501 Zenbakia 2009-09-25 / 2009-10-02
Mendetan zehar giza ezagutzaren aurrerabidea mamitu duten zientzialari multzo txiki bat ageri da zientziaren historiaren buruan. Gizaki itzaltsu horietako batzuk, gainera, bidea gure esperientzia mugatuetatik haratago argitzeagatik pasa dira historiara. Charles Darwin (1809- 1882) ingeles naturalista dugu erraldoi horietako bat, zientziarako izugarrizko garrantzia duena eta gizaki arruntari zerbait esaten dioten bakanetako bat. 200 urte pasa dira jaio zenetik eta 150 urte igaro dira jadanik Espezien jatorria argitaratu zenetik eta testu horretan Darwinen ideien inguruko pintzelkada batzuk ematen saiatuko gara, ezaguna dena errepikatzeko arriskupean bada ere, haren ekarrien berezia ulertzearren.
Sherewsbury-n jaiotako Charles Robert Darwinen bizitza, agian, kaosaren teoriaren ereduzko adibidetzat erabil liteke, zeren gertaera txiki batzuek ezin iragarrizko ondorio uholdea sortu baitzuten. Gertaera horietako batzuk, mito bihurturik, herri jakinduriara pasa dira jadanik, hala nola H.M.G. Beagle ontzian naturalista gazteak egindako bidaia historikoa edo Galapagoak Uharteak bisitatu zituenekoa. Bidaia hori erabakigarria izan zen Hautespen Naturalaren Teoria bururatzeko eta aukera eman zion Darwini hamaika espezie ezagutzeko eta, garaiko sinesteen arabera, Jainkoaren gogoaren isla eta jainkozko plana zena behatzeko. Baina Darwin haratago joan zen, ez zen ikustera eta oharrak hartzera mugatu, haren aurrekoek egin bezala, baizik eta aurkitzen zituen fenomeno guztiei zentzua ematen saiatzen zen eta behaketa haien nolakoaz eta zergatikoaz galdetzen zion bere buruari. Hori da Darwin bereizi zuten ezaugarrietako bat, eta gailurrera eraman zutenak beste batzuk oharkabean pasa ziren tokian. Darwinen metodoa, berak adierazi zuenez, “benetako metodo baconiarra”, indukzio zuzena zen, zeinak teorizatzaile handi bilakatu zuen. Garaiko naturalistetan agertzen ez zen ezugarri hura, behatzeko gaitasun bikainarekin eta esperimentatzaile gisa zuen gaitasun nabarmen eta nekaezinarekin osatzen zen. Hortaz, inguruko mundua ulertu eta azaltzeko eginkizunerako egokiak ziren ezaugarrien jabe zen Darwin, eta ez zen, batzuetan kontatu ohi denaren aurka, toki egokian behar zen garaian egondako eta viktoriar aldiko zirkulu intelektualetan zebiltzan ideiak bildu zituen pertsona bat soilik. Berak, obra argitaratu ondoren Baden Powell-i bidalitako gutun batean idatzi zuen bezala: “Espezieak aldatzera nola iritsi diren erakusten saiatzea da nire lanaren berritasun bakarra; (...) eta gogoeta horietan ez dut aurrekoen laguntzarik izan”.
Argazkia: daisybush.
“Mundua inarrosi zuen liburua” argitaratu aurretik, espezieak entitate estatikoak ziren, beren oraingo eran sortuak ziren eta are onartu egiten zen ezein taxonik ez zela galdu. Orduko, nolanahi ere, geologoak eta paleontologoak ohartuak ziren jadanik aldaketa asko eta garrantzitsuak gertatu zirela lurraren historian zehar, eta Steno bezalako behatzaileek berretsi egin zuten aurkituriko fosilek iraganean existitu eta gure egunotaraino iritsi ez ziren animaliak irudikatzen zituzten. Halarik ere, espezien kreazioaren ideia azalpen bakar gisa mantendu egiten zen, eta ideia hori are mundu naturalaren esplorazio zientifikoa justifikatzeko erabiltzen zen. Esplorazio hori gehienbat teologoek gauzatua zen, Jainkoaren sorkariak aztertzeari ekiten zioten, haren gogoa ulertu eta haietan agian ordena ezkutua aurkitu ahal izango zutelakoan.
Horren bidez, gainera, Galileo, Descartes edo Newtonek sustaturiko zientzia berriaren prentsamendu materialista berriaren kontra jo nahi zuten. Gaur egun ulergaitza badirudi ere, halako pentsamenduek bultzatzen zuten, esaterako, Linneo, nomenklatura binomialaren sortzailea, bezalako zientifiko guztiz entzutetsua topatzen zituen izaki guztiei izena ematera eta ordenatzera. Haren ustez, Kreazioaren jainkozko plana irudikatzen ari zen eta ez zegoen animalien arteko erlaziorik, halako erlazioak Jainkoaren gogoan baizik ez zeudela. William Paley agurgarriak esan zuenez, erloju batek erlojugile baten premia du ezinbestean.
Alabaina, espezieak kreazio estatikoak badira, nolatan ageri ziren desberdintasunak populazio baten banakoen forman, jokaeran eta fisiologian? Galdera mota horiei beti termino finalistetan erantzuten zitzaien edo espezie baten idealean gertatzen ziren erroreei egozten zizkieten. Darwinek hautsi egin zuen azalpen mota horiekin eta espezieak entitate finkoak zirelako ideiarekin, hau da, garai hartan nagusi zen ideiarekin, eta frogatu egin zuen banakako aldaketa horiek, hain justu, funtsezkoak direla aldaketa ebolutiboa gerta dadin, baita dibertsitate biologikoa emango lukeen lehengaia ere. Ez hori bakarrik, mundua konturatu baitzen ez zegoela Jainkoa aipatu beharrik espezieak zergatik existitzen ziren azaltzeko, eta Kreazioaren dibertsitate eta konplexutasun guztia Sortzailea kontuan hartu gabe azaldu ahal izanez gero, errealitatearen zein parte ez litzateke azaldu ahal izango? Darwinek garbi utzi zuen ez zela inolako jainkozko asmori hel egin behar ikuspegi zientifikotik plantea ditzakegun inongo kontutan, eta horrekin mendetan zehar irekitako eztabaida bat itxi zuen.
