497 Zenbakia 2009-07-31 / 2009-09-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Felix Iñurrategi

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Hamabi zortzimilako igotzen aurrenetariko euskal mendizalea izan zen Felix Iñurrategi. Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaio zen 1967ko apirilaren 1ean eta anaiarekin batera tandem ideala osatzen zuen.

Goi mailako ikasketak burutzeko, Atarrabia aldera abiatu zen eta Nekazal Peritu ikasketetan eman zuen izena, baita amaitu ere. Hala ere, Felixek beste pertsona askok ez bezala, ia bizitza osoa bere zaletasun handienari eskaini zion. Modu horretan, gazte gaztetatik herriko Murrukixo Mendizale Elkarteko kidea izan zen Alberto –anaia gaztea– alboan zuela. Hasiera hasieran afizio hutsa zen eta inguruko mendietan asetzen zuen mendi–gogoa Felixek. Hala, 1984 urte inguruan Araotz, Atxarte eta Udalaitz zein beste dozenaka muino konkistatu zituen, bai eskalatuz, baita ohiko bideetatik joanez ere. Felix (ezkerrean) Alberto anaiarekin, Gure Himalaya liburuaren aurkezpenean, 1998an.

Baina Euskal Herriko mugak gainditzea denbora kontua izan zen soilik eta 1987.urtean Mont–Blanc entzutetsua igotzera animatu zen, beti ere Albertorekin batera; AEBraino bidaiatu zuten berriz, 1989an eta Yosemite Parke Nazionaleko Capit?n mendiaren pareta bertikalak eskalatu zituzten. Beraien erronkek denborarekin dimentsio berriak hartzen zituzten eta hala, 1990.urtetik aurrera, Himalaya izan zuten eskuarki xede nagusi, ezen asmoa, zortzimilakoak igotzeko entrenamendu gogorrekin hastea izan zen.

Fisikoki eta psikologikoki prestatuta, bi gazte haiek maletak egin, bidaiatzeko guztia prestatu eta ametsa egi bihurtzera abiatu ziren, inongo duda–muda izpirik agertu gabe. Aurreneko tontorra 1991an lortu zuten, Makalun (8.465m) hain zuzen. Segidan eta erritmo ikaragarria mantenduz etorri ziren Everest (8.848m) 1992an; K2 (8.611m) 1994an; Cho Oyu (8.201m) eta Lhotse (8.516m) 1995ean; 1996an Kanchenjunga (8.586m) eta Shisha Pangma (8.046); Broad Peak (8.047m) 1997an; Dhaulagiri (8.167m) 1998an; Nanga Parbat (8.125m) 1999an; eta Manaslu (8.163m) eta Gasherbrum II (8.035m) 2000.urtean.

Hamabigarrena lortu berritan, Gasherbrum II.etik jaisten ari zen Felix Albertorekin batera eta halako batean mendiak anaietan zaharrena eramatea erabaki zuen; 2000ko uztailaren 28a zen eta ezin izan zuten haren gorpua aurkitu. Hala itzali zen 33 urteko gaztearen bizia, baina haren oroitzapenak bizirik jarraitzen du aitzitik.

Aurretik, baina Gure Himalaya liburua aurkeztu zuten Iñurrategi anaiek 1998an eta bertan jasotzen dira Felixi –eta bide batez Albertori– horren erakargarri suertatu zitzaien lurraldearen gaineko hainbat eta hainbat argazki.

Bestalde, 1999.urtean bi aretxabaletar hauek mendizale kolonbiar bat erreskatatu zuten Nanga Parbat igortzen ari zirela, eta jokabide harengatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik sari bat eskuratu zuten. Albertok, anaia hil zenean, esker–sari hura zertan erabili jakin zuen eta 2001ean jendaurrean aurkeztu zen Felix Baltistan Fundazioa sortzeko baliatu zuen; Pakistanen dagoen mendi–eskola da, eta horren bitartez, besteak beste, herritarrei garatzen laguntzeko baliabide eta azpiegiturak eskaintzen zaizkie, hala nola, mendi–gidari, alpinismo zein eskalada teknikak irakatsiz.

Bere zaletasunak eta lortutako helburuek ondorengo gazte askorengan eragin dutela zalantzarik ez dago. Zortzimilakoek zainduta dago Felixen arima betirako Himalayan.