500 Zenbakia 2009-09-18 / 2009-09-25

Gaiak

Euskal diaspora: berehalako etorkizuna

DOUGLASS, William

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



William Douglass Antropologoa

Datozen urteetan, aldaketa esanguratsua aurreikusten dut munduan diren euskal diaspora ugariei buruzko ikerketetan. Iruditzen zait ikerketa historiko oraindik landuagoak egingo direla diaspora “zaharren” (Latinoamerikako herri askotako, Estatu Batuetako, Filipinetako eta Australiako diasporak) inguruan, euskal diasporaz oro har egiten ari diren gero eta ikerketa gehiagorengatik. Orain urte gutxi, bakarrik ikertzaile bakan batzuek zuten interesa gaian; egun, aldiz, dozenaka edo ehunka ari dira horretan, eta haietako bakoitza gure ezagutza handitzen ari da. Hazkunde hori ikusirik, aurreikusten dut, halaber, lana auzi teoriko gero eta sofistikatuagoetan zentratuko dela, gaur egungo aro honetan, nortasunari (bai pertsonena, bai taldeena) buruzko ikerketen gizarte-zientzien barruan.

Pentsatzen dut, era berean, beste interes-arlo batzuk sortuko direla, eta euskal diasporaren esperientziaren bilakaera islatuko dute. Duela gutxi, Espainia Europako Batasunean sartu zen. Aldi berean, izugarri urritu ziren EBko herritarrek espazio horretan bizilekua eta lana aukeratzeko zituzten oztopoak eta mugak. Horri esker, hainbat euskal diaspora jaio dira Londres, Milan eta Kopenhage bezalako lekuetan. Beraz, aldaketa handiak gertatu dira euskal etorkinak hartu ohi zituzten tokien irisgarritasunean eta erakargarritasunean. Horrek esan nahi du “Mundu Zaharra” deritzanean, europar kontinentean, ikus eta azter dezakegula diaspora berrien eraketa. “Mundu Berrietan”, aldiz, ikusten dugu lehen diasporak zahartzen edo irauten (edo ez) ari direla. Jakina, ez da ahaztu behar ziberespazioaren geografia birtual berria ere. Euskal nortasuna sortzeko ia hesi guztiak gainditzen ditu, eta, aldi berean, haren adierazpena eta kontsumoa banakatzen. Ez da zentzugabekeria amestea etorkizuneko mundu bat, non euskal diaspora ugarik eta Euskal Herriak berak euskal errealitate birtual zabalago bat sortuko duten, eta errealitate horretan ez da mugarik izango. Baina hori, jakina, gerta daitekeen gauza ugarietako bat baizik ez da. Horixe eduki gogoan, zaindu eta aztertu beharko dute euskal ikertzaileek.