Argazkia: celerrimus.
Espezien jatorrian bi hipotesi nagusi planteatzen dira: lehena, oraingo espezieak aurreko komunen ondorengoak dira, aurrekoen aldeak aldaketak izan dituztenak; eta bigarrena, ondorengo aldatu horiek eratzearen kausa hautespen naturala da, zeinak ondoretasunez har daitezkeen aldaketa batzuk mesedetuz jokatzen duen. Gainera, bilakaera prozesu horretan espezieak aldatu ez ezik, egitura berriak, organo eta funtzio berriak, jokabide eta trebetasunak sortu egiten dira, moldaerak izendaturikoak. Naturaren gaineko jainkozko asmoarekin gertatu zen bezala, historian zehar Jainkoaren existentziaren froga gezurtaezin gisa erabili zen moldaera. Eskua edo begia gure bizitzak zuzentzen laguntzeko diseinatuak izan dira, uste zuten garai hartan, eta Jainkoa zentzuduna ez ezik, onbera ere bada, espezie bakoitzari sortu duen lekuan bizitzeko behar duena ematen baitio zehatz-mehatz. Arrazoibide horrek sorrera estatikoa eskatzen du, halako eran non espezieak eta beren inguruneak sortu zirenean bezalaxe irauten duten. Darwinek berriro azpikoz goratu zuen argudioa, moldaera espezieak ingurune aldakorretara egokitzeko prozesu bat zela azaldu zuenean. Hortaz, azalpen natural bat ematea lortu zuen, organismoen berezko ezaugarriei zegokiena, izaki bizien diseinu funtzionala azaltzeko: hegaztiek hegan egiteko dituzte hegoak, eta arrainek igeri egiteko hegalak. Beraz, mundua eboluzionismora konbertitzeaz gainera, Darwinek frogatu ahal izan zuen ezen izaki bizi bat definitzen duten ezaugarrietako guztiak organismoaren sistemak berak sortzen dituela, belaunaldi askotan zehar ingurunearekin elkarri eraginez. Hala, eboluzioaren teoriaren beste meritu handia zera izan zen, tresna egokia ekarri zuela, iragarpen ahalmen handikoa, animaliak ingurumenerako moldatzeari buruz lan egiteko eta hipotesiak planteatzeko, eta biologia zientzia deskribatzailea izatetik zientzia esperimentala, egiazko zientzia izatera pasa zen. Gaur egun oraindik, eboluzioa aztertzeak izugarrizko interesa du biologiaren edozein arlo argi dezakeelako eta beste hainbat arlotan lagundu dezakeelako: dibertsitate biologikoaren kontserbazioa, medikuntza, nekazaritza, abeltzaintza eta abar.
Hala eta guztiz, Espezien jatorrian jasoriko ideiak izaki bizien existentzia ulertzeko azalpen frogatu bakarra direla garbi geratu den arren, teoria horrek gaitzesle asko aurkitu ditu Gizakiarentzat dakartzan ondorioengatik. Darwinen garaian jadanik ohartu ziren naturalistaren eboluzioari buruzko teoria onartuz gero, kristau kulturaren funtsezko sineste eta balio asko eta asko baztertu edo berriro formulatu beharra zegoela. Izaki bizidunak, giza espeziea barne, jadanik ezin zitezkeen jainkozko sorkaritzat hartu. Gainera, giza arima bere statusa galtzeko arriskuan zegoen, zeren eta, animalia hobetuak besterik ez bagara, zaila baita arima hilezkorra dugula sinestea, animaliek horrelakorik ez duten bitartean.
Eta giza existentziaren alderdi espiritualaren kontzeptua alde batera uzteak hondatuko egingo lituzke moralitatearen kontzeptu tradizionalak eta gizarte ordenaren egonkortasuna hondatzeko arriskuan izango litzateke. Gaur egun oraindik asko dira horrela pentsatzen dutenak (kreazionista direlakoak) eta eboluzioa irmo ukatzen dutenak. Jakina, horien iritziak gehienbat sineskizunetan oinarritzen dira eta ez dakarte eboluzioa gertatzen ari dela ukatzen duen behin betiko frogarik. Dena den, kontuan izan beharra dago Darwinek ez zuela frogatu arimarik edo Jainkorik ez zenik (erlijio sinesteen kontra jotzeko zenbait pertsonak esan ohi dutenez); kontua da ez dela haren presentziaren beharrik horren menturazko eran giza arraza bezain izaki berezia sortzeko. Hortik gora, bakoitzak nahi duena pentsa dezake.
Ikusi dugunez, Darwinek ordura arte finkatua zegoenari ekin zion eta modu egokian Iraultza Darwinista deitu zaio berak abiatu eta gure egunotan ere ideia asko eragiten dituen prozesuari. Ez alferrik Dennett bezalako zientziaren filosofoen arabera, Charles Darwinek buruturiko hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoria dugu giza gogoak mamituriko ideiarik garrantzitsuena eta eragin handienekoa. Behiala esan zen Newtonek argitu zituela natura gobernatzen duten legeak eta harrezkero dena argi izan zela. Darwinek zerbait are handiagoa lortu zuen, itsutzen gintuen argitik haratago ikusarazi zigun eta argi horren osagai garela frogatu zuen.