500 Zenbakia 2009-09-18 / 2009-09-25

Gaiak

Balio etikoen bidea

SETIÉN ALBERRO, José María

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



José María Setién Alberro Teologoa eta jurista

Balio etikoen ezagutza eta ikerketa esparrua interesatzen zait. Baita balio etikoak jarreren munduan nola aplikatzen diren ere, Etikak, berezko duen izaerarengatik, praxiari lotuta egon behar duelako.

Bizi garen munduari buruz askok diote hutsune etiko sakona duela, eta ondorioz, gizatasun krisi larria. Ildo horretan, egungo krisi ekonomikoa ere, bere sustrai sakonenetan, balio etikoen hutsunearen ondorio dela diote askok. Baina krisia beste hainbat arlotan ere islatzen da. Bizikidetza sozio-politiko osoari eragiten dio, gizakien funtsa galdu eta gizakien bizitza “azaleko” eta baliorik gabeko bihurtzeraino.

2020ari begira, gizakiak gogoeta egin beharko luke, bere buruarekin eta gainerakoekin zeukan menpekotasun edo erantzukizun etikotik ihes egitea ahalbidetu zion “nerabezaroko” askatasunetik datorkion ahulezia gainditzeko beharraz. Nork bere baitan eta elkartasunean deskubritu behar ditu banakako edo taldeko egoismoak sortutako hutsune existentzialetik askatzeko balio etikoak. Norbanakoaren askatasuna gauzatu beharreko betebehar gisa hartuta, pertsona askeak askatasunean onartu behar du gainerakoen balioa, norberaren balio pertsonalari sendotasuna emateko.

Gizakien balioa besterenezina dela kontuan hartuta, zientzialarien urrats orotan gogoeta etikoa behar da, garapenak giza balioa izan dezan. Teknikaren eta ikerketaren eraginkortasunak lorutako “arrakasta” ororen gainetik. Balio etikoenganako leialtasunak gizakiaren “osotasuna” banaka gauzatzea ahalbidetu behar du, “partikularraren” eraginkortasunak eta erabilerak gidatutako “espezialitateen” indar sakabanatzaileen ordez. Era horretako proposamenen aurrean, Unibertsitateak, egiazko universitas studiorum gisa hartuta, antzinako oroitzapen idealistek baino pista errealistagoak eman ditzake garapena gizatiartzeko.