehen bilkura horretan, erabaki zen egoitza nagusia Bilbon jarriko zela, nahiz eta bilkurak Donostian edo egoki iritzitako beste toki batzuetan ere egin zitezkeen. Egin ere, ohiko lehen bi bilkurak (urriaren 29koa eta azaroaren 13koa) Gipuzkoako hiriburuan egin ziren berriro. Haietan, ohorezko euskaltzainen eta euskaltzain urgazleen taldeak onartu ziren, bai barrukoak, bai kanpokoak.
Idoia Estornes historialariak dioen bezala, “Akademia jaioberri honen koadro osoak Eusko Ikaskuntzaren alabatzat daukan kalitatea ere bermatzen du”:
Arturo Campión.
a) Euskaltzain osoak
R. M. Azkue, Severo Altube, A. Campión, L. Eleizalde, J. B. Eguzkitza, Damaso Intza, Ramon Intzagarai, Georges Lacombe, M. Landerretxe, Pierre Lhande, Ramon Olabide eta J. Urkixo.
b) Ohorezko kideak
H. Schuchardt, Gratz-eko (Austria) Unibertsitateko katedraduna; Julien Vinson, Pariseko Ekialdeko Hizkuntzen Fakultateko katedraduna; C. C. Uhlenbeck, Leyden-go (Holanda) Unibertsitateko katedraduna.
c) Urgazleak
u.a.) Araba: O. Apraiz, Luis Gz. Etxabarri.
u.b.) Bizkaia: F. Belaustegigoitia, J.C. Ibargutxi, G. Manterola, N. Oleaga, A. Urriolabeitia, P. Zamarripa.
u.c.) Gipuzkoa: T. Alzaga, P. Lardizabal, J.B. Larreta, M. Lekuona, I. Lopez-Mendizabal, G. Mujika, P.M. Urruzuno, J. Zinkunegi.
u.d.) Nafarroa: T. Arburua, C. Caparroso, E. Etxalar, F. Irigarai, Nikolas Ormaetxea.
u.e.) Nafarroa Beherea: J. Etchepare, J. Elissalde, Julien Héguy, F. de St. Jayme.
u.f.) Lapurdi: J. B. Daranatz, P. Dourisboure, J. Saint-Pierre.
u.g.) Zuberoa: J. B. Constantin, F. Larrieu, J. de Menditte, J. Urruztoy.
u.h.) Beste batzuk / Han-hemengoak: M. Arriandiaga, J. B. Darricarrére, E.S. Dodgson, C. Echegaray, H. Gavel, A. León, Th. Linschmann, R. Menéndez-Pidal, J. Saroihandy, H. Urtel eta H. Winkler.