500 Zenbakia 2009-09-18 / 2009-09-25
Anabel Alonso aktore bizkaitarra Santurtzin jaio zen 1967an. Orain hamasei urte inguru maletak egin eta bere ametsa egi bihurtzeko asmotan Madril aldera abiatu zen.
Gaztetatik bere burua transformatzeko gaitasuna erakutsi zuen arren, interpretazioaren mundua beranduagorako utzi eta Turismo ikasketak burutu zituen aurrena. Azkenean baina, benetako bokazioari irtenbidea emateko asmoz Madril aukeratu zuen bizileku berritzat. Han aukera gehiago edukiko zuela pentsatuz joan zen, eta baita asmatu ere.
Gogor ekin zion lanari Anabelek. Hala, casting askotara aurkeztu zuen bere burua eta ondorioz, lehenengo aukera iritsi zitzaion bizkaitarrari. Eta arlo guztietan jarduteko aukera eduki du, dela antzerkia, telebista zein zinema.
Bere aurreneko lantxoa 1984an Luis Iturriren obra batean eskuratu zuen, hain zuzen Las Troyanas izeneko antzezlanean. Eta hortik aurrera askotan igo da eszenatoki gainera Alonso. Besteen artean, Maribel y la extraña familia (1990), El lunático eta Los Gatos (1992), Frankie y Johnny en el Clari de Lune (1997), Androcles y el león (1998), Un día cualquiera (1998), Confesiones de mujeres de 30 (2002-2003), Nunca estuviste tan adorable (2008) eta Sexos (2009). Baina diziplina ezberdinak jorratu dituen emakumea izanik, telebistan eginiko lan eskerga ere aipatu beharra dago. Hain zuzen antzerkian bere debuta 1984an izan bazen, telebistan 1989an agertu zen aurrenekoz, La bola de cristal saioan. Hortik aurrera, Primera función (1990), Bertan Zoro (1991), Objetivo indiscreto (1992-1993), Habitación 503 (1993), El peor programa de la semana (1993), Los ladrones van a la oficina (1993), Mira quién viene esta noche (1997), Siete vidas (2000-2006), Estoy por ti (2005), Pelopicopata (2006) edota La Familia Mata (2007-2009) telesaio eta programetan lan egin du, batzuetan aktore bezala eta besteetan aurkezle izan da.
Zinemari dagokionez berriz, casting bat egin eta Martes y Trece komikoen El robobo de la jojoya filmean estreinatu zen 1991n. Bi urte beranduago, Pedro Almodovarrek arreta jarri zuen bizkaitarrarengan eta Kika filmeko pertsonaia bat interpretatzeko dei egin zion. Urte berdinean, 1993an, Tretas de mujer grabatu zuen; Amor propio eta Los hombres siempre mienten 1994an; Las cosas del querer, eta Boca a boca 1995ean; Corazón loco, Pon un hombre en tu vida, Tu nombre envenena mis sueños, eta El crimen del cine Oriente 1996an; La mujer más fea del mundo 1999an, Carne de gallina 2000an, Atasco en la nacional 2007an, El reino de los chiflados 2009an.
Baina luzemetraiez gain hainbat laburretan ere esku hartu du Anabelek, hain zuzen Esposados (1996) eta Historia de un búho (2002) izenburupean grabatutakoak. Bikoizketak egindako emakumea da eta 2003an Buscando a Nemo edota La increíble pero cierta historia de Caperucita Roja (2005) filmetan ahotsa jarri du.
Lan komikoengatik ezagunagoa den arren, beti eremu berean sailkatua ez izateko bestelako pertsonaiak ere interpretatu izan ditu. Urte guzti hauetan lan handia egin du emakume honek, eta hori aintzatetsi, telebistako aktore onenaren atalean Zilarrezko Fotogramas sarietan lehenengo saria eskuratu zuen 1993an Los ladrones van a la oficina telesailean eginiko lanagatik. Errepikatu egin zuen sarirako izendapena 2001ean 7 vidas telesailean bere karrerako pertsonaia ezagunaren paperagatik, baina orduan ez zuen etxera eramatea lortu. Sariketa honetan antzerkigintzako aktore onenaren saria eman zioten bai 2002an (Confesiones de mujeres de 30) eta 2008an Nunca estuviste tan adorable obrengatik.
Baina ez da hor amaitzen bere sarien zerrenda luzea, ezen, 1993an Kika filmean eginiko lanagatik aktore errebelazio saileko Primera Línea saria eman zioten; 1998an El Mundo Sarietan euskal zinemako aktore onenaren atalean berak irabazi zuen El crimen del cine Oriente; 2003an Siete Vidas telesaileko pertsonaiarengatik LesCaiCineMad '03 Festibalean aktore onenaren saria eskuratu zuen.
Bere ametsak egia bihurtu dituen emakumeak ez du kasualitatez lortu eskuratutakoa. Ekinaren ekinaz estatu mailan antzezle preziatu eta maitatuenetarikoa da santurtziarra.