Euskonews Gaztea
Gaiak: Odile Kruzeta
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Odile Kruzeta armaginen herrian jaio zen; 1957ko azaroaren 6an etorri zen mundura, eta azken hamar urteotan Euskadi Irratiko zuzendari karguan egon da. Argazkia: EITBk utzita.
Eibarren hazi zen eta era berean, eskolara bertan joan zen. Hamalau urte besterik ez zituela, bere herriko kronikak idazten zituen Zeruko Argia aldizkarirako. Alabaina, urteekin goi mailako ikasketak egiteko ordua iritsi zitzaion eta Odilek fisika gustuko zuela–eta, Donostiako Euskal Herriko Unibertsitateko kanpusean eman zuen izena eta bertan lizentziatu zen. Ikasle garai haietan halaber, musika banda bateko abeslaria izan zen; Izukaitz zen taldearen izena eta folk estiloko kantak sortzen zituzten. Ordurako musika matematika irakasle lanarekin uztartzen zuen gipuzkoarrak.
Irrati elkarrizketa bat egin zioten taldeari eta handik gutxira dei bat jaso zuen Kruzetak. Lan eskaintza bat egin zioten, irratian musika saio bat gidatzea, hain zuzen. Odileren erantzuna ezezko borobila izan zen, haren hitzetan, bere burua gai ikusten ez zuelako. Hala ere, bigarren telefono dei bat egin zioten gipuzkoarrari eta beste saio mota batetan aritzeko aukera eman zioten orduan, albistegietan hain justu. Hasieran zalantza izpiren bat eduki zuen arren, lanbidea erakutsiko zion norbait alboan izango zuela ziurtatu zioten eta baiezkoa eman zuen.
Modu horretan bere bizitzako etapa berri bati eman zion hasiera Odilek. Euskadi Irratiko langile berriak trikimailu guztiak ikasi behar izan zituen: informatibo batetako gidoia idaztetik, irakurtzera. Irratiak Donostiako Andia kalean zeukan estudioa 1982. urtean eta bertan murgildu zen aurrenekoz Kruzeta; ostean, Larramendi kalera mugitu ziren eta azkenik, Miramonera.
Etengabe ikasten aritu da hasi zenetik eta iritsi zitzaion konpentsazioa, ezen irratsaioa egitetik, informatiboetako buru izatera pasa zen eibartarra, eta hamahiru urtez egon zen kargu hartan. Beste urrats bat haratago eman zuen bere ibilbide profesionalean eta modu horretan, Euskadi Irratiko zuzendari izendatu zuten 1999.urtean; Gaztea eta EITB Musika ere bere ardurapean egon dira.
Ogibide honetan lan zintzoa eta zorrotza egitea behar–beharrezkoa dela ikasi du urte guzti hauetan eta gizartearekiko sentsibilizazio berezia eduki behar dela dio. Are gehiago, audientzia eta kalitatearen arteko oreka bilatzeko ahalegin guztiak egin ditu; lorpenaren gaineko gogoeta, irratiko entzuleei utziz.
Euskadi Irratiko zuzendari karguan 1999tik 2009ra arte aritu ostean, Rosa Diez de Urrestarazuri pasatu dio lekukoa. Lanbide honek eman dion onena aparteko jendearekin harremanetan egoteko aukera dela aitortzen du eta hori betirako berarekin edukiko duen esperientzia ahaztezina da.