500 Zenbakia 2009-09-18 / 2009-09-25

Gaiak

90 urte, Euskal Udal Batzarretik

CASTELLS ARTECHE, José Manuel

MANTEROLA, Luis



90 urte betetzen dira Eusko Ikaskuntzak antolaturiko Udal Batzar handi hura Donostian egin zela. Tokiko arazo jadanik larriari buruzko bilera gogoangarria gertatu zen, gogoeta teoriko-praktikoa izan zen aldetik etorkizuneko ondorioengatik baino areago, benetan mugatuak azken horiek. Eusko Ikaskuntzak berehala argitaratu zuen lanen bildumak –badago IVAP, Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak 1995ean argitaraturiko faksimile bat– Batzarrean egindako lanen balioa agerrarazten du, baita ezin argiago utzi ere garai haietan jotzen zuten norabide aldakorreko haizeen nondik norakoa.

1919an, Elkartea bera eratu eta urtebetera, EIren jatorrizko eta lehentasunezko kezka izanik, batzar hura gauzatu zen, jadanik gainbehera hasia zuen euskal udal autonomiaren defentsan, XIX. mendetik beretik argi eta garbi ondoriozta daitekeen euskal bestelakotasunaren defentsan, Euskal Herriko erakunde guztien “Batasun Sakratua” oinarri harturik eta esparru horretan jadanik indarrez begiztatzen ziren kanpoko mehatxuei gaina hartzen saiatuz. Guztiarekin ere, lau euskal Aldundiek egindako dei erretorikoen eta fede onekoen gainetik, zera hautematen zen –atzo gaur bezala–: “Udalerriak hartu beharreko lekuaren definizioa da Euskadiko Autonomia Erkidegoan azken urteetan garaturiko erakunde ereduak konpondu gabe duen arazo handia” (Josu Erkoreka). Batzarra egin zen egunean jadanik definizio hori ezin eztabaiduzko eskakizuna zen. Baina beste datu bat premiazkoagoa eta are mehatxagarriagoa zegoen: zapalgailu zentralistak, mendeko bi diktadura militarrak direla medio geroago areagotuko zenak, ezabatu egin behar zuen tokiko euskal bereizkuntzaren edonolako esperantza, berehala egiaztatu zenez funtzionarioen kidego nazionalak ezartzerakoan (1924), modu horretara herrialde aukerak ixten zirela.

“Aldaketa” garai berri bat aurreikusten zenez, eta Batzarra horren jakitun zen erabat, “Batzarreko” antolatzaile, hizlari eta txostengileek garai hura euskal interesen eta haien bilbe instituzionalaren aldekoa gertatzea nahi zuten –hartarako Foru Aldundien laguntza zutelarik–. Dagoeneko esandakoaren arabera, helburua ez zen lortu inola ere.

Hala eta guztiz, ondorengoentzat beharrezkoa gertatu zen “Batzarrak” Euskal Herriko alor guztietan pizturiko interesa eta ilusioa azpimarratzea (egungo ikuspegitik ikusia). 600 izan ziren izena eman zutenak, horien artean 97 Udal zeuden, Foru Aldundietako ordezkari askorekin, Nafarroakoa bereziki nabarmentzen zela, kopuruan eta kalitatean. “Batzarra”, adore bereziz aurre egindako arazoei konponbide posibilista batzuetan konprometitu zen, Julian Elorza garai hartan Eusko Ikaskuntzako eta Gizpuzkoako Aldundiko Lehendakariak adierazitako ildoari jarraiki, hau da, udal autonomia errespetatzea eta “euskaldunen arteko abertzaletasuna”.

Sentiberatasuna agerikoa zen batzarkideengan, proposamenek freskotasuna eta xalotasun partekatua zutela, zeren uste bide zuten osaturiko fronteak, Aldundiak horren abangoardian, helmuga egokira eramango zituela beren lanen gogoetak eta ondorioak, Herrialde osoaren ikuspegi bateratuaren bidez aldarrikatuak beti ere. Kanpoko elementuen eraginez atzo lortu ez zena, gaur egun, hain desberdina ez den egoera batean, ez da erdietsi gainerako beste arduradun batzuen eraginez.

“Batzarraren” zorroztasuna eta sakontasuna edozein iruzkin deskalifikatzailetatik salbu daude. Ondo gogoan izan zituzten arazo karga handieneko alderdi materialak: tokiko administrazioko funtzionarioak; oinarrizko hezkuntza, udalen mendetako karga zena; osasun publikoa, eta batez ere, udal ogasuna. Batzarkideak, berehalako etorkizunari begira, kontu erabakigarri horien zentralizazio arriskuaren jakitun baziren ere, udal barrutia eta euskal erakunde egituraren –udal erakundeak ere horren osagaietarikoak izaki– udal barrutia eta eskubide historikoak errespetatuak gertatzea bilatu zuten buru-belarri, eta hori leialki islaturik geratu zen “Batzarraren” ondorioetan.

Era berean, nabarmentzekoa da hizlarien eta txostengileen maila –ez nahitaez akademikoa–, guztiz kolore politiko desberdinekoak zirenak; gaur egun ere haien azalpenek bikaintasun eta zorroztasun harrigarria erakusten dute. Maila handiko hizlariak, hala nola Arturo Campion (“El Municipio Vasco en la Historia”), Tomas Elorrieta Salamancako katedraduna, Ramiro de Maeztu idazlea edo Francisco Gascue ingeniaria; txostengile ospetsuak, hala nola Jesus Maria Leizaola gaztea, Luis de Oroz, Leoncio Urabayen, Ricardo Bastida arkitektoa –gaur egun hain baloratua–, Raimundo Beraza...

“Porrot” erlatiboa ondoriozta daiteke, baldin eta kontuan hartzen badugu agerturiko eskakizunen parte handi bat, bereziki “Batzarraren” ondorioetan bildurikoak, hein handi batean guztiz bizirik daudela gaur egun oraindik; lehen buruan, euskal udalerriak erakundeetan duen tokia, ogasun esparruan egindako jauzia gorabehera, zeina funtsean kontzertu ekonomikoari zor zaion. “Errauskine” hori, hala deitu baitiote Tokiko Administrazioari eta bereziki udalekoari, ez da itzuri esterotipoari, eta hala eta guztiz, euskal udalerriaz ari garelarik, zalantzarik gabe, “Batzar” horren aurreko eta geroko aldiaz hitz egin daiteke. Gregorio Monrealen hitz egokiak bilduz (IVAPen faksimilearen aurkezpenean), “Batzarrak forutasun tradizional agurgarriari zegozkion tokiko eta probintziako mugekin hausten zuen lehen aldiz eta foru hondakinetan kokatzera etsi izana salatzen zuen inplizituki”.

Gertaera gogoangarri hura, hasieran oharrarazten genuenez, merezi bezala gogoratu beharrekoa da, erreibindikazio erreformista haiek beren neurrian, parte hartzaileek nahi bezala, gauzatu ahal izan ez baziren ere.