
Artisautza
Eskuz larrugintza. Larrukiak: Sarrera
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Larrukigintzan, uhalgintzan eta larruz egindako gainerako lanetan diharduten artisauen fitxetan aipatzen ari garen hainbat hitz, nire ustez, azaldu beharko genieke irakurleei, zertaz ari garen jakin dezaten. Hori dela eta, hitz horietako batzuen hiztegi txikia egingo dugu sarrera honetan:
GOFRATZEA: Larruari erliebea edo sakonera emateko lehorrean estanpatzea da. Adibidez, zati edo hondo bat apaintzeko zenbait puntu markatzen direnean, erabilitako tresnaren arabera, hondo ezberdinak lortuko ditugu, sakonera handiagokoak edo txikiagokoak. Hargintzan mutxardaz egindako lanaren parekoa izan liteke.
MATEATZEA: Gofratzearen antzekoa da baina, kasu honetan, marrazki edo figura baten atzealdeari edo inguruari itzala ematean datza.
KALATZEA: Larrua zulatu eta irekidurak egitea.
LARRUGINTZA: Larrua lantzeko artea. Gehienetan, hainbat forma eta testura ematen zaie larruari.
LARRUKIGINTZA: Larruzko gauzak egiteko langintza, adibidez, diru-zorroak, tabako-kaxak, maletak, etab.
UHALGINTZA: Zaldiak gobernatzeko erabilitako larruzko elementuak egiteko manufaktura.
PINTATZEA: Larruaren azal osoan edo zati batean koloratzailez edo pinturaz egindako apaingarriak.
BOZELTZEA. Larruari erliebea emateko mailuz eta beste tresna batzuez kolpatuta egindako lana.
TINDATZEA: Larruari kolorea ematea, pieza osoa koloratzailean murgilduta.
