
Artisautza
Eskuz larrugintza. Larrukiak: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Taninoaz edo landarez zurratutako kalitatezko txahal-larruak erabiltzen dituzte, Igualadan eta Galdakaon lortzen dituztenak. Forru eta antzekoetarako kromoaz zurratutako txerri-, ahuntz- eta ardi-larruak erabiltzen dituzte.
Larruak beraiek tindatzen dituzte, fabrikatik tindatuta ekartzen duten beltza izan ezik.
Egin behar den piezak eta pieza egiteko erabiltzen diren teknikek finkatzen dute ekoizpen-prozesua.
Oro har, honako hau izango litzateke laneko organigrama:
1º Egin beharreko elementuaren marrazkia.
2º Elementua osatzen duten piezak bereiztea.
3º Piezen patroiak kartoi mehez egitea.
4º Aurreko txantiloiak erabiliz larrua moztea.
5º Zatiak dekoratu eta tindatzea.
6º Zatiak kolatu eta jostea.
7º Ertzen akabera. Txartaketa.
8º Lakadura, argizaria ematea.
9º Burdineria eta osagarriak jartzea.
Gure artisauek tresna-sorta handia eta askotarikoa erabiltzen dute. Ia lan guztia eskuz egiten dutela esan genezake, kremailerak eta beste hainbat elementu finkatzeko josteko makina zahar bat ere erabiltzen duten arren.
Esku-tresnei dagokienez, honako hauek nabarmenduko ditugu: hainbat tamaina eta formako puska-kentzekoak, askotariko guraizeak, zabalera desberdineko ertz-hiltzaileak, erruletak, eztenak, kurrikak, mailuak, aliketak, jostorratzak eta hainbat forma edo marrazki grabatzeko puntzoi ugari.
Elementu suntsikorrei dagokienez: larruak, tinduak, argizariak, akaberak, kolak, josteko hari bilgorreztatua, argizari naturala, errematxeak eta era guztietako krisketak eta osagarriak.
